Irikaitz aztarnategia
Irikaitz aztarnategia Kantaurialdeko zaharrenetakoa eta garrantzitsuenetakoa da. Zestoako lurretan dagoen aire libreko aztarnategia da. Behe Paleolito azken aldian, orain dela 150.000 urte, harrizko lanabesak egiteko lantegia izan zen, eta ziur da aurkitutako erremintak Irikaitzen bertan landu zituztela Heidelberg eta Cro-Magnon gizakiek.
Azpeitiko Antxieta Jakintza taldeko hainbat kidek aurkitu zuten aztarnategi arkeologikoa 1996an, herria eta bainuetxearen artean, Urola ibaiaren ezkerreko aldean. 1998an hasi ziren indusketa lanak, Alvaro Arrizabalaga arkeologo eta EHUko irakaslearen eskutik. Behe Paleolitoan eta Goi Paleolitoan (25.000 urte) gizakiak bertan egon zirela erakusten dute ikerketa horiek. Lehen garaiari dagokionez, homo heilderbergensisek (Heidelberg) egindako lanabes primitiboak aurkitu dituzte, kolpeak emanda harri zatiak lortzeko gailuak eta larrua kentzeko harri puska zapalak eta arraspak, besteak beste. Gorpuzkera sendoa zuen gizakia, Neanderthalen aurrekoa, nomada zen, eta Irikaitzera giro epela zegoenean joaten zen, bertan lanabesak egiteko beste inon aurkitzen ez zuen lehengaia zegoelako: harri bolkanikoa, hain zuzen.
Lanabes horiez gain, erretako urren aztarnak aurkitu dituzte, Behe Paleolitoan jandako fruituen hondarrak, hain zuzen, eta basoan bildutako jakiak jaten zituztela erakusten duten zantzu zaharrenak dira horiek Europa osoan. Dena den, arkeologoek ez dituzte topatu ez gizakien ez animalien arrastorik, Irikaitzen egon zitezkeen hezur guztiak desegin egin baitira lurrak berak dituen ezaugarriengatik. Gainera, gizakiak ez ziren bertan sekula bizi, hara lan egitera besterik ez baitziren joaten.