<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Euskararen historia labur

Europako hizkuntzen mapa ez da beti izan orain ezagutzen dugun bezalakoa. Gizakiaren joan-etorriak eta tribu-komunitate batzuen nagusitasunak eraginda erabateko aldaketak izan ditu historian zehar. Orain bost mila urte euskaldunen komunitateak hartzen zuen lurraldea egungoa baino askoz zabalagoa zen, eta indo-europearrak ez ziren hainbat hizkuntzez inguratua zegoen.

Euroasiar tribuek, zeltak kasu, zaldia bezatuz eta gurpilaren asmakizuna baliatuz mendebaldera zabaltzen hasi ziren. Pixkanaka-pixkanaka, hizkuntz indo-europearrak nagusitu ziren kontinentean, bertako tribu-hizkuntzen kaltetan. Neolitikoan ordea, K.a. 2000 urte inguruan, Pirineo bi aldeetako biztanleek mintzatzen zuten hizkuntza oraingoaren oso antzekoa zen, proto-hizkuntza bazen ere artean: protoeuskara, alegia.

Hortaz, euskara izan ezik, bertako hizkuntza denak ordezkatuak izan ziren. Euskara da, beraz, hizkuntza indo-europearrak hego-mendebaldera zabaldu aurreko bizirik mantendu den Europako antzinako hizkuntza.

Ez da zaila izango garai hartako euskal-gizakiaren bizimodua irudikatzea: nomada, ehiztari, fruitu biltzaile eta artzain jendea baitzen. Lurraldea, berriz, baskoniako golkoa eta Garona eta Ebro ibaiaren bi ertzen haratagotik, egungo Lleida edo Mediterraneoraino zabaltzen zen. 

Hala eta guztiz ere euskara idatziaren lehen aztarnak erromatarrak Euskal Herrira etorri ziren garaikoak dira. Erromatar berriemaileek Pirineo mendien bi isurietan zabaltzen ziren baskoien familiako tribu desberdinei buruz idatzi zuten eta akitaniarren lurretan aurkitutako estela batean aurkitu da idatzirik "andere" hitza.

Baina, egungo antropologia- eta antropogenetika-ikerketa modernoagoek adierazi dezaketen arraza-ahaidetasunez landa, gauza ziurra dirudi tribu guzti haien hizkuntza komuna euskara zela. Gizaki horiek, arraza berekoak izan ala ez, historian zehar eta egun arte gizarte antolamendu, egitura juridiko-politiko eta herri-sentimendua garatu eta mantendu dute antzinako beren lurraldean bertan.

Euskararen jatorri genetikoari buruz, ordea, hainbat ikerlarik erabilitako tesietan bat bera ere ezin da frogatutzat eman; ez eusko-iberiar; ez, eusko-kaukasiar; ez, eusko-berberiar ezta ere beste zenbait harreman-hipotesiak. Hala eta guztiz ere, egindako ikerketa guzti horiek lagungarri gerta daitezke, ziur, protoeuskaratik egungo euskararaino izandako bilakaeraren arrastoak aurkitzeko.

Indoeuropar guztien etorrera baino arriskugarriagoa izan zen euskararentzat erromatarrena (Hegoaldetik, Ebrotik gora K.a. 178 inguruan eta Iparraldean K.a. 56an). Inperioa erortzean, erromatarrek latin ahuldu bat utzi zuten hemen, eta erromatarren konkista hartatik ehunka urte geroago hizkuntza erromanikoak jaio ziren. Erromako eliza eta kristautasunaren zabaltzeak bultzatuta hizkuntza indartsua bihurtu zen eta eragin zuzena izan zuen euskara eta latinak izandako harremanetan.

Bisigodoek Europan barrena zabalduz erromatarren agintea ordezkatu zuten. Errege bisigodoek "domuit vascones" edo euskaldunak menperatu zituztela adierazi zuten behin eta berriz, baina, batak bestearen atzetik denek gauza bera esateak horrelakorik gertatu ez zenaren seinale argitzat hartu izan ohi da. Bisigodoek ez euskaldunak ez eta euskara ez zuten ordezkatu.

Iparraldetik, berriz, beste herri batzuk nagusitzen hasi ziren: frankoak. Bisigodoek Tolosako erresuma galdu eta Toledokoa indartu zuten Hispanian. Iruñean, baskoien buruzagi Eudon Handiaren kontra borrokan ari zela, Rodrigo bisigodoak arabiarren inbasioa gelditzea abiatu behar izan zuen hegoaldera (711). Arabiarrak laster hartu zuten Iberiar penintsula ia osoa eta zeharkatu zituzten Pirineoak. Poitiersko gudua galdu zutenean jo zuten goia.

