Frantzia
K.a. I. milurtean, Burdin Aroarekin batera hasi zen gaur egungo Frantziako garai historikoa. Zeltak lurraldea inbaditzen eta herriak sortzen hasi ziren. K.a. 58-51 bitartean Julio Zesarrek Galia konkistatu eta Erromako inperioko probintzia bihurtu zuen. V. mendean barbaroen inbasioak hasi ziren. Rodanoren haranera burgundiarrak iritsi ziren, Akitaniara, berriz, bisigodoak eta oraingo Belgika aldera frankoak. Frankoen Klovis I.a erregeak, tribu frankoak batu eta inguruko tribuak garaitu ondoren, bere erresuma Galiako iparralde osora hedatu zuen, Paris hiriburu zuelarik. Berarekin hasi zen merovinjioen dinastia. Klovis-en ondorengoek erresuma zatitu egin zuten. Garai horretan erregeek baino gehiago berauen jauregizainek gobernatzen zuten. Hauetako batek, Karlos Martel-ek, Baskoien buruzagi Eudon Handiaren laguntzarekin arabiarren inbasioa geldiarazi egin zuen Poitiersko guduan (732).
Pepin Laburrak Txilderiko III.a errege merovinjioa boteretik kendu eta karolinjioen dinastia sortu zuen. 768-814 bitartean Karlomagno erregea erresuma Ebroraino hedatzen saiatu zen, baina baskoiek bere ejertzitoa suntsitu zuten Orreagako guduan (778). Leon III.a aita santuak enperadore izendatu zuen Erroman (800). Karlomagno hildakoan inperioa hirutan zatitu zen. Zatiotako bat Francia Occidentalis (Mendebaldeko Frantzia) izenekoa zen eta Karlos II.a Burusoilak bereganatu zuen Verdungo itunaren bidez (843). Berau hartu ohi da Frantziako lehen erregetzat. Garai hartan aristokrazia feudalak garrantzi handia hartu zuen eta normandiarren inbasioak gertatu ziren.
987an Parisko konde zen Hugo Kapet errege izendatu zuten, kapetarren dinastiari hasiera emanez, baina errege hauek Paris inguruko lurraldea baino ez zuten menperatzen, gainerakoa familia feudal boteretsuen menpe zegoelarik. 1180-1223 bitartean Luis VII.aren seme zen Felipe II.a Augustok monarkiari nazio-izaera eman zion Ingalaterra, Flandes eta Inperio Sainduaren arteko koalizioari aurre eginda. Kultur eta arte-mugimenduak garatu ziren: Parisko Unibertsitatea sortu zen, filosofia eskolastikoa eta arte erromanikoa jaio ziren. XIII. mendearen amaieran, Felipe IV.a Ederraren agintaldian, Frantziako erresumak garrantzi handia hartu zuen Europan. Karlos IV.ak. azken errege kapetarra, semerik utzi ez zuela eta, koroa Valoisko etxearen esku gelditu zen. Hala ere, Ingalaterrako Eduardo III.ak ere koroa beretzat eskatu zuen eta ondorioz Ehun Urteko gerra hasi zen. Karlos VII.ak (1422-1461), Joana Ark-ekoaren laguntzaz, erresuma berrantolatu egin zuen.
Luis XI.ak (1461-83) herrialdearen batasuna finkatu zuen eta jauntxo feudalei boterea murriztu zien. 1562 - 1598 bitartean erlijio-gerrak gertatu ziren. Nafarroako Enrike III.a Frantziako errege bihurtu zen Enrike IV.a izena hartuta, borboien dinastiari hasiera eman zion. Higanota zen, baina katolizismora aldatu zen. Kultu-askatasuna eman zuen Nantesko ediktuaren bidez (1598), erlijio-gerrei amaiera emanez. XVII. mendean Frantzia Europako lehen potentzia bilakatu zen. Luis XIII. eta Luis XIV.aren erregealdietan Richelieu eta Mazarin kardinalek Hogeita Hamar Urteko gerran zehar (1618-48) egindako politikari esker, erregeen boterea handiagotu egin zen. Frantziak Alsazia lortu zuen Westfaliako itunean, Artois eta Rossell- berreskuratu zituen (Pirinioetako bakea, 1659) eta lehen koloniak sortu zituen Ipar Amerikan. Absolutismoaren garaia zen.
