<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Euskaltzaindiaren erabakia Euskal Herria izenari buruz

 

Hona hemen, Euskal Herria, izenari buruz  Euskaltzaindiak 2004ko uztailaren 23an egindako Batzarrean onartutako testua eta ondorioz, araua:

"Aspaldiko mendeetatik hedatua izan da Euskal Herria izena, kultura ezaugarri aski jakinak dituen herrialdea adierazteko, politika eta administrazio mugen nahiz ezberdintasun historikoen gainetik erabilia.

Izen hori euskara + herri hitzetatik sortua da, hots, “euskararen herria”. Euskal forma hori ohikoa da hitz elkartuetan, cf. aizkora, baina aizkol apustu; gari, baina galburu, etab.

Letra xehez ageri da maiz testuetan, adibideetan ikusiko denez, bai eta pluralean ere. Bi kasuetan garbi erakusten da jatorrizko esanahia: euskal herria(k), hots, “euskararen lurraldea(k)”.

Euskal Herria-ren erabilera orokor honen lehen lekukoa dugu Juan Perez de Lazarraga arabarra (1564 inguru). Hirutan aurkitzen da haren eskuizkribuan eusquel erria:

“beti çagie laudatu
çegaiti doçun eusquel erria
aynbat bentajaz dotadu.” (f. 18)

“çegayti eusquel errian dira
ederr guztioc dotadu”. (f. 18v)

“çeñetan ditut eçautu
eusquel erriau oy nola eben
erregue batec pobladu”. (f. 18v)

 

Orobat ikusten dugu gure Herriaren izena Joanes Leizarragaren lanean. Lapurdiko apaiz higanot honek, 1571n argitaratu Testamentu Berriaren eta beste zenbait testuren itzultzaileak, honela zioen, irakurle guztiek aise ulertzeko moduko hizkera aurkitzeko zailtasunaz:

“...bat bederac daqui heuscal herrian quasi etche batetic bercera-ere minçatzeco manerán cer differentiá eta diuersitatea den” (1)

Eta izena, marra batekin, beste bi aldiz darabil Leizarragak ABC edo christinoen instructionea... liburuxkan, urte berekoan. Hitzaurrearen titulua honako hau da:

“Heuscal-herrian gaztetassunaren iracasteco carguä dutenér eta goitico guciér, I. Leiçarraga Berascoizcoac Iaincoaren gratia desiratzen”.

Testu barrenean, berriz, hau irakurtzen dugu:

“Eta minçatzeco maneraz den beçembatean, Heuscal-herrian religionearen exercitioa den lekuco gendetara consideratione guehiago vkan dut, ecen ez bercetara” (2)

 

Pedro Axular idazle nafarrak ere darabil izen hori, 1643ko Gero aszetika liburuan. Irakurleari zuzenduriko hitzaurrean, gai berberaz mintzo delarik, honela dio:

“Badaquit halaber ecin heda naitequeyela euscarazco minçatce molde guztietara. Ceren anhitz moldez eta differentqui minçatcen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian eta bertce anhitz leccutan”. (3)

 

Tartasek, orobat, erabiltzen du izena Onsa hiltzeko bidia liburuan. Hartaz ari dela, honako hau dio:

“ibilico da buria gora euscal herri orotan”. (4)

 

Letra xehez idatziak dira adibide horiek oro. Ohitura horren beste adibide asko eman daitezke. Jose Paulo Ulibarrik (1775-1847) hau idatzi zuen Gutun liburua izenekoan:

“... etorri cen euscal errira”. (5)

Eta egileak pluralean darabil bizpahiru aldiz izena.

“... egun zariyetan sermoyac euskal erriyen eta uritan”. (6)

 

Letra xehez Azkueren hiztegian bertan (1905-1906) ikus daiteke izena. Hiztegiaren sarrerak letra larriz ezarri zituen egileak, baina bigarren aldaera letra xehez aurkitzen dugu:

Eskualerri (B-l), eskualherri (L), país vasco, pays basque”. (7)

Gaztelaniazko eta frantsesezko ordainak ere letra xehez ageri dira adibide horretan; ohitura hori oso zabaldurik egon da.

