Errioxa
Errioxan, Paleolitiko Aroko aztarnak gune hauetan aurkitu dira: Peņa Miel behekoa, Badaran eta Cebolleran, Kamerosko Tordecillan. Horiez gain, Peņa Guerra-n trikuharriak eta, Agoncillon eta Herremellurin harrespilak. Bestalde, Nestaresko San Bartolomen Brontze-Aro erdialde eta azken aldiko lurperatzeak daude. Kristo aurreko 900-800 urte artean Europa erdialdetik emigratu zuten zeltak sartu ziren. Erromatar berriemaileen arabera Errioxa euskaldunen lurraldea zen, beroien tribuak populatua eta euskara zen haien hizkuntza. Erromako Inperio garaian erromatarrak ere bertan izan zirela adierazten dute Graccurris (Alfaro), Vareia (Varea, Logroņo ondoan) eta Tricio izenak.
Errioxa aldean euskal toponimo ugari dago, baita ere Erdi-Aroan latinez idatzitako testuetan euskarazko aipamen asko. Errioxa Garaiko gune handi batean, Ojakastro harana barne, autrigoiak bizi ziren, Bizkaia aldetik etorri ziren eta euskaraz hitz egiten zuten. Euskaraz egiten zuten ere beroiek eta baskoiek; batetik eta bestetik, beraz, Errioxa osoan euskara zen guztian zabaldutako hizkuntza. Ojakastro bailaran ez zuten erromatarren edo arabiarren inbasiorik ikusi, hortaz XII. mendea arte bederen, euskaraz hitz egiten zuten inguru horietan.
912. urtearen aurretik banukasitarren esku zegoen Errioxaren eki-hegoaldea eta Demanda mendikatea, Naiara eta Terrero zituzten iparraldeko muga. 912an Antso I.a Gartzes-ek banukasitarren aurka borrokatu zuen eta Logroņo, Alkanadre, Ausejo, Kalagorri, Alfaro eta inguruko beste herri batzuk ere hartu zituen. Hurrengo urtean, ordea, Abd Alah-ek Kalagorri irabazi zion. Aldi berean asturiarrak ere konkistan sartu ziren, Leongo Garcia I.a Arnedon zauritu eta Zamoran hil zen. 918an eta 919an Antso I.a Gartzes banukasitarren kontra sartu zen Errioxa osoa hartu nahian. Naiara irabazi zuen eta Tuterarako bidean Arnedo eta Kalagorri hartu zituen. 920an Abd ar-Rahaman-ek Kalagorri irabazi zuen, baina, Antso I.ak berreskuratu egin zuen 923an; horretarako, Antsok Ordoņo II.aren laguntza eskatu behar izan zuen. Garaipena ospatzeko Antso I.ak Albeldako monasterioa eraiki zuen. Horrela batu egiten da Errioxa Iruņeko erresuman, hasieran izan zuen baino lurralde antolaketa zabalago batean. Garai hartan jarri zen Euskal Herriko erresuma izango zenaren oinarria.
Lehenago ere Leovijildok Kantabriako dukerri bat izendatu zuen Naiara eta Tutera bitarteko lurretan. Euskaldunen erregeak musulmanei lurrak hartu bezain laster "kantabriako errege" izena ere hartu zuen; geroago, "Errioxako" eta "Naiarakoa" hartuko zuten bezalaxe. Kantabriako erregetza Nafarroakoaren barruan sartu zuen Antso I.ak, bere seme Gartzia I.a Santxez horretarako izendatuz. Geroago Nafarroako erregeak Naiarakoa izena hartuko du eta erret-etxea bertara pasako dute. Banukasitarrak eta Nafarroako erregeen artean etengabe izan ziren liskarrak, baina tarteko bake-garai luzeetan, asko izan ziren bertan integratu eta geratutako arabiarrak. Antso III.a Gartzes Nagusiaren garaian,1016ko Adiskidetasun Itunean, Gaztelako Antso Gartzia kondearekin adostu eta zehaztu ziren Gaztela eta Nafarroako mugak eta 1024an, Fortuņo Osoiz kantabriako kondearen izenez azaltzen da. 1124an, berriz, Fortun Aznar aipatzen da.