Arabiarrek islama ekarri zuten erlijio-sinesmena eta arabiera hizkuntza. Haien erasoa ekidin eta beren lur eta aginteari eustearren Kasius kondea islamdar bihurtu zen, 714an. Zortziehun urte luzez bizi izan ziren penintsula Iberiarrean eta urte horietan nagusi izan ziren Al Andaluseko lurretan eta ia penintsula osoan. Euskal Herria, ordea, bi indar militar erraldoien artean mehatxatua zegoen. Frankoak iparraldetik eta arabiarrak hegoaldetik eraso etengabeetan ari zirela, euskaldunak, Baskoniako dukerriaren inguruan saiatu ziren lehenengoz egitura militar eta politikoa osatzen.

Frankoen errege Karlomagnok Iruñeko harresiak suntsitu egin zituen Zaragozatik bueltan, baina baskoiek, Lupo II.a buru zutela, Orreagako guduan erretagoardia hondatu eta armada desegin egin zioten, 778ko abuztuaren 15ean. Ondoren, Ludoviko Pio eta bere seme Pepin I.a errege frankoek baskoien aurka gerran jarraitu zuten Iruñeko lurretan (812, 816, 824). Pepin I.ak armada bidali zuen Iruñera, Eblo eta Aznar kondeen agindupean; baina bueltakoan, berriro ere Orreagan, Eneko Aritzak eta Baskoniako dukerriko nobleek frankoen armada garaitu ondoren Iruñeko erresumaren dinastia sortu zuten (824).

Lehenengo aldiz euskaldunak Europan zeuden aginte-ereduak imitatuz haiekin nor baino nor aritzeko egitura-militar, jaunen-hierarkia eta lurralde definitua antolatu zuten, erresumaren egitura zuen estatua, alegia. Orreagako guduetan ezaguna da Itsasaldeko eta "Ager Vasconum"-go buruzagien parte hartzea; gainera, Aznar Antsok musulmanei Jaka irabazi eta bere konderrira batu zuen 832an; Frankoengandik bereiztu eta Baskonia independizatu egin zen eta Eneko Aritza erregearen anaiorde Muza II.a banukasitar buruzagiak, berriz, Tuteran agindu zuen 841etik aurrera. Iruñeko erresuma sortu eta Nafarroa bihurtu zen baskoien gune politiko nagusia.

Ondorengo Iruñeko erregeek erresuma zabaldu egin zuten. Euskaldunenak ziren lurralde  naturaletan erraz batu zituzten indarrak eta garai oparo hartan euskal populazioaren hazkundearekin batera zabaldu zuten erresuma ondoko lurretara, batzuetan bizilagunik gabeko inguruneak populatuz eta besteetan arabiarrei lurrak irabaziz. Antso I. Gartzesek Errioxa aldera zabaldu zuen erresuma, Gartzia I.a Santzesek Aragoi aldea irabazi zuen eta Antso III.a Nagusiak Iparraldeko Zuberotik Hegoaldeko Errioxarainoko lurretan errege izan zen; horrez gain, Leon eta Gaztelako konderrietan gobernatu zuen. Nafarroako estatuaren une oparo eta garrantzitsuenetako bat izan zen. Halaber, Europako beste kultur eta nazioekin harremana indartu egin zen Jakue bideari esker, Cluny-ko erreformak indarra hartu zuen Iruñea-Naiara bidean eta hainbat hizkuntz ezberdinetako jendearekin kontaktua izan zuten euskaldunak: iparraldetik zetorren erteuropako jendearekin, mendebaleko Bartzelonako konderrikoekin, Ramon Berenger I.aren eskutik, eta mendebaldeko Leon eta Galiziako erresumakoekin Alfontso V.aren ezkontza bidez.

1016an, Antso III.a Nagusiak eta Gaztelako Antso Gartzia kondeak Nafarroa eta Gaztelako mugak marrazten zituen Adiskidetasun Ituna sinatu zuten. Errege nafarraren ezkontza-seme zaharrenak, Gartzia III.a Santzez Naiarakoak, jarauntsi zituen errege titulua eta erresumaren oinordetza, baina anaiek oldartu eta aurrerantzean etengabe erasoko zuten euskaldunen lurra. 1054an, Fernandok bere anaia, Gartzia III.a, hil zuen Atapuercan; 1074an, Alfontso VI.a Gaztelakoak Errioxa inbaditu zuen eta 1076an Antso IV.a Gartzes, Gartzia II.aren semea, arroiletatik behera amilduz hil zuten Peñalen-en. Nafarroako estatuak lurrak eta soberania galtzen zituen neurrian eraso egin eta galbidean jartzen zuten bertako biztanleen hizkuntz nagusia: euskara.