 

Hurrengo mendeetan bere hartan jarraitu zuen erabilera honek. Euskal Herria izena (grafia batzuekin), zazpi herrialdeak izendatzeko, behin eta berriz edireten da, adibidez, Laphitzen Bi saindu hescualdunen bizia liburuan. San Ignazioz hau idatzi zuen:

“oinez abiatu zen Hescual herrirat”. (8)

 

Ildo beretik Gratien Adéma Zaldubi (1828-1907) apaiz lapurtarraren Gauden gu eskualdun eta Eskualdunak poemetan, non tradiziozko zazpi probintziak azaltzen diren. Dakusagun, esaterako, bigarrenaren atal hau:

“Lapurdi, Nabarpe ‘ta Zubero,
Eskualherriak Frantzian;
Bizkai, Gipuzko, Alaba, Nabarro,
berdin dire Espainian”. (9)

 

Are gehiago, denboraren joanean Euskal Herria izena gaztelaniara eta frantsesera hedatu zen. Estatu arteko mugaz alde bateko eta besteko erakunde eta agerkari batzuek izen hori izan dute, esaterako: Sociedad Euskalerria elkarteak, XIX. mendearen azken herenean Jaurerriko diputatu nagusi izandako Fidel de Sagarminagak Bilbon fundatuak, eta Euskal-Erria aldizkariak, Jose Manterolak 1889an Donostian sortuak. Orobat Ameriketan: Los Angelesko Californiako Eskual Herria astekariak, 1893-1898; La Platako Eskual Herria astekariak, Buenos Airesen 1898an argitaratuak, edo Baionako Eskual Herria astekariak, 1898an sortuak. Geroago ere ohitura hori ez da eten. Besteak beste, Philippe Veyrinek, Les Basques bere liburu ospetsuan (10), Eskual-Herri darabil behin baino gehiagotan.

 

Euskal kantutegiak, halaber, ezin konta ahaleko aipamenak dakartza Euskal Herria-z. Besteak beste, Done Mikel Aralarkoaren herri kanta tradizionala dugu, errepika hau duena:

“Miguel, Miguel, Miguel guria,
Zaizu, zaizu Euskal Herria”.

 

Juan de Bera kaputxino nafarrak Oiartzunen predikatu zuen 1834an. Sermoiaren lehen bi orrialdeak euskaraz idatzi zituen, eta gainerako testua gaztelaniaz, eta Frantzisko Xabierkoaz ari zelarik, honela zioen:

“Jayo cela gure Españian, vskal Errian, Nafarruan”. (11)

 

Euskal Herria eskuarki erabili izan da, bestalde, ideologia eta pentsamolde alor guztietan. Hona hemen adibide batzuk, ediren litezkeen ugarien artetik jasoak:

Salvador Castilla Alzugaray (Iruñea 1819 - Donostia 1884), errepublikazaleak, 1878ko uztailaren 15ean hitzaldi bat egin zuen Iruñean, Asociación Euskara de Navarraren batzar batean, eta han bilduei Euskal-Erria maitatzen jarrai zezaten eskatu. (12)

 

Vianako semea zen Francisco Navarro Villoslada eleberrigileak (1818-1895), tradizionalistak, “De lo prehistórico en las Provincias Vascongadas” idazlanean (1877) honela dio:

“...pero ellos no se dan a sí propios ese apelativo, ni el de vascongados, ni otro más que el de escualdunas bajo cuya denominación comprenden a todo el que habla la lengua euscara, sea español o francés, llamando asimismo escualherria, literalmente tierra de escualdunas, a todas las provincias que hablan la lengua euscara y pueblan ambas vertientes de los Pirineos occidentales: navarros, guipuzcoanos, alaveses y vizcaínos, españoles; suletinos y laburdinos, franceses”. (13)

 

Román Zubiaga buruzagi karlista bizkaitarrak, orduan kadete zen Santiago Palaciorekin Gernikako Batzar Etxerako bisitan zihoala, honetara esan zion:

“...las tribus más celosas de su independencia refugiáronse en las montañas de aquende y allende el Pirineo, constituyendo la Euskalerria, es decir, el país de euscaldunac, de los que hablan el idioma éuskaro...”. (14)

 

Iruñeko alaba zen Dolores Baleztena (1895 -1989) idazle karlista nafarrak Euskalerria izena maiz erabiltzen du, adibidez, euskal zibilizazioari buruz ari denean:

“...la figura del bersolari, ese admirable bardo de la Euskalerría genuinamente popular, que con asombrosa agilidad de imaginación y habilidad en versificar, riñe torneos de ingenio discurriendo por los temas más dispares [...] Dignos discípulos del inmortal Iparraguirre, también voluntario de Carlos V, que con su voz arrebatadora, subyugaba auditorios de naciones extranjeras, cantando a la amacho maitia, al blanco querube de Euskalerría, a España, “lur oberikan ez da Europa Guziyan”, la tierra mejor cual no hay otra en Europa...”. (15)

 

Jesús Etayok 1921eko maiatzaren 17an El Pensamiento Navarro-n “Ante el cuarto centenario de la herida de Iñigo de Loyola” artikulua idatzi zuen. Besteak beste, honako hau irakur daiteke:

“...como vascos, porque, a pesar de la gran desviación histórica padecida por nuestra raza, Ignacio era vasco y todos los vascos somos participantes de las glorias de Euskalerria...”. (16)

 

Honen kontura egoki datorke Oriamendi ere aipatzea, karlisten himnoa, honela baitio:

“Gora Espainia eta Euskal Herria!
Ta bidezko errege.
Maite degu Euskal Herria,
Maite bere fuero zaharrak”.

 

Erabilera guztiz ohiko horren ispilua José María Iribarrenen Vocabulario navarro (1952) deritzanean ere ediren daiteke. Honela dio:

Euskalerría: "Nombre que dan al País Vasco; es decir, a Vizcaya, Guipúzcoa, Alava y Navarra en España, y Laburdi, Benabarre y Zuberoa en el país vasco-francés". (17)

 

Ikusten ari garen kontzeptu hau gaztelaniaz eta frantsesez era batzuetara adierazi da: Vasconia, País Vasco, País Vasco-Navarro, Vasconie, Pays Basque. Azpimarratzekoa da País Vasco frantsesezko Pays Basque-ren oihartzuna dela eta XIX. mendean zehar hedatu zela. Lehenago Basque forma hutsa erabiltzen zen frantsesez, substantibo gisa; esaterako, Jean Baptiste Nolin-en mapa famatuan (Paris 1704) Mer de Basque ikus daiteke, eta horren azpian Tarbellicus sinus latinezko ordaina.

Aipatuez gainera, bada liburu usaineko izen bat: Euskaria, eta hortik datoz euskaro eta euskarien adjektiboak. Hiru izenok, begi bistakoa denez, hizkuntzaren izenetik datoz, hots, euskara-tik. Gogora ditzagun, besteak beste, Asociación Euskara de Navarra, 1877an fundatua, eta beronek hurrengo urtean sortu zuen Revista Euskara.

XIX. mendea amaitu baino lehentxeago Sabino Arana-Goirik (1865-1903) Euskadi izena sortu zuen, uste izanik Euskal Herria izenak ez zuela izaki politikorako balio. Horretarako, gorago aipatu dugun Euskaria eduki zuen gogoan, eta –di leku-atzizkia erantsi zion. Izen horrek —bere asmatzaileak aurrenik s-rekin idatzi (Euskadi) eta geroago z-rekin (Euzkadi) hobetsi zuenak— erabilera nabarmena izan du. Hala ere, haste-hastetik izen berri horrekin bat ez zetozen anitzen iritziak entzun ziren. Haien artetik Arturo Campión iruindar poligrafo eta historialaria nabarmendu zen. Gai horri buruz artikulu garratzak idatzi zituen, eta bereziki “Sobre el nuevo bautizo del País Basko” deritzana (18). Halako egitasmo politiko batengatik Euskal Herria ordezkatzeko saio horrek gorabehera sonatu batzuk ekarri zituen aldean, esaterako, 1918an, Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko Lehen Biltzarraren hitzaldi batean, Resurrección Mª Azkuek, hurrengo urtetik 1951n hil arte euskaltzainburua izango zenak, pairatu behar izan zuen zenbaiten protesta.

Urteak aurrera joan ahala, Euskal Herria izenak, bere adiera neutroarekin, iraun du, Euskadi-ren lehiakidetza izan arren. Alferlana litzateke adibide gehiago hona ekartzea. Aski dateke Bonifacio Etxegarai jaunak, Epaitegi Goreneko idazkari eta euskaltzain osoak, Espasa entziklopediarako (1929) idatzi zuen Vasconia artikulua gogoratzea; Batzorde Eragileen (Diputazioen) Proyecto de Estatuto Vasco-Navarro delakoa (1932), euskaraz Euskalerria erdarazko País Vasco-Navarro-ren baliokidea erabiltzen duena, edo TVE-ren Euskal Herria programaz oroitzea, zein demokraziarako bidea hasi bezain laster eman zena (1976-1977).