Gartzia III.a Naiarakoak Santa Maria Erret-eliza eraikitzea agindu zuen eta ondasun ugari eman zizkion Naiarako monasterioari; besteak beste, Kalagorri, Sojuela, Sta Maria de Prido, Berrueza, Sonsierra, Naiara, Soto Malo, San Pelaio eta San Migelen zituen ondareak. Gartzia III.ak Naiarara ekarri zuen erret-gortea. Gartzia III.a eta Gaztelako Fernando I.a anaiaren arteko gerra piztu zen. Gartzia III.a Atapuecan hil zuten (1054) eta bertan Antso IV. Gartzes izendatu zuten. Erregeen arteko borroka latzak sortu ziren garai artan eta 1074an Alfontso VI.ak Errioxa inbaditu zuen.
Peņalen-en, Antso IV.a Gartzes euskaldunen erregea hil zutenean (1076) eta jende artean sortutako nora eza aprobetxatuz, Gaztelako ejertzitoa sartu zen Errioxan. Antso IV. erregeak ez zuen oinordekorik utzi eta Ramiro anaia, Kalagorriko jauna, jendea bereganatzen saiatu zen, baina berandu zen jada. Gaztelako Alfontso VI.aren ejertzitoa Bureba eta Errioxan sartua zen jada, laguntzera zetorrelako aitzakian; bien bitartean, Gaztelako erregearen aldeko ziren Bizkaiko Lope Iņigez eta Naiarako jaunek, Oka mendien zaindariak eta Bilibiokoak trebezi handiz aldarrikatu zuten Alfontso gaztelarra Peņalengo erregearen asasinatzea mendekatzera zetorrela. Horrek engainatu zuen Nafarroako erret-familia eta Naiarako ateak ireki egin zizkioten gaztelarrei. Gaztelako erregea Errioxan sartzen zen bitartean, ekialdetik, Aragoikoa sartu zen, beretzat lurrak eskatuz; Iruņean sartu eta iruņarren errege izendarazi zuen. Errioxa Gaztelako erregearen esku erori zen, Nafarroako dinastian 160 urte pasa ondoren
Alfontso I.a Borrokalaria Gaztelako erregina Urrakakin, ezkontzean batu ziren berriro bi erreinuak, baina ezkontza hori zapuztu eta Urrakaren alde jarri ziren Haro leinuko jauna Diego Lopez I.a, Bizkaiko III.a eta Naiarako jauna. Nafarroako erregea izan zen garaile 1112an, eta Errioxa berriro izango da Nafarroako erregetzaren parte. Urraka 1126an hil zen eta hurrengo urtean, 1127an, Alfontso I.a Borrokalariak eta Gaztelako errege berriak, Alfontso VII. Raimundez-ek, sinatu zuten Támarako Bake-Hitzarmena; hortaz, Antso III. Nagusiak bere testamentuan utzitako moduan geratu ziren erret-mugak.Baina 1136an, Alfontso VII.ak Errioxa eraso zuen berriro eta preso hartu zuen Ladron Iņigez Gebarakoa, Nafarroako erregearen konfiantzako jauna. Gaztelarrak Lizarraraino iritsi ziren Bizkaiko eta Naiarako jaun Diego Lopez I.aren laguntzari esker. Ladron Gebarakoak Viguera-ko tenentea zen eta 1137an bakea sinatu zuten. Gebarako Ladronek Iruņera itzuli eta berreskuratu zituen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Aibar eta Legrin-go jaurerriak. Baina, euskaldunen erresumak Errioxa eta Bureba galdu zituen.
Laster aldatuko da egoera: Gaztelako Antso III.a hil (1158) eta artean adin txikikoa zen Alfontso VIII.a jarauntsi zuen erresuma. Aragoin ere antzeko egoera gertatu zen, Ramiro II.a zen errege berria eta Nafarroako Antso VI Jakitunak, Bureba eta Errioxa berreskuratzeko prestatu zen. 1162an hasi zen Errioxako lurrak berreskuratzen; lehenengo Logroņo hartu zuen eta Arazuriko Pedro, Tuterako jauna, jarri zuen gobernadore. Geroago hartuko zituen Naiara, Lope Diaz I.aren esku zegoena, eta Kalagorri (Gonzalez kondearen esku). Borrokak 1163arte iraun zuten eta Ebroren bestaldeak berreskuratu ziren: Ausejo, Resa, Autol, Quel eta Ocón. Ekialdean ere Araba, Enkarterriak eta Bizkaia berreskuratu ziren, Bela jaunaren eskutik.