Euskal Herri Hegoaldean ez zen inoiz ezagutu nafar-gaztelar erregerik, bai ordea errege aragoi-nafarrak. Antso V.a Ramirez izango zen lehena. Pedro I.ak Aragoiko erresuma ekialdera zabaldu zuen eta Alfontso I.a Borrokalariak Tutera hartu zuen Rotrou Perche-koak gidatutako taldearen laguntzaz. Alfontso I.ak Zaragoza konkistatu zuen eta gaztelarrak Naiaratik egotzi zituen, Haro-ko Diego Lopez-en laguntzari esker. Alfontso I.a ondorengorik gabe hil zenean, Nafarroa eta Aragoiko erresumek ez zuten Alfontsoren testamentua onartu eta banandu egin ziren. Nafarrek Gartzia IV. Ramirez Berrezarlea goratu zuten errege izateko, eta horren alde izan ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait jaun.

Ondorengo urteetan hasi ziren burgu eta hiri berriak sortzen, eta horrekin batera, jendea lurralde jakin batean mugaturik bizitzen. Merkataritza eta esku-lan ofizio berriak ere sortzen hasi ziren harreman berriaren beharrak asetzeko. Garai horretan Antso VI.a Jakituna zen errege, eta berak eman zituen Hiri-Gutun, Foru, Frankizia eta Pribilejio garrantzitsuenak, gehienak latinez idatziak. Hala ere Antso VI.a izan zen euskarari "lingua navarrorum" deitu ziona, euskara, erresumaren hizkuntza zela adierazteko (1167) (ikus mapa). Halaber, Nafarroako erresumaren mugak hitzartzen saiatu zen gerra-bidea alde batera utzita. Tamarako Hitzarmenean paktatua Ingalaterrako Enrike II.ak emandako laudo baten bidez berretsi nahi izan zuen Gaztelako Alfontso VIII.aren aurrean, baina honek ebazpena ez zuen errespetatu eta Nafarroako Antso VII.a Azkarra Marokon zegoela aprobetxatuz Errioxa hartu, Gasteiz setiatu, Bizkaia eta Gipuzkoa inbaditu eta bere menean jarri zituen (1199 - 1200).

Hala eta guztiz ere, gaztelarrek ez zuten berehala lortu euskararen eta euskal egitura politikoaren deuseztapen eta ordezkapena. Errioxan, euskarak indarrez jarraitu zuen bailara batzuetan; Araban, Gaztelako erregeek baino gehiago, Ermandadeek kontrolatzen zuten bizitza politikoa; Bizkaia eta Gipuzkoan Elizateen indarra handia zen eta Gaztelako erregeei men ez egiteko egarri horretatik idatzi eta errespetarazi nahi izan ziren Foruak. Independentzia mantentzen zuten Nafarroa Garaia eta Behereak, berriz, Foru Nagusiak zituzten erregearen aurrean arauak errespetarazteko. Foruek, beraz, bi funtzio garrantzitsu betetzen zituzten euskal populuaren mesedetan: bertako errege eta jauntxoen balizko gehiegikerien aurrean babesa; eta kanpoko egitura politiko baten legeriaren aurrean, entzun baina ez bete egiteko eskubidea bermatu.

Euskararentzat, ordea, ez zen oparoa gertatu Nafarroa Garaiko konkistaren aurreko garaia. Antso VI.ak euskara nafar hizkuntza zela deklaratu arren, bestelakoa izan izan monasterio eta burguen jokaera. Lekuz lekuko toponimian, eta izenez izen agirietan, euskal leku- eta pertsona-izenak milaka dira Erdi Aroko Nafarroako estatuko lurretan, herri, monasterio eta geografian. Baina burgu eta monasteriotan okzitaniera, nafar-erromanikoa edo latina gailentzen zitzaion euskarari. Argi eta garbi esanda: bizitza politiko eta ekonomikoak herri xeheari aurre hartzen ari zitzaion. Horrela, Nafarroako Artxibo Nagusiko 80.000 bat agiri nafar-erromanikoz idatzita daude; 3.000 bat, berriz, okzitanieraz; euskaraz ia deus ez. Euskara, administrazio-zereginetik kanpo geratu zen, honen etorkizun oparoago baten kaltetan.

