Etxegarai Korta anaiak
Etxegarai Korta, Karmelo: Azpeitian jaio zen 1865ean eta Gernikan hil 1925ean. Euskal idazle eta historialaria. Gazterik ikasteari utzi eta Gipuzkoako Diputazioan artxibo-lanetan hasi zen (1882 - 1885); bere kontura, lanorduz kanpo, historiako paperak aztertzearekin batera bere lehen olerkiak euskaraz idazten hasi zen. Laster nabarmendu zen ikerketa-alorrean eta, Euskal Herriko historia idatz zezan, artxibo eta liburutegietako ikertzaile ofizial izendatu zuten (1892).
Pixkanaka erantzukizun handiagoko lanetara bidali zuten: Biblioteka Nazionalean, Histori Akademian eta El Escorialen gordetzen diren dokumentuak aztertzen aritu zen. Ikerketa historikoak egin zitzan Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako kronikari ofizial izendatu zuten. Historiaren ikerketaz gain euskararen gorabeherez ere arduratu zen. Gaztelaniaz nahiz euskaraz, asko idatzi zuen: artikuluak, zortzikoak, sonetoak, hitzaldiak, saiakerak eta itzulpen-lanak (Rubio y Ors poeta katalanaren Eguzkiaren sarrera; Selgos-en Artisteak eta malkoak, Meléndez-en Aberastasunak eta Frai Luis Leongoaren Ziegatik irtetean). Euskaltzain osoa (1923-25) eta Espainiako Historiako Erret Akademiko kidea izan zen.
Etxegarai Korta, Bonifazio: Zumaian jaio zen 1878an eta Durangon hil zen 1956an. Karmeloren anaia, jurista eta euskal idazlea. Gernikako epailea, Sevillako Entzutegiko idazkaria (1904) eta Madrilgo Justizia Epaitegi Goreneko idazkariordea izan zen (1910). Euskadiko Epaitegi Goreneko lehendakari egin zuten (1937). Euskara, etnologia eta historia sakonki ikertu zituen eta historialari garrantzitsua izan zen (Moción sobre derecho vasco; Historia del País Vasco; Lucha de idiomas en Euskadi y en Europa; Apéndice al código civil). Olerkia ere idatzi zuen (Bi txoriyak) eta hizlari trebea izan zen. Euskaltzain osoa izan zen (1925-56).
Iturria: Harluxet