<<<Nagusira

 

 

puntubi.com

 

puntubi.com

 

>Baskonia edo Wasconia, Euskal Herria eta Nafarroa   

 

Beste hainbat jakintsurekin batera Joxe Miel Barandiaran eta Koldo Mitxelenak esandakoa da, Euskal Herrian, gizakia aspalditik bizi delako aztarnak badaudela eta ikerketen emaitzek baieztatzen dutela euskaldunen arbasoak zabaldu zirela Garona ibaiaren hegoaldetik Ebroren bi aldetaraino, Duero ibairaino, eta Bizkaiko mendebaldearen itsasaldetik egungo Lleidako lurretaraino. Ikerketa berriagoek gainera, Europan barrena zabaltzen dute euskaraz hitz egiten zeneko eremua.

Dakigunez, "baskoi" hitza idatziz eman zuen lehena Salustio Cayo Crispo historialari eta politikari erromatarra izan zen (Ka. 86-35). "Baskoi" hitza erabili zuen euskal eremu zabalenean bizi ziren giza-tribuak izendatzeko. Egungo Nafarroa Garaiko lurretakoak baskoiak ziren. Barduliar, karistiar, autrigoiar eta beroien tribuak mendebaldean eta, susetaniar eta iazetaniarrak ekialdean bizi ziren. Hortaz, baskoi hitza etnia bereko euskal tribuetako jendea izendatzeko erabili zen.

Euskal Herria hitza, berriz, XVI. mendera arte ez zaigu idatzirik azalduko. Berriki ezagutu dugun Joan Perez de Lazarragaren esku-izkribuak aipatzen du, 1564 inguruan, "eusquel erria". Hala eta guztiz ere, ez dirudi hitz hori Lazarragaren asmakizuna denik, zeren Joanes Leizarragak, 1571 a inguruan, Joana III.a Albreteko bere erreginaren ohorez jarritako bi hitzaurretan azaltzen baita "heuscal herria" hitza, bitxia bada ere, lehenik frantsesez argitaratutako hitzaurre horien "pays des Basques" euskarazko ordaina ematean.

Urte batzuk geroago, 1643an, Pedro Axular idazle goi-nafarrak "Gero" liburu ezagunean, irakurleari zuzenduriko hitzaurrean horrela idatzi zuen: "Badaquit halaber ecin heda naitequeyela euscarazco minçatce molde guztietara. Ceren anhitz moldez eta differentqui minçatcen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian eta bertce anhitz leccutan." Egungo euskara batuan honela emango genuke esaldi hori: Badakit, halaber, ezin heda naitekeela euskarazko mintzatze molde guztietara. Zeren anitz moldez eta diferenteki mintzatzen baitira Euskal Herrian: Nafarroa Garaian, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Lapurdin, Bízkaian, Gipuzkoan, Alaba-herrian eta bertze anitz lekutan.

Berak horrela nahi izanda ala nahi gabe, Axularrek Euskal Herria hitzari garaiko lurralde banaketa kontzeptua eransten dio "euskaraz mintzo den herria" esanahiari. Argi baitago, garai horretan, Arabako eta Nafarroa Garaiko zenbait eskualdetan euskara galdua zela "herritarren" artean; hala ere, Axularrek herrialdeak bere osotasunean hartzen ditu euskararentzat. Gainera, ".. eta beste anitz lekutan" esatean: Akitanian, Biarnon, Errioxan, Aragoin..., aspaldian euskara galdua zutenen aurrean aipamena egiten du.

2004ko uztailaren 23an, Euskal Herria hitzaren erabilera akademikoa erabaki du Euskaltzaindiak; horretarako, Axularren definizioa erabili eta honela esaten du: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena. 

Hortaz, Euskaltzaindiak definizioa zentsuratu eta zazpi probintziak batera  izendatzeko agintzen du Euskal Herria erabiltzea, Axularrek aipatzen dituen "eta bertce anhitz leccutan" horiek bazter utzita. 

Hala eta guztiz ere, horren aurretik, euskara eta euskaldunen lurraldea definitzen duen dokumenturik bada. Nafarroako Antso VI.a izan zen bere erresumako bertakoen hizkuntzari "lingua navarrorum" deitu ziona (1167an). Hau da: nafar hizkuntza, nafarrera. Dokumentu horretan euskarazko izen eta toponimiari buruz ari zenez, ez dago zalantzarik euskarari deitu ziola nafarrera. Erresuma hartan hainbat hizkuntzez mintzatzen zirenen artean bertakoa bereizteko.

Esan beharra dago, nafar hitza Karlomagnoren kronikalaria zen Eginardoren eskutik ezagutzen dela lehenengoz IX. mendean; hain zuzen ere, Baskoniako dukerritik Iruñeko erresuma sortu zeneko garai berberean. Bi Orreaga izan baitziren. Lehenengoan Karlomagno berari irabazi zitzaion eta bigarrenean bere biloba Pipiniori. Sarritan, artzain harrijaurtitzaile kontua izan zela esanez gutxietsi egin dituzte gertaera hauek. Nekez sinets daiteke, ordea, garai hartan zegoen Europako ejertzito indartsuenari bitan irabazteko aurrean haren pareko beste ejertzito bat ez zegoenik. 


Ondorioa: Nafarroako erresumaren mugak, beraz, Wasconiarekin eta Axularrek Euskal Herria deitutako lurraldearekin bat egin izan dute beti: Mendebaldean, Kastro (Urdiales) eta Oka mendikateraino; hegoaldean, Tutera eta Moncayo azpiko Gailur eta Buruetaraino; ekialdean, Gallego ibaiaren gora Ribargorza eta Pallarseraino. Iparraldean, Foixko konderritik Garonako ibaiaren hego isurietan zehar Bordeleko mugaraino. Lurralde horietan guztietan izan baitzuten euskaraz mintzatzen ziren baskoiek bizileku naturala noiz edo noiz eta, inbasio bidez galdu arte, horietaraino iritsi baitzen "Nafarroa osoa biltzen zuen erresuma".

Amaitzeko, uste dut ondorioztatu dezakegula Wasconiak eta baskoiak euskaldunon elementu etnikoei egiten diotela erreferentzia; Euskal Herriak, batez ere, identitate kultural eta linguistikoari; Nafarroak, berriz, Europa mailan ezaguna eta errespetatua izan zen erresuma egiturako Estatu independenteari. Hirurak, ordea, lurralde eta hiritar jende berberari ematen diote izena eta izana.

Iturria: puntubi.com

   

 

5.- Bidali informazioa

 

Zeri buruz:

Zure e-posta:

Idatzi hemen nahi duzun informazioa:

Zure izena (goitizena)