Alabaina, ez dugu ahaztu behar, aipatu hizkuntzez gain hiztun gehiago edo gutxiagoko beste hizkuntza batzuk ere bazirela Nafarroa Osoan. Aspaldian etorri eta batez ere Errioxa-Erriberan errotutako arabiera, eta neurri txikiagoan, hebreera. Iparraldean, Lapurdi eta Zuberoa hiru mendetan administrazio ingelesaren menpe egon ondoren, 1450ean frantziarren esku igaro zen, Aiherrako Hitzarmenaren bidez. Gainera, Erromako Eliza katolikoak gero eta eragin handiagoa zuen Europa osoan. Nafarroako Blanka I.a erreginaren bigarren senarrak (1420), Aragoi eta Bartzelonako Joan II.a Trastamarakoak, Bianako printze eta oinordeko legitimo Karlos IV.a alboratu eta gaztelarren inbasiorako lehen oinarriak jarri zituen. Berrehun urte lehenago Araba, Bizkaia, Errioxa eta Gipuzkoa Gaztelan menpe egon ondoren, eta hauen mesedetan, Ahaide Nagusiak anaiarteko gerra odoltsuan nahastu ziren.

Mende honetan bertan, ordea, Gutenberg-ek inprentaren iraultza izango zenaren aitzin urratsak eman zituen, 1440an. Kultur idatziaren sozializazioaren lehen urratsak izango ziren. 1492an, Isabel eta Fernando Gaztela-Aragoiko Inkisizioko errege-erregina katolikoek juduak atzerriratu eta Granadako erresumako arabiar-musulmanak egotzi zituzten. Urte berean Kristobal Kolonek Ameriketako bidea ireki zuen, eta horri esker, hiru mendeetako guduen ostean, ia penintsula osoa beren menpe zuten Isabel eta Fernandok botere eta aberastasun izugarria eskuratu zuten.

Gipuzkoar, errioxar, arabar eta bizkaitar bandokideen laguntzaz, Gaztelako osteek, Albako dukea Gasteiztik Iruñera bidali zuten Nafarroako Joan III.a Albret eta Katalina I.aren aurka,1512an. Luis III.a Beaumont Leringo Kondearen laguntzarekin Nafarroako errege-erreginak egotzi ondoren Katalina I.a erregina eskomikatu zitzaten lortu zuen. Gaztelarrek Donibane Garazi setiatu zuten. Enrike II.ak Erresumaren gunea berreskuratzen saiatu zen Frantziako Frantzisko I.aren laguntzaz, baina, 1521ean Noaingo guduan eta ondoren, Amaiurren eta Hondarribian Nafarroa Garaiko independentzia galdu zen.

Testuinguru honetan inprimatu zen euskarazko lehen liburua, Garaziko inbasioan preso hartu eta 1530 arte kartzelan egondako Bernard Etxepareren eskutik. Nafarroako erresuma independenteak subiranotasuna gordetzen zuen txoko batean eta inprenta asmatu eta handik 105 urtera argitaratu zen "Linguae Vasconum Primitiae", 1545ean. Nafarroako gortearen eskutik etorriko zen euskara idatziaren hurrengo lana: 1564an, Joana III.a Albret erreginak Joanes Leizarragari itzultzea agindutako Biblia hain zuzen. Erregina Kalbindarren aldekoa izanik, liburua Vulgatatik itzuli zen eta itzulpenez gain Nafarroako erreginari zuzendutako gomendio-gutuna, euskara eta euskalkiekin izan zituen arazoak azaltzen dituen "Heuscalduney" deritzan atala eta hiztegitxo bat ere amaieran. Leizarragak ez zuen bakarrik egin la eta talde lan horren emaitzak dira "Kalendrera" eta "Christinoen instructionea" itzulpen erlijiosoak edo "Abc" irakurlegaiak alfabetatzearren eginak.

Berriki, 2003an, garrantzi handiko esku-iskribu bat azaldu da Madrilgo liburu-etxe batean. Gipuzkoako Foru aldundiak eskuratu eta internet bidez ikus daitekeena. Juan Perez de Lazarraga arabarren poema izkribuak dira, 1564 inguruan idatziak. Hauek inprimatu ez baziren ere, gaur ezagutzen dugu Leizarragaren eta Lazarragaren garaian Ipar zein Hego aldean nazio hau izendatzeko erabiltzen zuten hitza, biek erabili zutena: Euskal Herria.

