Praile Haitz 1

Debako lurretan dagoen kobazuloa. Euskal Herrian azken urteotan eginiko aurkikuntza garrantzitsuenak ez ezik, Europan izandako esanguratsuenetako bat ere badira. Goi Paleolitiko garaiko aztarnategi garrantzitsuenetakoa da. Mikel Sasieta eta Joan Arruabarrena Azkoitiko Munibe taldeko kideek aurkitu zuten 1983an.

Ondoko harrobiaren ustiaketak kobazuloaren beste sarrera bat utzi du agerian. Barruan, gizakiak margotutako irudiak daude.

Madeleine aldiko aztarnak aurkitu dituzte. Cro-Magnon gizakiak landutako harri beltz leuneko lepoko ikusgarri, ahuntz hortzez eginiko lepoko eta 12 zm. duen zintzilikaria ere, eskuz landu eta grabatuak gehienak, lokarria sartzeko zuloa dutela gainera. 

Praile Haitzen ohiko aztarnak, karrakagailuak, zizelak eta abere hezurrak apenas azaldu dira, eta horrek erakusten du ez zela giza taldeen ohiko bizitokia. Artelanak dira, ez lanabesak; horregatik pentsa dezakegu gune honetan jarduera bereziak egiten zirela, erritoak edo, eta gaitasun bereziak zituen pertsonei lotuak zirela.

Praileaitz aztarnategia babesteko eskatu dute kultur munduko hainbat ordezkarik

 

Kobazulo ondoko harrobian harri-erauzte lan handiak egiten ari dira, eta aztarnategia "bene-benetako arriskuan dago”. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari “aztarnategia babesteko" eskatu diete kulturaren munduko 250 lagunek baino gehiagok (2007-02-13).

Debako Praileaitz kobazuloan aurkikuntza ugari egin dituzte azken urteotan, besteak beste, erritu-funtzioa omen duten sutondoak, okrezko lapitzak eta dekoratutako uharri beltzez osatutako hainbat lepoko. Honek Praileaizkoa Europa osoan lehen mailako aztarnategi bihurtu du.

Bien bitartean, ordea, kobazulo ondoko harrobian harri-erauzte lan handiak egiten ari dira, baita leherketak ere. Gauzak horrela, aztarnategia bene-benetako arriskuan dagoela salatu dute kultur munduko hainbat ordezkarik. "Ez dugu uste egoera honetan Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza behar bezala jokatzen ari direnik, eta egoera konpontzeko eskatzen dugu". Horrelaxe dio Praileaitzen Lagunak Elkarteak zabaldu duen agiriak.

Kulturaren munduko 250 lagunetik gora daude Praileaitzen Lagunak Elkarteak zabaldu duen agiriaren sinatzaileen artean. Besteak beste: Jose Anton Artze, Anjel Lertxundi, Jose Anjel Irigarai, Julia Otxoa eta Toti Martinez de Lezea (idazleak); Nestor Basterretxea, Ricardo Ugarte, Jose Antonio Sistiaga, Jesus Mari Lazkano, Xabier Morras, Jose Luis Zumeta (artista plastikoak); Xabi Otero eta Gema Arrugaeta (argazkilariak); Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Kepa Junkera (musikariak); Jon Maia eta Xabier Amuriza (bertsolariak).

Berria, 2007-02-14