Bizkaia

.- Antzinako Bizkaitik Nafarroako erregeek emandako Foruak arte

Bizkaia populatua zegoen jada Paleolitikoan. Garai hartako aztarna ugari daude: Lemoan, Behe-Paleolitiko Aroko haitzuloa; Dima eta Sopelan, Erdi-Paleolitiko Arokoak; Abadiņo, Berriatu, Dima, Galdames, Gernika-Lumo, Izpazter, Kortezubi (Santimamiņeko haitzuloak) eta Lekeition, berriz, Goi- Paleolitiko Arokoak. Giza hondar zaharrenak, Neanderthal egiturakoak alegia, Dimako haitzuloetan aurkitu dira. Neolitikoko gizakien bizibidea arrantzan, ehizan eta fruitu bilketan oinarritzen zen. Etxe-abereen aztarnak aurkitu dira Galdamesko haitzuloan. Burdin-Aroko aztarnarik, ordea, ia ez dago; Europako erdialdetik zetozen taldeak Bizkaian zehar azkar pasa baitziren Nafarroara (K.a. 2000).

Erromatarrak Euskal Herrian sartu zirenean euskal tribuen lurraldea ezagutu zuten: Karistiarrak Deba eta Nerbioi ibaien artean kokatu zituzten, eta autrigoiak Enkartaziotan. Euskararen lurraldea egungoa baino zabalagoa zen eta euskara zen inguruko tribu guztien hizkuntza komuna. Nekazaritza eta abeltzaintza ziren jarduera ekonomiko nagusiak; hortaz, erromatarrek ez zuten oztoporik izan Bilbo inguruko burdin meategiak ustiatzeko. Bisigodoen garaian, ordea, Bizkaia eta Errioxa Kantabriako probintzia izendatu zituzten. Asturias-Leongo Alfontso III.a Handiaren kroniketan agertzen da idatzita lehenengo aldiz "Bizkaia" izena (886).

 

.- Bizkaiko Erdi-Arotik Napoleonen garaia arte

Antso III.aren garaian Bizkaiko mugak Nafar-erresumako lurretan zegoen. Bizkaian ezagutzen den Lehen Forua Durangokoa da, Nafarroako Gartzia III.a Santzez erregeak emana (1051); Hala ere, historialari batzuen iritziz hori ez da guztiz zuzena, Durangok soilik jaso baitzuen delako forua eta garai hartan Bizkaiko jaurerria egungo Markina, Gernika eta Bilboko zati batek bakarrik osatzen baitzuten. Erdi-Aroan, berriz, Lope Iņigez Ezkerra Bizkaiko I. jauna izan zen Bizkaian jaurerri-erregimena sartu zuen lehen jauntxoa. 1076an, Nafarroako Antso IV.a Peņalengoa hil zutela aprobetxatuz Gaztelako Alfontso VI.a Errioxan, Bizkaian eta Gipuzkoan sartu eta Aragoiko Antso V. Ramirez-ekin banandu zuen Nafarroako erresuma. Nafarroa eta Aragoiko Alfontso I.aren emazte Urraka erreginak, Bizkaiko Haro leinuko jauna Diego Lopez I.a kondearen zerbitzuak saritu nahian, beronen jabegoak erret justiziatik salbuetsi egin zituen jaun-jurisdikzioa emanez (1110). Tamarako Hitzarmenean Bizkaia Nafarroako erresuman ezagutzen zen berriro, baina,  Alfontso VIII.ak hitzarmena hautsi eta indarrez lurraldea hartu ondoren, berriro ere, Diego Lopez II. Gaiztoaren zerbitzuak saritu nahian, orduko Bizkaiko lurralde eta Durangoko jabegoa eman zion; eta Fernando III.ak, Urduņa eta Balmaseda. Bizkaiko beste jauntxo batzuek, berriz, jaurerritik kanpo, Somorrostro eta Enkartazioetan kokaturik zeuden hiribilduen jabegoa eman zioten Diego Lopezi. Balmaseda izan zen forua jaso zuen lehena (1199); geroago, Bermeok eta Urduņak (1229). Enkartaziotako herriak ere beren foruak izan zituzten.

