Portugal

K.a. IX. mendean zeltak iritsi ziren lurralde honetara, baina ez ziren jatorrizko populazioarekin nahasi. Hurrengo mendeetan Mediterraneoko feniziar, kartagoar eta grekoek Hegoaldeko kostaldera iritsi eta koloniak ezarri zituzten kobre- eta eztainu-hobiak ustiatzearren. K.a. VI. m., berriz, Europako erdialdeko herri zeltak egokitu ziren penintsulako Iparmendebaldean eta oraingoan bat egin zuten bertako biztanleekin. Hauen ondorengo lusitaniarrak gogor borrokatu ziren erromatarren aurka K.a. II. mendetik, Julio Zesarren gudarosteek lurraldea menperatu zuten arte (K.a. 61).

V. mendean, bisigodoek, sueboek eta alanoek, inbaditu zuten Iberiar Penintsularen iparmendebaldea eta bisigodoen esku geratu zen ondoren. 711n musulmanen inbasioa hasi zen eta gainbehera etorri zen bisigodoek eraturiko inperioa. Musulmanek aldi labur batez menperatu zuten lurraldearen iparraldea, baina sakonagoa izan zen konkista hegoaldean. 866 - 910 bitartean Alfontso III.a Asturiaskoak Portoko eskualdea konkistatu zuen eta 1064an Fernando I.a Gaztelakoak Duero eta Mondego ibaien arteko lurraldea irabazi zien musulmanei. 1094an Gaztela eta Leongo Alfontso VI.a erregeak bere alaba Teresaren senarra zen Enrike Borgoinakoaren esku utzi zuen Portugalgo konderria. Hauen seme Alfontso Henriques-ek musulmanak Ouriqueko guduan (1138) garaitu ondoren, Portugalgo errege bilakatu zen (Alfontso I.a Henriques, 1139-85); honek Portugalen lurraldea hedatu egin zuen Iparrlderantz, Sintra eta Lisboa hartu eta Coimbra izendatu zuen hiriburu. Haren ondorengoek, Antso I.a Populatzaileak (1185-1211) eta Alfontso II.ak (1211-33), apurka lur gehiago konskitatu zieten musulmanei.

1212an Portugalgo erresumako gorteak lehen aldiz bildu ziren Coimbran. 1254an Alfontso III.ak musulmanen esku zegoen Algarve eskualdea konkistatu zuen. Dionisio I.ak (1279-1325) Lisboako Unibertsitatea fundatu zuen 1290ean eta Coimbrakoa 1308an, eta Portoko dialektoa nazio-hizkuntzatzat hartu zuen. Haren seme Alfontso IV.ak (1325 - 1357) Lisboako merkataritzaren garapena bultzatu eta itsas espedizioak sustatu zituen. Beronen semea, Pedro I.a (1357 - 1367) noblezia eta kleroaren boterearen aurka borrokatu zen eta Fernando I.a (1367-83) izan zen Borgoinako dinastiako azken erregea. 1385ean, ingelesen laguntzaz, Joan I.a Avizkoak (1385-1433) gaztelauak garaitu zituen Aljubarrotako guduan (1385), horrek, Gaztelarekiko Portugalgo independentzia sendotzea erakarriko zuen.

1487an Bartolomeu Dias nabigatzaileak Esperantza Oneko lurmuturra inguratu zuen eta Indiako Ozeanora iritsi zen. 1492an Tordesillasko itunaren bidez, Espainiak eta Portugalek Amerikako lurraldeen banaketa koloniala erabaki zuten. 1497an Indiarainoko lehen itsas bidaia egin zuen Vasco da Gamak. XVI. mendearen hasieran Pedro Alvares Cabralek Brasilgo kolonizazioari hasiera eman zion eta, horrenbestez, Afrika, Asia eta Amerikara hedatu zen Portugalgo inperioa. Ekialdeko Indietarako merkataritza izugarri bizkortu zen Joan III.aren erregealdian (1521-57), eta ekonomia eta kulturaren oparoaldian bizi izan zen inperioa.

1581ean Felipe II.a Gaztelakoa bilakatu zen Portugalgo errege, Felipe I.a izenaz, Sebastian I.a (1557-78) hil zenean, ondorengorik ez baitzuen utzi. 1640an portugesak espainolen aurka matxinatu eta Bragantzako dukea errege izendatu zuten Joan IV.a izenaz (1640 - 1656). Lisboako itunaren bidez (1668), Espainiak Portugalen independentzia onartu zuen Ceuta hiriaren truke. Bragantzako dinastiako hurrengo erregeek (Alfontso VI.ak, Pedro III.ak, Joan V.ak) Brasilgo aberastasunak ustiatzeari ekin zioten. Portugal lurralde oparoa bilakatu zen berriro ere baina ez ziren egoeraz baliatu erresuma modernizazio-bidean jartzeko. Methuen itunaren bitartez (1703) lotura ekonomiko estuak ezarri ziren Britainia Handiarekin eta gainbehera amildu ziren Asiako koloniak.