Luis XV.aren agintaldian (1715-74) ekonomiak behera egin zuen. Zazpi Urteko gerraren ondorioz (1756 - 1763) Frantziak Kanada, India eta Louisiana galdu zituen. AEBetako abertzaleei laguntza politiko eta ekonomikoa eman zien Ingalaterrari kalte egitearren, ideia liberalak Frantzian zehar hedatzen ziren bitartean. Luis XVI.a (1774 - 1792) izan zen azken errege absolutista. Krisi ekonomikoari aurre egin behar izan zion. Ministro erreformazaleek (Turgot eta Necker-ek) nobleziaren pribilejioak ezabatu nahi izan zituzten, baina nobleen oposizioak eta Parlamentuak ez zieten utzi. 1789ko maiatzean Estatu Orokorrak biltzeko deia egin zen eta han burgesiak noblezia eta kleroari aurre egin zien. Estatu Orokorrek Asanblada Nazional Konstituziogile izendatu zuen bere burua. Orduan hasi zen Iraultza Frantsesa. Jauntxo feudalen pribilejioak deuseztatu eta, Elizaren ondasunak kendu eta saldu egin ziren. Giza eskubideen deklarazioa egin zen eta Frantzia departamendutan banatu zen.
Inguruko erresumek iraultzaren kontra egin zuten eta barne-egoera istilutsua zen. Iraultza arriskuan zegoen. Robespierre boterera iritsi zen 1792ko hauteskundeetan. Haren gobernualdiari (1792-94) Izualdia izena eman zaio, bere arerio politikoekiko izan zuen jokaeragatik. Konbentzio Nazionalak monarkia abolitu eta Frantziako I. Errepublika aldarrikatu zuen. Erregea gilotinatu egin zuten (1793). 1794: Robespierre boteretik kendu, konbentzioa deuseztatu eta 5 laguneko Direktorioa ezarri zen (1794 - 1799). Konstituzio berria egin zen. 1799an Napoleon Bonaparte jeneralak estatu-kolpea jo eta boterea hartu zuen. Barnean ordena berrezarri eta estatu zentralizatu eta boteretsua eratu zuen. 1804an konstituzioa aldatu eta Napoleon enperadore bilakatu zen, garaipen militarrei esker Europako nagusi izan zelarik. Alabaina, Errusiako gerra galdu ondoren abdikatu egin behar izan zuen eta monarkia berrezarri zen Luis XVIII. (1815 - 1824) eta Karlos X.arekin (1824 - 1830). Erregeek ezin izan zuten egoera politiko gatazkatsua konpondu. 1830ean Paris matxinatu egin zen. Karlos X.ak abdikatu eta Luis Felipe Orléanskoa errege koroatu zuten.
Europako Industri iraultzaren garaia zen; orduan hasi zen langile-klasea sortzen eta indarra hartzen. 1848ko Iraultza garaian Paris berriro matxinatu eta II. Errepublika aldarrikatu zen. Sufragio unibertsala ezarri zen, prentsa-askatasuna berrezarri eta lanorduak murriztu egin ziren. Hauteskundeetan Karlos Luis Bonaparte, Napoleon III.a, hautatu zuten. Honek, 1851n, estatu-kolpea jo eta plebiszitua egin ondoren enperadore bihurtu zen 1852an. Beronen agintaldia larderiatsua izan zen, baina industria eta merkataritza garatu eta azpiegitura-lan garrantzitsuak egin ziren. Prusiaren kontrako gerra galduta (1870), II. inperioa erori egin zen. III. Errepublika aldarrikatu zen. 1871n hauteskundeetan gehiengo monarkikoa garaile atera zen. Haren kontra Parisko Komuna mugimendu sozialista eta anarkista altxa zen, baina odoletan zapaldu zuten. 1875ean konstituzio berria bozkatu zen. Ondorengo urteetan askatasun publikoak ezarri ziren eta langile-mugimenduak indarra hartu zuen. 1899 - 1905 bitartean ezkerreko indar politikoek boterea lortu eta Elizaren aurkako politika egin zuten, SFIO alderdi sozialista sortu zen. 1906 - 1914: gizarte-arazoek eta koloniek sortutako arazoek egoera nahasi eta gatazkatsua ekarri zuten, Lehen Mundu-Gerra piztu zen arte (1914).