1358an Bizkaiko jaurerria Gaztelako koroapera pasa zen. Bizkaia bailaraka antolatuta zegoen antzinatik: auzo, baserri eta lurren jabeak osatutako elizateek eliz inguruan biltzen ziren. Bizkaiko Jaun izendatu ahal izateko, erregeek Gernikako Foru Zaharraren esanetara jarriko zirela zin egin behar izaten zuten. Feudalismoaren krisia jauntxoen arteko gerran islatu zen: bando-gerrak. Oinaztarren (Butroe leinua) eta ganboatarren (Ibargoien eta Zamudio leinua) jarraitzaileen arteko gerretan, aipatzekoa da Otxandioko bataila. Ganboatarrak irten ziren garaile. Isabel I.a eta Fernando II.a Errege Katolikoen garaian Gernikako Batzar Nagusietara ez joatea erabaki zuten Urduņan; 1630ean berriro parte hartzen hasi ziren. 1631n, Gatzaren matxinadak piztu ziren Bizkaian (1631, 1632 eta 1633-34); horiek Bizkaiak, Kataluniak eta Portugalek Espainiatik independentzia lortzeko matxinatu ziren. Espainiako armadak, Bizkaian eta Katalunian matxinada menderatzea lortu zuen; Portugalek, ostera, independentzia lortu zuen (1640). Garai horretan Bizkaiak eta Gipuzkoak eraberritu egin zuten beren ekonomia, XVII. mendeko krisiari aurre egin zien eta mendearen bukaeran sortu zen Diputazioa; Batzar Nagusien esku zegoen haren gestioa onartzea edo gaitzestea. Bizkaitarrek noble izaera zuten, ez ziren inongo jauntxoren zerbitzari eta bizkaitarrak ziren Bizkaiko lurren jabe. Borboitarrek monarkia federala monarkia zentralizatua bilakatu zuten, Felipe V.arekin Gaztelako koroara iritsi zirenean.

 

.- Napoleonen ondoren 1978ko Konstituzio Espainola arte 

1794an  Konbentzioaren armada frantsesak Bidasoa zeharkatu zuen; Gipuzkoako Batzar Nagusiak Gipuzkoako Errepublika izendatzeko proposamena egin zien frantziarrei, baina Bizkaikoak Karlos IV.aren alde agertu ziren. Napoleon I.aren kontrako Espainiako Independentzia gerraren ostean, 1810ean, Bizkaiko Gobernua izeneko erakundea sortu zuten frantziarrek Bizkaiko autonomi erregimenari amaiera emanez. 1814an, frantsesen aurkako gerra amaitu ondoren, Fernando VII.ak foru-erregimena berrezarri egin zuen; baina, 1815 - 1817 bitarteko erabakiek biziki murriztu zuten foru-erregimenaren ahalmena. Fernando VII.a hil ondoren, Lehen Gerra Karlista hasi zen (1833). Isabel II.a tronutik bota zutenean Bigarren Gerra Karlista hasi zen (1868 - 1876) eta ondoren euskal foruak, Bizkaikoak barne, erabat baztertu ziren. Harez gero, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Espainiako Haziendaren artean kontzertu ekonomikoak sinatu izan dira.

Europan baino beranduago gertatu zen Industrializazioa Euskal herrian. Hala ere, 1895ean 14 siderurgia fabrika garrantzitsu ziren Bizkaian. 1902an sortu zen "Altos hornos de Vizkaya"; siderurgiaz gain papera eta ontziolen industriek hedapen handia izan zuten, beti ere finantza egitura sendo batean oinarrituta. Aldi berean, Espainian sortu zen barne-merkatuak ere Hego Euskal Herriko industriaren bilakaera erraztu zuen. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren eta Francoren diktadurapean kontzertu ekonomikoak ezabatu egin ziren eta Bizkaia eta Gipuzkoa "Probintzi traidoretzat" hartu zituzten. Franco hil ondoren, Espainian erreforma egin zen eta 1978ko Konstituzio berria ezarri zen. Gernikako estatutuaren bidez, kontzertu ekonomikoak, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia (1981) berrezarri egin ziren. Geroztik, Araba eta Gipuzkoarekin batera, Euskal Autonomi Erkidegoa osatzen du.

Iturria: Elhuyar / Lur Entziklopedia