Katalunia
Paleolitikoan populatuta egon zen, aurkitutako aztarnen arabera. K.a. 1000: zeltek inbaditu eta burdinaren erabilera sartu zuten. K.a. VII-VI. m.: grekoak sartu ziren kostaldetik. K.a. III. m.: Bigarren Gerra Punikoaren garaian, Erroma erasotzera zihoan Hanibalen armadak zeharkatu zuen eta Ampuriasen erromatarrak lehorreratu eta Katalunian sartu ziren (K.a 218). K.o. III. mendean frankoak sartu ziren eta ondoren bisigodoak. Gero, musulmanek, frankoek eta karolinjioek hartu zuten lurraldea.
X-XIII. mendean, zenbait konderri sortu zen mugaz bi aldetako lurrak hartuz eta Bartzelonako konderria izenekoan bildu ziren. 1150ean, Alfontso II.aren garaian, Bartzelonako konderriek Aragoiko koroarekin bat egin zuten eta inperio garrantzitsu bilakatu zen. XVI. mendean, Karlos I.ak Iberiar penintsulako eskualdeak bereganatu egin zituen, baina Kataluniak monarkia espainolaren barnean autonomo izaten segitu zuen.Espainiako monarkia eta Kataluiniarren artean Segadors-en gerra piztu zen (1640). Pirinioetako bakearen arabera Rosselló eta Sardiniako zati bat galdu zituen (1659). Espainiako Ondorengotza-gerran, borboien garaipenaren ondoren Felipe V.a erregetu zenean, Rastatteko Itunean konstituzioa galdu zuen (1714).
XIX. mendean, Katalunia industrializatu eta nazio-kontzientzia berpiztu zen ("reinaxença"). 1931: Espainiako Bigarren Errepublika garaian, Errepublika katalana aldarrikatu zen, baina Madrilgo gobernuak gobernu autonomotzat onartu zuen ("Generalitat de Catalunya"). Francesc Maciá eta ondoren Lluis Companys izan ziren lehendakari. Autonomi estatutuaren testua idatzi eta Madrilgo gorteetan, hainbat aldaketa egin ondoren, 1932an onartu zen. 1938an, Espainiako Gerra Zibilean tropa frankistak sartu eta estatutua deuseztatu egin zen. Franco hil ondoren autonomi estatutua eta gobernua ("Generalitat") berreskuratu ziren. 1979an autonomi estatutua onartu zen. 1980an lehenengo hauteskunde autonomikoak egin ziren.
Iturria: Harluxet