Baina garai hartan euskaldunen gortea erlijio-gerretan nahasirik bizi zen, Joana Albret bera kalbinisten buruzagi jotzen zuten eta bere seme Nafarroako Enrike III.a higanoten burutzat hartu zuten. Enrike III.a Nafarroakoa izatez gain Frantziako IV.a bihurtu zenean katolizismora aldatu eta horrekin zapuztu ziren egindakoari segidarik eta hedapen sozialik emateko aukerak. Espainiarren menpeko Euskal Herrian, berriz, korapilatsuagoa izango zen lana. Arrasateko Esteban Garibai batetik penintsulako jatorrizko lehen hizkuntzatzat jo zuen eta Aita Juan Mariana bestetik euskaldunak iraindu zituen euskara hizkuntza barbarotzat tratatuz. Aitzitik, Espainian Kosmografia Eskolako lehenengo katedra lortu zuen Andres Poza lizentziatuak euskararen defentsan argitara emandako lehen obra handia idatzi zuen, 1587an.

Nafarroako Luis II.a eta Frantziako XIII.a zenak Nafarroa Behereko Foruak ezabatu eta Zuberoa haren Parlamentuaren pean jarri zuen 1620an. Zeharka bada ere Foru horiek euskararen erabilera errespetatzen zuten, baina, urte batzuk geroago, 1626an, Zuberoa Bordeleko Parlamentuaren pean jarri eta 1639an erregearen eskupeko lurrak saltzeko edo besterentzeko ediktua eman zuen. Frantziako monarkiak jauntxoen aginpidea indartu nahi izan zuen horrekin eta, handik urtebetera (1640), Zuberoan lur desjabetze handiak izan ziren. 1661ean, ordea, herriaren matxinada piztu zen. 7.000 bat lagun altxa ziren armatan, Mithikile herriko apaiza Bernard de Goynetche, Matalas, buru zutela. Lextarreko plazan lepoa moztuta hil zuten eta haren burua Mauleko sarreran ezarri zuten bolada batez, jendearen zentzagarri izan asmoz.

1636an, Klaberiaren koplak adierazten zuten argi eta garbi erdaraz idazten zuten euskaldunen jokaera okerra eta kritika. XVII. mende emankor eta oparoa iragartzen zuen, Ipar zein Hego Euskal Herriko euskaldunentzat, Etxeberrik eta Sarako eskolakoek aintzat hartu eta bultzatu zuten ideologi aldaketa erabateko horrek. Gezurra badirudi ere Pirineotako Itunaren ondorioz (1659 - XI - 7) Nafarroako eta Frantziako errege Luis III.ak Nafarroa Garaian zeuzkan errege eskubideei espresuki uko egin zionean, Espainiako Felipe IV.aren mesedetan, Euskal Herria politikoki eta ekonomikoki bitan zatiturik geratu zen. Bi aldeetan Euskara zen biztanleen komunikazio hizkuntza nagusia eta bi aldeetako ikur bateratzaile nagusi bihurtu zen.

Hala eta guztiz ere, agintari eta herri xehearen artean hizkuntz disfuntzio gogorra gertatzen ari zen. Euskara herrietan eta eskualdeetan bizirik zegoen, baina, goragoko erakundeetan, edo erdaldun jendea bertan zenean, baztertua ez ezik zigortua gertatzen zen euskaraz aritzea. Bizkaiko Batzarretan (1613 - 1633) herrietako zenbait ordezkari Batzar-lekutik irtenaraziz zigortu zituzten euskaldun elebakarrak izateagatik.

Aldaketa txiki bat, ordea, elizaren eskutik etorriko zen. Trentoko kontziolioren ondokoan, 1545 - 1563, berrikuntza pastoralaren premia ikusi zen: kristau katoliko herritarrentzat katekesi langaiak argitara ematea. Kalagorri eta Iruñeko Elizbarrutiek hartzen zuten Hegoaldea, eta gehienak euskaraz mintzatzen zirenez, Kalagorriko Sinodalek, oinarrizko arauak diozesian ezartzekoak, nahiko xeheki arautu zuten eliz pastoralaren hizkuntz arazoa. Euskal erakundeen artean, euskararen aldeko neurririk onuragarrienetakoa gertatu zen hau, nahiz eta, oro har, Ekialdeko beste Eliza kristauen edo erreforma protestantearen politika erabakigarrietaraino ez iritsi.

