Baskonia-Akitania dukerria
|
Baskonia-Akitania dukerria deitu zitzaion antzinako Novempopulania erromatar probintzian frankoek ezarritako administrazio-barrutiaren zabaltzeari. VI. mendean eta bisigodoek bultzatuta, baskoiek hedatu ziren iparralderantz; Pirineoak zeharkatu eta zabaldu egin ziren. Bertan bizi ziren galo-erromatarrek onartu egin zituzten eta Eauzeko eliz probintzia izendatzeko Baskonia izena erabiltzen hasi ziren. Honorio erromatarrak bisigodoen esku utzi zuen Akitania Bigarrena (418) eta Waliak erresuma antolatu zuen bertan. Baskoien aurka etengabe borrokan, 601an, Austrasia eta Burgundiako Teodoriko II.a eta Teodeberto II.a erregeek menpean hartu zuten Akitania eta Novempopulanian bizi ziren baskoiak. Urte berean Akitaniakoatik bereizi eta Baskonia-Akitaniako dukerri hau sortu zuten. Genial galo-erromatarra izan zen lehen dukea (602 - 626). |
Dukerriaren lurraldea Garonatik Ebroraino iristen zen, gaurko Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoa barne; hala ere, Genialek benetan, Pirineoetaraino iristen zen antzinako Novempopulania baino ez zuen menderatu. Bien bitartean, hego-mendebaldeko baskoiek Leovijildo bisigodoaren aurka borrokan segitu zuten (581). Kantabria (Araba-Errioxa) galiarren menpe eta Frantzion dukearen agindutara zegoen. Sisebutok Rekhila jenerala bidali zuen Errioxako kantabriar eta asturiarrak menperatzera. Baskoiak borrokan ari ziren eta Kantabria mendikatetik Ebro ibaian barrena Tutera eta Gallego ibairaino menpean zuten, baina, Suintilla errege godoak garaitu zituen eta Iruņeraino lurrak hartu zituen. Erriberrin (Oligiti) gotorlekua jarri zuen baskoiengandik babesteko. Ordurako (626), baskoiak ez zeuden frankoen menpe, Aijinio kanporatu eta haren ondorengo Amando kondea izan zen baskoien buruzagi.
Bien bitartean frankoak Klotario II.a erregearen inguruan bildu ziren. Klotario II.a hildakoan (629), haren seme Karibertok bereganatutako lurraldeetan Akitaniako erresuma sortu zen eta hiriburua Tolosan kokatu zuten. Karibertoren anaia Dagoberto I.a hil ondoren (638), baskoiak eta akitaniarrak elkartu egin ziren frankoen aurka. Gero, berri argirik gabe igaro zen denbora, Felix dukearenak ezagutu arte (660). San Martzialen "Mirarien liburua"-ri esker ezagutu ditugu Tolosako patrizio baten gorabeherak: Akitania eta Euskal Herrian eragin handia izango zuena hain zuzen. Ondoren, Lupo I.a Otsoak (670-710) dukerria sendotu zuen Wanba-aren aurka borrokatuz; baita frankoen aurka ere. Haren ondorengo Eudon Handiak (710 - 735) Akitania eta Baskoniaren independentzia lortu zuen. Horren agintaldian iritsi ziren baskoi-akitaniarrak independentziara, eta haiengandik sortutako estatua, goren mailara.
Penintsulan arabiarrak sartu zirenean (711) Eudon buruzagia Rodrigo godoarekin borrokan ari zen Iruņeko inguruan eta Rodrigok setioa utzi eta arabiarrak gelditzera abiatu zen. Tarik-ek Rodrigo garaitu eta arabiarrak berehala zabaldu ziren penintsulan barrena, galiarren esku zegoen Poitiers-eraino. Eudonen armada izan zen Mendebalde osoan musulmanak garaitu zituen lehena (Tolosako gudua, 721). Pepin Laburra frankoen erregeak (751 - 768) bere erresumara bildu zuen Akitania. Hunaldo II.ak huts egin zuen frankoen aurka, Baskonian babestu zen (769) eta Akitania-Baskonia dukerria hautsi egin zen. Baskoniako dukerria bakarrik geratu zen.
Iturria: Auņamendi Entziklopedia