1173an Nafarroa eta Aragoi gerran ari ziren, eta hori aprobetxatuz, berriz, Alfontso VIII.a Gaztelakoak Errioxari eraso zion: Graņon hartu zuen, Ozkabarte (Santo Domingo de la Calzada) ondoan. Handik Artaxona eta Iruņera sartu zen. 1175ean. Gaztelako erregearen alaba Sancha Aragoiko Alfontso II.a erregearekin ezkondu zen, Gaztela eta Aragoiko indarrak Nafarroakoaren kontra batuz horrela. Gaztelarrak Iruņerantz abiatu ziren eta Leguin, Urrozetik gertu, setiatu zuten, baina erretiratu behar izan zuten. 1176an Kalagorritik Ebro zeharkatu eta berriro Leguinera iritsi ziren, okupatu egin zuten baina laster utzi, erretiratu eta Naiarara itzuli ziren. Errioxa ia osoa Gaztelako erregearen menpe zegoen.
Urteetako gerrei amaiera emateko Naiara eta Logroņo artean bildu ziren Nafarroako errege Antso VI Jakituna eta Gaztelako erregea Alfontso VIII.a. Bi parteek Ingalaterrako erregearen arbitraia onartu zuten eta jada ez zuen balio izan gaztelarrentzat ez Antso III.a Nagusiaren testamentua, ez Támarako Bake Hitzarmena, ezta lege-eskubideak ere. Enrike II.a Plantagenet erregearen laudoa (1177) ez zen inpartziala izan; Ingalaterrako erregea Gaztelako erregearen aitaginarreba baitzen. Erabakiak ez zuen inor konforme utzi, zeren Alfontso VIII.aren garaian gauzak zeuden bezala uztea agindu zuen, ikusi gabe zer zen konkista bidez hartua eta antzinatik zegokiona berreskuratua. Nafarroako erregetza Ebro ibaiaren mugetara mugiarazi zuten eta Errioxa, garai hartan oraindik euskalduna, eta Nafarroako erregetzaren zati garrantzitsua galdu zen.
Halere, Alfontso VIII.ak 1177ko laudoa hautsi eta 1199an Araba eta Gipuzkoan sartu zen; baina, 1204ko abenduaren 4an heriotza gertu ikusita, testamentua egin zuen; bertan Nafarroari hartutako lurrak Nafarroako erregeari itzultzea agintzen zuen eta Diego Lopez Bizkaiko jaunari bereak. Alfontso VIII.a osatu zen, baina testamentua ez zen konplitu inoiz.
1883ko "Nafarroaren Etorkizuneko Konstituzioa", aurreproiektuan, aipatu zen aukera: Nafarroa, bere oraingo lurretan, erregio bihurtu eta bere barnean har dezan Errioxa, Baskongadak eta Seigarren Merindadea, lehen ere Nafarroa izandakoak. 1931an, Espainian Errepublika jarri aurretik aldarrikatu zen Eusko-nafar-errioxarrak osatutako Mankomunitate bat; eta Espainian Bigarren Errepublika jarri zenean, presaz, Eusko Ikaskuntzako bilera batean (1931ko maiatzaren 10ean) Errioxako agintariak gonbidatu ziren. Egun batzuk lehenago Errioxako Merkataritza Ganbarak eskaera-idatzi bat igorri zien euskal agintariei. Errioxako zenbait udalek bat egin zuten Eusko Ikaskuntzak idatzitako aurreproiektuarekin, baina ekimen horrek porrot egiterakoan eta parekotasun ezaugarri galdutakoan ez zen berriro aipatu halakorik.
1978ko Konstituzioa onartu zen Espainian eta 1982ko ekainaren 19an, Errioxa, probintzi bakarreko Komunitate Autonomoa bihurtu zen.
+(gazt: Auņamendi Entziklopedia