Hiru Erregeen Mugarria edo Mahaia
1195ean Nafarroa eta Leongo erregeak musulmanekin aliatu egin ziren Gaztelako erasoei eta zabaltze feudalari aurre egiteko. Erromako Celestino III. aita santuak, gaztelarren aldeko sutsua bera, hori jakitean ez zuen etsi eta eginahal guztiak egin zituen Nafarroa, Aragoi eta Gaztela elkarrekin aritzeko musulmanen kontra. Horretarako, 1196ko otsail-martxoa aldean, Alfontso VIII.a Gaztelakoa, Alfontso II.a Aragoikoa eta Antso VII.a Azkarra Nafarroakoa une horretan hiru erresumen muga zen Fitero inguruan bildu ziren. Errege bakoitza bere erresumako lurretan eserita mahai baten inguruan jan eta hitz egin zuten. Nafarroakoak gaztelarrari Bureban, Errioxan eta Araban kendutako lurrak itzultzea eskatu zion, gaztelarrak ezetz eta Celestinok Errioxakoak bederen itzultzeko erregutu zion Alfontso VIII.ari, baina, akordiorik ez zen eman.
Elkartze pasadizo bera kontatzen da Hiru Erregeen Mahaia izeneko mendiaren inguruan. Euskal Herriak, Biarnok eta Aragoik muga egiten duten mendian alegia. Zangozako merindadean dago eta 2.428 metroko garaiera du. Bertan elkartu omen ziren hiru erregeak, Biarnokoan gaztelarra eseri zen, Enrike II.a Plantageneten eta Leonor Akitaniakoaren alaba Leonorrekin ezkondua baitzegoen.
Iturria: >Auñamendi entziklopedia >La voluntaria konkista, Tomás Urzainki