<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Euskal Herriko ibai-sarea

Hidrografia Euskal Herrian. Antzinako euskaldunen lurraldea Garonatik Ebro hegoaldeko isuriraino iristen zen, gaur egun berriz, Aturri eta Ebro ibai nagusien artean kokaturik dago. Ibaiak isurialde atlantiko eta mediterraneokoak dira. Mediterraneora Ebroren bitartez iristen dira; beronen adar nagusiak Zadorra, Aragoi, Ega, Mayor, Inglares, Baia, Alhama, Keiles eta Omecillo dira. Ebro ibaiak muga eratzen du Gaztela eta Aragoikin. Euskal Herrian, Tuterako merindadeko kilometro gutxi batzuk baino ez ditu zeharkatzen Ebrok. Hala ere, haren urak erabiliz, kanal eta ureztapen-sistemak eraiki dira (Lodosako kanala, Aragoiko Kanal Inperiala, Tausteko kanala). Nafarroako eta Arabako ibai gehienak Ebrora isurtzen dira, baina beste batzuk Bizkaiko Golkora isurtzen dira (Bidasoa, Urumea, Nerbioi).

Ipar Euskal Herriko ibai gehienak Aturrira isurtzen dira; honek bere ibilbidearen zatirik handiena Euskal Herritik kanpo du, baina azken kilometroak Euskal Herrian egiten ditu eta bertan itsasoratzen da (Baiona eta Bokale artean). Aturrik, Euskal Herria eta Landetako muga zehazten du. Haren adar nagusiak Euskal Herrian Biduze eta Errobi dira. Ebrora edo Aturrira isurtzen ez diren gainerako ibaiak Bizkaiko Golkora isurtzen dira. Ondoko hauek dira nagusiak: Artibai, Barbadun, Bidasoa, Deba, Ibaizabal, Lea, Oiartzun, Oka, Oria, Sarrakaria, Urola eta Urumea. Hiriak urez hornitzeko eta energia elektrikoa sortzeko, urtegi asko eraiki da Euskal Herriko ibaietan. Nagusiak Esa, Zadorra, Aņarbe, Gorbeia, Artikutza, Eugi eta Nava dira. Oro har, ibai mediterranearrak atlantikoak baino luzeagoak dira; hortaz, euren arroak ere handiagoak dira eta ur-emari oparoa dute.

Iturria: Harluxet