Ingalaterra

K.a. III. milurtean populaturik zegoen jada. Gure aroa hasi aurretik zeltek populatu zuten. 43-83an Erromak Britainia Handiko uhartearen hegoaldea, egungo Ingalaterra eta Gales, konkistatu zuen eta Britainia probintzia erromatarra osatu zuten. 407an, erromatar legioek uhartea utzi eta kontinentera abiatu ziren, barbaroen kontra borrokatzera. V. mendean anglosaxoiek konkistatu zuten eta bretoiak asimilatu zituzten. VII-VIII. mendean anglosaxoiak erresuma txikitan banatu ziren, heptarkia izenekoa osatuz. 795ean eskandinaviarren inbasioak hasi ziren, XI. mendearen hasierara arte iraun zutenak. 825ean, Wessexko errege Egbertok heptarkia batu egin zuen.

1016 - 1042 bitartean Danimarkako Kanuto Handiak Ingalaterra konkistatu zuen eta bere inperioara bildu zuen. 1042 - 1066an Eduardo Aitorleak dinastia anglosaxoia berrezarri zuen. 1066an Gilermok, Normandiako dukeak, Harold II.a Ingalaterrakoa garaitu eta koroa eskuratu zuen. 1154ean Enrike II.ak Plantagenet dinastia sortu zuen. Gales eta Irlanda konkistatzeari ekin zion. 1189 - 1899an Frantziak Rikardo Lehoibihotzaren kontrako matxinadak bultzatu zituen. 1199-1216 bitartean Joan Lurgabeak kontinenteko lurrak galdu zituen. 1216 - 1272an, Enrike III.aren erregealdian, nobleziaren indarra areagotu egin zen. 1282-84an Eduardo I.ak Gales konkistatu zuen. 1327 - 1337an Eduardo III.ak Frantziako koroa eskuratu nahi izateak eta bi erresumen artean Akitanian zeuden gatazkek Ehun Urteko gerra (1337-1453) piztu zuten. 1377 - 1399an Rikardo II.aren erregealdian nekazari-matxinada, izurria, irlandarren errebolta eta Wycliffe-ren heresia gertatu ziren. 1399an Enrike IV.ak, lehen lancastertarrak, Rikardo II.ari koroa kendu zion. 1413 - 1422 bitartean Enrike V.ak Frantziaren erdia konkistatu zuen eta Frantziako koroako jaraunsle gisa onartu zuten. 1422 - 1461ean Enrike VI.ak, nahiz eta Frantziako errege koroatua izan, kontinenteko lur guztiak galdu zituen. York-eko etxekoek lancastertarrek koroa izateko eskubidea ez zuten onartu eta ondorioz Bi Larrosen gerra piztu zen (1450-85).

1475ean Ehun Urteko gerra bukatu ondoren, Calais ingurua baino ez zuen Ingalaterrak kontinentean. 1485ean Enrike VII.ak Tudor dinastiari eman zion hasiera. 1509 - 1547 bitartean Enrike VIII.ak Erromarekin hautsi zuen eta Eliza anglikanoaren buru izendatu zuen bere burua (1534). 1541ean Enrike VIII.ak Irlandako errege izendatu zuen bere burua. 1547 - 1553: protestantismoa Eduardo VI.aren garaian zabaldu zen. 1553 - 1558: Maria I.aren erregealdian katolizismoak iraun zuen, baina Isabel I.aren erregealdian (1558-1603) protestantismoa behin-betiko sendotu zen. 1588an Gaztelako koroaren Itsas Armada Garaitezina suntsitu ondoren, Ingalaterraren itsas nagusitasuna areagotu egin zen. 1603an Jakobo Estuardok, Eskoziako erregeak, Ingalaterrako koroa jarauntsi zuen. 1642 - 1649 eta 1688-89 urteetan Ingalaterrako Iraultzak gertatu ziren. 1707an Ingalaterra eta Eskoziako koroek bat egin zuten. XVII. mendetik aurrera Erresuma Batua izenarekin ezagutzen da.

Iturria: Harluxet