Etxepare, Bernard
Bernard Etxepare (Bernard De´chepare) ustez, Sarrasketan (Nafarroa Beherea) jaio zen (~1493) XV. mendean eta 1545ean hil zen. Eiheralarreko erretore (1518) eta Donibane-Garaziko bikarioa izan zen. Etxepare izan zen euskaraz inprimatutako lehen liburuaren egilea: Linguae Vasconum Primitiae, 1545ean argitaratu zen Bordelen.
XIII. olerki autobiografikoan dioenez, arrazoi politikoak medio etsaiek, Gaztelako osteek, Donibane Garaziko setioan Nafarroa Beherea hartu zuten, salatu eta Biarnon espetxeratu zuten (1521 - 1530). Bere espetxealdia Joan III.a Albret eta Katalina I.a errege-erreginak eta Enrike II.aren garaian gertatu zen.
Euskal olerkigintza idatziaren aitzindari izan zen eta liburuaren hitzaurrean bertan aipatzen zuenaren arabera, Etxeparek kontzientzia nabarmena ageri zuen lehen euskal idazle izatearena eta horretaz harro dago. Liburuaren egiturari dagokionez, 31 lerroko hitzaurrea, erlijioari buruzko bi olerki, amodiozko hamar, olerki autobiografiko bat eta azken bi kantak euskararen laudorio eta gorapenak dira. Poemak hamabost silabako bertso-lerrotan eginak daude. Guztiz hizkera herritarra da Etxeparerena, sortaldeko behe-nafarrera hain zuzen ere. Haren lana ez zen oso ezaguna izan, ale gutxi argitaratu baitziren. Lehen obra haren lehenengo ediziotik ale bakar bat ezagutzen da gaur egun arte iraun duena, berau, Parisen dago.
Garaziko herria,
benedika dadila.
Heuskarari eman dio
behar duien thornuia.
Loturak: >Stempf, Victor;
Iturria: Elhuyar