Azpimarratzekoa da Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren (1979) 1. artikuluaren testu nahasia, honela baitio: “Euskal Herria [...] Espainol Estatuaren barruan Komunitate Autonomo gisa eratzen da. Beronen izena Euskadi zein Euskal Herria izango da [...]”.(19)

Eusko Kontseilu Nagusiaren garaian, Euskaltzaindiak, Baionako ordezkaritzan 1979.eko urtarrilaren 26an egindako batzarrean, aho batez erabaki zuen lehendakariari gutun bat bidaltzea; erabaki hori “Euskal Herri hitza ez baztertzeaz” tituluarekin argitaratu zen Euskera aldizkarian. (20)

Horrez gainera, itzal handiko pentsalari batzuek, hala nola José Miguel de Azaola saiakeragileak, artikulu horren testuarekin ados ez zeudela argi erakutsi zuten, bai eta Euskal Herria –agerian edo ezkutuan– saihesteko asmoaren aurka ere.

Euskaltzaindiak, politika alorretik landa eta sineste zein ideologia guztien gainetik, otsailaren 26ko 573/1976 Errege Dekretuan finkaturiko xedeetako bati erantzunez, zeinetan Euskaltzaindiari hizkuntza jagoteko helburua onartzen zaion, nahitaezkoa dakusa Euskal Herria izenaren egokitasuna eta zehaztasuna berrestea. Izen hori guztiena da, eta horregatik ezin daiteke alderdikeriaz erabil, zoritxarrez inoiz gertatu eta orain ere gertatzen bada ere. Hori, jakina, herrialde bakoitzaren deitura bereziari eta izen politiko-administratiboei kalterik egin gabe.

Gorago adierazi guztiaren argitan, Euskaltzaindiak, zazpi probintzia edo herrialdeen osotasuna adierazteko, Euskal Herria izenaren egokitasuna, zuzentasuna eta zehaztasuna berresten du, eta izen hori ez dela izate politiko administratibo konkretu baten baliokide. Aldi berean, gogorarazi nahi du mendez mendeko tradizio luzeari begirunea zor zaiola, eta inork eta ezerk ez du tradizio hori hausteko edo bere gogara aldatzeko eskubiderik.

HASIERA

 

Araua

Gauzak horrela direlarik, eta 2003ko uztailaren 18an Euskaltzaindiak, Donostian onarturiko adierazpenean oinarriturik, honako Araua plazaratzen du:

  1. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena.

  2. Idazkerari dagokionez, bi hitzetan eta biak letra larriz.

  3. Gogoratu behar da bukaerako –a hori artikulua dela. Hortaz, erabil bedi: Euskal Herria, Euskal Herrian, Euskal Herriaren..., baina Euskal Herriko, Euskal Herritik, Euskal Herrira. Beraz, gaizki daude *Euskal Herriako, *Euskal Herriatik, *Euskal Herrin edo *Euskal Herriren bezalakoak.

Era berean, izen honek bere azken –a galtzen du ondoan beste determinatzaileren bat edo adjektibo bat daramanean. Adibidez: Euskal Herri maitea, Euskal Herri osoan, gure Euskal Herri hau, zein Euskal Herri litzateke?... Hortaz, ez daude ongi *Euskal Herria maitea, *Euskal Herria osoan. *gure Euskal Herria hau eta *zein Euskal Herria litzateke?

Euskaltzaindiak Abadiñon egin batzarrean erabakia, 2004ko uztailaren 23an."

HASIERA

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Oin-oharrak:

(1) Pasarte hau “Heuscalduney” izenaz irakurleentzako hitzaurrean ageri da, Joana Nafarroako erreginari bidali gutun elebidunaren ondoan (euskaraz eta frantsesez). Ez du orrialde-zenbakirik. Bai, ordea, Euskaltzaindiak egindako facsimile edizioan, Bilbo 1990, Hugo Schuchardtek eta Theodor Linschmannek 1900ean Estrasburgon argitaratu I. Leiçarragas baskische Bücher von 1571 liburutik abiatua; hor 254. orrialdean aurkitzen da.

GORA

(2) Ibidem, 1.393 eta 1.394. orrialdeetan, hurrenez hurren.