Jose I.ak (1750-70) Pombal markesaren eskuetan utzi zuen gobernua eta honek despotismo ilustratua ezarri zuen; eliza eta nobleziaren boterearen aurka borrokatu eta armada eta irakaskuntza eraberritu zituen. 60.000 hildako eta Lisboa suntsituta utzi zituen 1755eko lurrikararen ondoren, Pombalek erabat berreraikitzeko agindu eta hiri garrantzitsu bilakatu zen berriro ere. 1762an espainiar gudarosteak Portugal inbaditzen saiatu ziren baina ez zuten lortu, portugaldarrek britainiarren laguntza jaso baitzuten. 1792an Maria I.a erregina (1777-1816) erotu egin zen eta bere seme Joan VI.aren esku utzi behar izan zuen aginpidea. 1807an Napoleonen armadak Portugal inbaditu zuen eta errege-familiak Brasilera egin zuen ihes. Ordura arte kolonia baino izan ez zena erresuma bilakatu zen eta Brasilek oparotasun handia ezagutu zuen, frantsesek eta espainolek Portugal behin eta berriz okupatzen zuten bitartean. 1808an Wellingtongo dukea buru zela, armada britainiarra Portugalen lurreratu zen portuges matxinatuei laguntzeko eta frantsesak erabat egotzi zituzten, baina erregeak Brasilen iraun zuen. Erregimen militarra ezarri zen britainiarren menpe.

1822an Joan VI.a Lisboara itzuli eta konstituzio liberala ezarri zuen. Bitartean, Brasilen gelditutako haren seme Pedrok, Brasilgo enperadore izendatu zuen bere burua eta 1825ean Joan VI.ak Brasilgo independentzia onartu zuen. Joan VI.a hildakoan (1826), seme Pedro I.a Brasilgoa bilakatu zen errege Pedro IV.a izenaz, baina honek bere alaba Maria II.aren alde abdikatu eta, berau gazteegia zenez, anaia Migel izendatu zuen erregeorde. 1828an Migelek bere burua errege izendatu eta erregimen absolutista aldarrikatu zuen. 1834an Pedro I.a Portugalera itzuli eta alaba Maria II.a (1826-53) berrezarri zuen aginpidean. 1852an sufragio zuzena onartu zen gobernua hautatzeko. Hurrengo erregealdietan (Pedro V.a, 1853-61; Luis I.a, 1861-89; Karlos I.a, 1889-1908) bi alderdi nagusi txandakatu ziren aginpidean, Historikoa eta Berritzailea. Portugal Afrikako inperio koloniala berreraikitzen saiatu zen Angola eta Mozambikeren inguruan, baina belgikarrek eta britainiarrek ez zioten utzi. 1907-08: estatu-ekonomiak porrot egin zuen eta Joao Francok diktadura ekarri zuen erregearen laguntzaz. 1908an Karlos I.a erregea eta beronen seme zaharrena hil egin zituzten. Karlos I.aren seme Manuel II.ak (1908-10), konstituzioa berrezarri zuen, baina errepublikarrek kolpe militarra jo eta boteretik kendu zuten. 1910ean hausteskunde orokorretan errepublikarrek gehiengoa lortu zuten Porton eta Lisboan eta urriaren 4an iraultza gertatu zen; errege Manuel II.ak Ingalaterrara erbesteratu eta 1911n errepublika aldarrikatu zen. Eliza eta estatuaren arteko bereiztea erabaki eta greba-eskubidea onartu egin zen. 1926an estatu-kolpea eman zuen Gomes da Costa jeneralak. 1928an Oscar Carmona jeneralak ordezkatu zuen; Errepublikako lehendakari kargua hartu eta honek Antonio de Oliveira Salazar izendatu zuen finantza-ministro. 1932an kontseiluko lehendakari izendatu zuten Salazar eta 1933an konstituzio berriak instituzionalizatu egin zuen diktadura.

1974an Spinola jenerala buru zuten militarrek estatu-kolpea jo eta eskubide demokratikoak berrezarri zituzten (krabelinen iraultza); preso politikoak askatu, zentsura deuseztatu eta hauteskunde libreak antolatu ziren, eta Spinola bera hautatu zuten errepublikako lehendakari. Eskuina estatu-kolpe berri batean saiatu zen, baina porrot egin zuen. Spinolak dimititu eta erbesterako bidea hartu zuen. 1975ean programa sozialista indarrean jarri eta Afrikako koloniek independentzia lortu zuten. 1976 - 1986 bitartean Ramalho Eanes jenerala izan zuten lehendakari. 1982an konstituzioa aldatu egin zen militarren boterea murriztearren. 1986an Mario Soares sozialista hautatu zuten lehendakari. Urte berean Portugal EBn sartu zen. 1987ko hauteskundeak eta 1991koak sozialdemokratek irabazi zituzten. 1995eko hauteskundeetan, sozialistak izan ziren garaile.

Iturria: Harluxet