<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Euskal Herriko populazioa

Euskal Herrian, XX. mendearen hasieran industri eta nekazaritza-inguruetako biztanle-kopuruen artean diferentzia handiak zeuden. Industriaren garapenak industriguneetara bultzatu zuen populazioa eta nekazaritza-lurralde asko ia hustu egin ziren. Populazioari dagokionez, bi zati desberdin bereizten dira Euskal Herrian: industria eta turismoaren inguruan antolatuta dauden eta biztanle-kopuru handia duten kostaldeko udalerriak, eta nekazaritza-lurraldeetako udalerri txikiak. Barnealdeko herri txiki hauetan bi eratako mugimenduak izan dira; batetik, hiri industrializatuetara eta bestetik, administrazio-hiri handietara, Gasteizera adibidez. Migrazio hauen ondorioz, batetik herri txikiak hustu egin ziren eta bestetik, herriak elkartu egin ziren udalerri sendoagoak osatzeko.

Egungo banaketa politikoan, 1970.eko hamarkadako krisia medio, hazkunde demografikoa gelditu egin da, eta zenbait tokitan hazkunde negatiboa hasi da; industri garapenak erakarrita, kanpotik Euskal Herrira etorritako batzuk beren herrietara itzultzen ari baitira. Ipar Euskal Herrian ez da hazkunde demografiko handirik izan; bertako fenomenoa hazkundea baino aldaketa izan da. Nekazaritza-guneetatik hiri industrializatuetarako joera izan da nagusia; Zuberoa eta Nafarroa Beheretik Lapurdira (Miarritze-Angelu-Baiona ardatzera batik bat) eginiko migrazioa aipagarria bada ere, Paris eta Biarnora eginiko migrazioa ere garrantzitsua da.

Iturria: Harluxet