GORA

(3) Guero, Bordele 1633, 17. or. Ikus, halaber, Euskaltzaindiak 1988an Bilbon plazaraturiko facsimile-edizioa.

GORA

(4) Juan de Tartas: Onsa hilceco bidia. Ortheze 1666. Facsimile edizioa, Julio Urquijoren ardurapean, Revista Internacional de Estudios Vascos 1, 1907, 27-30, 185-199. or.; 2, 1908, 569-581. or., eta 3, 1909, 561-636. or. Aipatu dugun adibidea hitzaurreari dagokio, “Gomendiosco lettra” deituari, aldizkari horretan, 1, 1907, 28. or.

GORA

(5) Gutun liburua. Arabako Diputazioa, Gasteiz 1975, 16. or.

GORA

(6) Ibid., 9. or. (gogora bedi egun zari, eguzari “jaia” dela).

GORA

(7) Diccionario vasco-español-francés, Bilbo 1905-1906. Facsimile argitalpena, Euskaltzaindia, Bilbo 1984.

GORA

(8) Francisco Laphitz: Bi saindu hescualdunen bizia: san Iñazio Loiolacoarena eta san Francisco Zabierecoarena. Baiona 1867. Adibidea 140. orrialdean aurkitzen da.

GORA

(9) Neurtitz hauek guztiok Revista Internacional de Estudios Vascos 3, 1909, 396 eta 399. orrialdeetan irakur daitezke. Ediziorik eskuragarriena, ordea, Alex Bengoetxearena dateke: Kantikak eta neurtitzak, Ediciones Mensajero-Gero, Donostia, 1991. Hemen aipaturiko pasarteok, 166 eta 177. orrialdeetan daude edizio horretan.

GORA

(10) 1. argitaraldia, Baiona 1943. 2a, Paris 1975.

GORA

(11) Patxi Ondarra: “Polikarpo Aitak zituen euskal esku-idatzi zaharren aurkezpena”. Euskera 26, 1981:2, 640. or. Ikus orobat egile beraren “España, País Vasco, Navarra”. Diario de Navarra, 2003ko otsailaren 2koa, 21. or.

GORA

(12) Angel García-Sanz Marcotegui: “Los liberales navarros ante la irrupción del euskerismo”, Roldán Jimeno Arangurenen zuzendaritzapean agertu liburuan: El euskera en tiempo de los éuskaros. Nafarroako Gobernua-Nafarroako Ateneoa, Iruñea 2000, 145-218. or.; Salvador Castilla Alzugarayren aipua 152-153. orrialdeetan dator.

GORA

(13) Carlos Mata Induráin: “Amaya da asiera: la actitud de Navarro Villoslada ante el vascuence”, aurreko oharrean aipatu liburuan, 113-144. or. Pasarte hori 120. orrialdean dago.

GORA

(14) José Javier López Antón: Escritores carlistas en la cultura vasca, Pamiela, Iruñea 2000, 134. or. Santiago M. Palaciok Zubiagaren ahotik entzundakoa El batallón de Guernica bere liburuan bildu zuen, Editorial Tradicionalista, Bartzelona 1917, 80. or.

GORA

(15) Dolores Baleztena Azcárate: Saski naski de Leiza. Nafarroako Foru Diputazioa, Iruñea 1976, 28. or. (“Temas de Cultura Popular” sailean 272. zenbakia du liburuxkak).

GORA

(16) José Javier López Antónek aipatua: Escritores carlistas en la cultura vasca, 191. or.

GORA

(17) José María Iribarren: Vocabulario navarro. Nafarroako Diputazioa, Iruñea 1952. Adibidea, s.u., 229. or. Ikus 2. argitaraldia, Ricardo Ollaquindiaren ardurapean. Diario de Navarra egunkariaren argitaletxea, Iruñea 1995, s.u., 226. or.

GORA

(18) Revista Internacional de Estudios Vascos 1, 1907, 148-153. or.

GORA

(19) Gaztelaniaz: “El Pueblo Vasco o Euskal-Herria [...] se constituye en Comunidad Autónoma dentro del Estado Español bajo la denominación de Euskadi o País Vasco. Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa, Boletín Oficial del Estado, 306. zk, 1979ko abenduaren 22koa.

GORA

(20) Ikus testu osoa Euskera aldizkarian, 24, 1979:1 , 115-117. or.

GORA

 

Loturak: >Egungo banaketa administratiboa; >Euskal Herria izena; > Euskararen historia; >Euskararen lurraldea;