Erabaki horiek medio kristau-ikasbide edo dotrina asko argitaratu ziren, eta hizkuntza idatziaren garapenerako are garrantzitsuago izango zena, eliz predikarien lanak prosa ontzeko aukera on bihurtu ziren, hizkuntz idatzia eta ahozkoa hurbil, alegia. Axular, adibidez, tradizio horretan lekutu behar da. Berak 1643 inguruan idatzitako Gero, lapurtar euskalkian idatzia dago; hitz-jokoak, argudioak, errefrauak, ateraldiak, etab., denak euskal hizkera dotorez eta ulergarriz moldatuak daude, hizkuntza mintzatuaren gertu.

Mauleko hiritarrek diputatu hautatu, "Silbiet"-eko sindiko (1623 - 1627), eta ikuspegi nazionala emango zion euskarari Arnaud Oihenart-ek. Eskolatua eta ikasia zen; apaiz ez zen lehen kritikari, historialari eta idazle zuberotarra izan zen. Euskal Herriko historia Erdi Aro arte kontatu zuen euskal nazioaren ikuspegitik, ez ordura arte egiten zen bezala, espainol edo frantses aldetik alegia. Horrekin batera Joannes Etxeberri Sarakoa aipatu behar da (1668 - 1749), Sarako Eskolaren gidari garrantzitsuena bere garaian.

Utrech-eko Itunen eraginez (1713), merkataritza eta itsasoko jarduerak lur-jota geratu ziren Ipar Euskal Herrian; Frantziak Ternuako bakailoaren arrantza-tokiak Ingalaterrari eman baitzizkion; zergen presioa medio errebolta ugari izan zen. Hego Euskal Herrian, berriz, antzinatik mantentzen ziren penintsulakoekiko muga ekonomiko eta lurraldekoak Itsasora eta Pirineotara bultzatu zituen Felipe V.ak. Bizkaiko jaurerria eta Gipuzkoako eskualde batzuk 1718ko matxinada piztu zuten. Eta ez da kasualitatea izango Hegoaldeko lehen euskal gramatikatzat hartu izan denaren izenburua El Imposible vencido izatea ("Ezina egina" izenez ere ezaguna, 1729an Salamancan argitaratua). Aita Manuel Larramendik idatzi zuen.

Frantzia aldetik ordea, iraultza-haize berria zetorren. Ilustrazioak jarraitzaileak izan zituen Euskal Herrian eta Holandarren monopolioari aurre egiteko eta Ameriketako produktuen salerosketan parte hartzeko Carakas-ko Erret Konpainia Gipuzkoarra sortu zuten (1728). Merkataritza, industria eta zientziak berpiztearren, berriz, Azkoitiko zalduntxoek sortu zuten Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea (1765), eta Ipar Euskal Herriak bere askatasun, usadio eta autonomiaren berreskurapena aldarrikatu zuen (1789), Dominique Garat eta bere anaia Josep Dominique-ren eskutik; zoritxarrez, Iraultza Frantsesaren ondoko Asanblea Nazionalean, lurraldeetako pribilejiok eta erregimen bereziak ezeztatu egin zituzten; horren ondorioa izan zen Lapurdi eta Zuberoako jendea diputatuen kontra altxatzea.

Hego Euskal Herrian Lehen Gerra Karlista piztu eta Agosti Xaho Atharratzearrak garai hartako euskaldunez idatzi zuen. Atzerriko jendeak Euskal Herria eta bere hizkuntza azterketagai izan zuen, Luis Luzien Bonapartek euskararen eta euskalkien lehen mapa egin zuen. Bigarren Gerra Karlistaren ondoren Foruak ezabatuta eta Kontzertu Ekonomikoak ezarri ziren (1878). Soberaniaren azken aztarnak ere galtzear zirelarik euskararen berpizkundea sortuko zen. Asociación Eúskara de Navarraren inguruan bilduko zen hizkuntzarekiko pentsamenduaren joera berria. Lore Jokoak antolatu ziren Urruñan (1853) eta Elizondon (1879). Eusko Ikaskuntza elkartea eta Euskaltzaindia hizkuntzaren Akademia sortu ziren 1918an. Hizkuntzaren batasunean eta normalizazioan hasi zen jendea. Ikastolak sortu ziren Euskal Herriko euskarazko eskolari bultzada handia emateko. Horrela, munduko hizkuntzen artean XXI. mendean bizirik dirauen artean dago euskara. Berriki, Koldo Zuazok aurkeztu du euskararen eta euskalkien egoera erakusten duen mapa.