<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Antso III.a Nagusiaren oinordetza

Nafarroako Antso III.a Nagusiaren semeek gaztetatik jardun zuten aitarekin agintean, horrela behar izanez gero, erresumaren defentsan prest egon zitezen. Gartzia Santxez, lehen ezkontza-semea, aitarekin aritu zen erresumako hiri garrantzitsuenetan gobernatzen, hala nola Iruņean edo Naiaran. Fernando Gaztelako kondea izan zen 1029tik; Gontzalok, gazteenak, bere esku izan zituen Loarreko eta Samitierko lurrak eta gazteluak aitaren azken urteetan. Ramiro ere jarduera publikoan aritu zen Antsok agindutako tokietan: Aragoin. Garai hartako dokumentuetan jatorria aitortu zitzaien eta horregatik "errege txikiak" deituak izan ziren. Anaia Gartzia, berriz, zuzenbidez oinordeko, errege kontsideratu zen "jainkoaren graziaz", hau da, titulu hori eramateko zilegitasuna zuen bakarra.

Beraz, Gartzia III.a Santxezi errege koroa eta Iruņeko erresumaren lur guztiak egokitu zitzaizkion eta beste hiru anaiek (laugarrena, Bernardo, gazterik hil zen) mendeko gisa, errege ondareko lote batzuk eta horiekin lotutako jarduera publikoak jaso zituzten. Horrela bada, Gartziaren esku gelditu zen Iruņeko erresuma, hau da baskoien lurraldea: Arabako eta Bizkaiko konderriak, Gipuzkoa, Naiaraldea eta Aragoi. Horiez gain, aitak bereganatutakoak: Sobrarbeko eta Ribagortzako konderriak ekialdean, eta Gaztelakoa, mendebaldean. Azken horretan, Iruņeko erregearen aitormenaz gain, Gartziak, amaren herentziaren bidez, Castella Vetula edo Gaztela Zaharra deitutakoa (Trasimera eta Bureba) jaso zituen eta biak gelditu ziren errege iruindarraren agintepean eta ezkontza-horni gisa eman zizkion bere emazte Estefaniari 1040an.

Fernandori Gaztelako kondearen titulua egokitu zitzaion, anaia zaharraren mendean. Alabaina, mapa gehienek Gaztelako konderria Iruņeko erresumako ondaretik bereizita marrazten dute, nahiz eta Fernando behin ere ez deitu Gaztelako errege eta aginte hori ez lortu 1037 arte, orduan jaso baitzuen Leongo koroa eta aipatu titulua eramateko bidea. Baina Fernandoz gain, Ramirok ere eskuratu zituen hainbat herri, sasikoa izanagatik, eta horrenbestez, pentsa liteke lur horiek semeen artean banatu zirela, herentziaren zati bezala. Antsoren seme zaharrenari errege ondareko herri asko, Vadoluengo eta Matidero artean zeudenak, eman zitzaizkion eta horren truke, zin egin zion aitari ez zela anaia Gartziaren aurka matxinatuko, ezta kezkaraziko ere, bere erresuman. Anaien artean liskarren bat izango bazen ere, Gartziak eskuzabal moldatu zuen eta zintzo eta zuzen jokatu. Bestalde, anaiordeek bezala, ez zuen sekula "Aragoiko errege" titulurik hartu.

Gontzalori Sobrarbeko eta Ribagortzako konderrietako errege jabetzak eman zitzaizkion. Tamalez, Antso Nagusiaren seme gazteenaren bizitzaz gutxi dakigu. Alta hil zenean hamabost bat urtekoa behar zuen, baina berriak falta zaizkigu. Erdi Aroko kronikek pertsonaia ahantzi zuten XIV. mende arte eta orduan idatzitakoagatik pentsa liteke hil egin zutela 1045 baino lehenago eta bere jabetzak Ramiroren esku gelditu zirela.

Beraz, Antso Nagusiak ez zituen lurrak banatu semeen artean eta Gartzia izan zen lurralde hain ezberdin haietako errege bakarra; baina historialari gaztelar eta leondarrek beti margotu izan zituzten Gaztela eta Aragoi erresumak burujabe balira bezala, Antso Nagusiaren herentzia aipatzen zutenean. Ziur aski, ez zeuden ohituak beren lurraldeak errege atzerritar baten eskuetan ikusten.

Antso Nagusiaren jokabidea Hispaniako lurretan hain izan zen ezberdina ikuspegi inperialista leondarretik, ezen izugarrizko nahasmendua sortu baitzuen autore gaztelarren artean, ezin zutelako ulertu errege nafarraren jarduna egitasmo bateratzaile ohikoetatik at. Horregatik, eta bere jarrera oldartzaile justifikatzeko egoki zetorkielako, pentsarazi zuten estatua banatu zuela eta erresumen buru semeak paratu zituela. Alabaina, ez dago horrelakorik. Antsok ez zuen erresuma banatu semeen artean, eta bere ondorengoak erresuma-kristau guztietako buru jartzea gobernatzeko bere gaitasunari eta abileziari zor zaio; aspaldian bere lurretan indarrean zen zuzenbide piriniarra erabili zuen, ez besterik, eta zuzenbide horretan ezin zen erresumako lurralderik zatitu.  

Iturria: Aitor Pescador Medrano;