Gerra ondoren Frantziak Alsazia eta Lorrena berreskuratu zituen; baita Alemaniarenak izandako kolonia asko bereganatu ere. Gerra ondorengo urteetan, ezegonkortasun politikoak eta krisi ekonomikoak faxismoaren garapena bultzatu zuten Frantzian. Bigarren Mundu-Gerran Alemaniak inbaditu zuen eta 1940an armistizioa sinatu zen. Honen bidez Frantzia erdibiturik gelditu zen: zati handi bat Alemaniaren esku eta bestea, Frantzia ez-okupatua, Pétain mariskalaren Vichy-ko gobernu kolaborazionistaren esku. Bitartean, De Gaulle jeneralak Frantzia librearen gobernua eratu zuen atzerrian eta Frantzia okupatuan alemaniarren aurkako erresistentzia sortu zen. Gerra amaitu ondoren, konstituzio berria onartu zen (1946): IV. Errepublika jaio zen. Gobernagarritasunik eza eta kolonietako arazoa (Indotxina, Aljeria, etab.) izan ziren gerra ondorengo ezaugarri nagusiak. 1958an De Gaulle lehendakari hautatu zuten eta konstituzioa aldatu egin zen, errepublikako lehendakariak botere gehiago eskuratu zuelarik.
1968ko maiatzean ikasleen matxinadak, langile-mugimenduarekin bat eginik, estatua geldiarazi eta gobernua erortzeko zorian utzi zuen. 1969an De Gaullek dimititu egin zuen eta Georges Pompidou hautatu zuten lehendakari. Haren agintaldian, 1969 - 1974 bitartean, industria eta, oro har, ekonomia garatu egin ziren. Pompidou hildakoan, Valéry Giscard d'Estaing-ek hartu zuen lehendakaritza. 1981ean ezkerreko alderdiek bat egin eta boterera iritsi ziren lehen aldiz V. Errepublikaren historian. François Mitterrand hautatu zuten lehendakari. Erreforma berriak egin ziren, nazionalizazioak, heriotza-zigorra kentzea, deszentralizazioa, etab. Krisi ekonomikoak jo zuen eta 1986an Alderdi Sozialistak (PS) hauteskunde legislatiboak galdu egin zituen. Orduan egoera berria gertatu zen: ezkerreko lehendakaria eta eskuineko gobernuburua batera suertatu ziren botere exekutiboan. Jacques Chirac lehen ministroak politika liberala ezarri zuen: bankuak, industri talde handiak eta mass-mediak pribatizatu egin zituen.
1988an François Mitterrand lehendakari berrautatu zuten. 1992an Europako Batasuna lortzeko Itun berri batean, Maastricht-ekoa, erreferendumean boto gutxigatik nagusitu zen baiezkoa, frantses gizartea bitan banaturik ageri zelarik. 1993an eskuineko alderdiek hauteskundeak irabazi zituzten, Alderdi Sozialistak porrot handia jasan zuen bitartean. 1995ean Jacques Chirac eskuindarra (RPR) lehendakari hautatua izan zen eta armadak Polinesia Frantsesean leherketa nuklearrak egiteari ekin zion; honek Frantziako politika militarraren aurkako gaitzespen eta kritika ugari eragin zuen mundu osoan. Urte amaierako grebek nazio osoa geldiarazi zuten, Juppé lehen ministroaren erreforma-bideak bertan behera utziz.
Egungo egitura politikoa zera da: Batetik, Errepublikako botere legegilea parlamentuari dagokio. Bi ganbaraz osatuta dago: Asanblada Nazionaleko kideak 5 urtez behin hautatzen dira zuzeneko sufragio unibertsalez. Senatuko kideak zeharkako sufragioz hautatzen dira 9 urtez behin (baina hiru urtez behin Senatuaren herena berritu egiten da). Bestetik, botere exekutiboa gobernu eta errepublikako lehendakariaren artean banatuta dago. Azken hau zuzeneko sufragio unibertsalez hautatzen da 7 urtez behin. Gobernuko burua lehen ministroa da. Administrazioari dagokionez 22 eskualdetan eta 100 departamendutan banatuta dago; hauetatik lau itsasostekoak. Gainera, itsasosteko Saint-Pierre eta Mikelune eta Mayotte lurraldeek estatus berezia dute Frantziaren barruan; Korsika uharteak ere, 1982.az gero, autonomia txikiko estatus berezia du.
Iturria: Harluxet