Humboldt, Karl Wilhelm von, baroia
Karl Wilhelm von Humboldt Potsdam-en jaio zen 1767an eta Tegel-en hil 1835ean. Hizkuntzalari eta politikari alemaniarra izan zen. Gramatika konparatzailearen mugak gaindituz, antropologia orokor baterako lehen urratsak eman zituen. Hizkuntza giza espirituak berez duen ahalmena dela eta hizkuntza bakoitzak mundu-ikuskera bat dakarrela zioen. Bestalde, gerora eragin handia izan duen ideia nagusi bat agertzen da Humboldtengan: hizkuntza jardueratzat hartuko du eta ez ekoizpentzat.
Politikan erantzukizun handiko karguak izan zituen; Alemaniako hezkuntza-ministro izendatu zuten eta bere ekimenez sortu zen Berlingo Unibertsitatea. Filologia, poesia eta hizkuntzalaritzan ere aski trebea zela erakutsi zuen. Hizkuntza eta dialekto asko ikasi zituen, euskara barne. Bi bidaia egin zituen Euskal Herrira (1799 eta 1801ean); berebiziko arreta piztu zion euskarak eta hizkuntza gertutik ezagutu nahi izan zuen. Mogel, Astarloa eta Elhuyar anaiak ezagutu ahal izan zituen, haien zenbait ideia bere eginez. Euskal-iberismoaren aldeko azaldu zen: euskara Iberia zaharreko hizkuntza zela eta, horrenbestez, Europako hizkuntzarik zaharrena. Humboldt izan zen euskararen berri zehatzak Europako kultur giroetan zabaltzen lehena. Giza hizkuntzen egitura desberdinaz (1836).
Iturria: Harluxet