Espainia (Reino de España).
Badirudi Brontze-aroaren hasieran (K.a. 1500 inguruan) iritsi zirela Afrikaren iparraldetik Iberiar penintsulara gero iberiarrak deitutako herriak, baina aztarnategietan aurkitakoaren arabera Behe-Paleolitoaz geroztik (orain dela 1.300.000 urte inguruz geroztik) baziren gizakiak bertan. K.a. 1000. urtetik aurrera zeltak iritsi ziren Iparraldetik, Katalunia eta Baskonian barrena, Pirinioak zeharkatuta. Herri zeltak eta iberiarrak Katalunian, Ebroren lautadan eta Mesetan bertako populazioarekin nahasi ziren eta herri zeltiberiarra sortu. K.a. 1100. urtetik aurrera feniziarrek eta grekoek koloniak fundatu zituzten Mediterraneoko kostaldean. K.a. III. mendean Iberiar penintsularen ekialdea Kartagoren menpera pasa zen. K.a. 219an Hanibal kartagoarrak Erromaren babesa zuen Sagunto hiria suntsitu eta ondorioz bigarren gerra Punikoa hasi zen.
Erromatarrek Iberiar penintsula inbaditu eta ia osorik konkistatu zuten K.a. 209 - 206 bitartean, zeltiberiarren eta lusitaniarren aurkako hainbat gerraren ondoren. Erromatarrek Hispainia deitu zioten penintsula osoari eta Erromatarren Inperioak latina hedatu zuen ia Penintsula osora, haien bidez iritsi zen kristautasuna ere. V. m.aren hasieran barbaroek inbaditu zuten Penintsula: bandalo, alano eta sueboak iritsi ziren lehenik eta bisigodoak ondoren. Hauek erromatarren aliatu ziren; gainerako barbaroak eta hispano-erromatarrak menperatu egin zituzten. Toledo ezarri zuten hiriburu eta erresumaren lurralde-batasuna lortzen saiatu ziren Leovijildo erregearen agintaldian (571 - 586). Rekaredok erlijio-politika aldatu egin zuen; arianismoa utzi eta katolizismora aldatu zen (587), bisigodo eta hispano-erromatarren arteko bereizketa erlijiosoa deuseztatuz. 711ean musulmanak Penintsulara sartu ziren Afrikatik, Rodrigo menperatu eta bisigodoen arteko konponezinaz baliaturik, ia Iberiar penintsula osoa menperatu zuten urte gutxiren buruan. 719an Pirinioetara iritsi eta pasa ziren, baina Eudon Handiak lehenengo (721) eta Karlos Martelek gero Poitiersko guduan (732) arabiarrak Europan barrena zabaltzea geldiarazi zuten.
Musulmanek Al-Andalus izena eman zioten Penintsulari eta 756 arte Damaskoko kalifaren emirrek gobernatu zuten. Urte horretan Abd ar-Rahman-ek Kordobako emirerri independentea aldarrikatu zuen. 929an Abd ar-Rahman III.ak kalifa izendatu zuen bere burua eta Kordoba Europako gune intelektual nagusi bilakatu zen. Al Mansur hildakoan (1002), kaliferria erresuma txikitan puskatu zen, Taifen erresumak alegia. Orduan, Penintsulako Iparraldeko asturiar eta nafar erresuma kristauak hasi ziren hegoalderantz zabaltzen eta musulmanen lurraldeak bereganatzen.
Espainiarrek Errekonkista izena emandako garaia 722an hasi zen Covadongan eta ia 800 urte iraun zuen. X. mendean Nafarroako Antso I. Gartzesek Errioxa berreskuratu eta Antso III.a Nagusiak Aragoi, Sobrarbe eta Ribagortzako konderriak erresumara bildu zituen. Antso III.a Nagusiaren seme Fernandok bere osabarengandik Gaztelako konderria jarauntsi zuen eta bere burua bertako errege izendatu zuen. 1076an, Alfontso VI.a Gaztelakoak Errioxa, Bizkaia eta Gipuzkoa inbaditu zuen eta 1085ean Toledo konkistatu. XII. mendean Iruñeko eta Aragoiko Alfontso I.a Borrokalariak Zaragoza (1118) eta Ebroren eskualdea hartu zituen. Garai hartan kristauen lurraldea Leon, Gaztela, Portugal, Aragoi eta Nafarroako erresumetan banatuta zegoen. Gaztela, Aragoi eta Nafarroak bat eginik almohadeak garaitu zituzten Navas de Tolosako guduan (1212), Andaluziarako bidea irekiz.
1248an Gaztelako Fernando III.ak Sevilla hartu zuen. XIV. mendean erresuma kristauetan errege eta nobleziaren arteko gatazkak eta barne-krisiak nagusitu ziren; bitartean Granadakoa zen Penintsulan zirauen erresuma musulman bakarra. XV. mendean Gaztelako Isabel I.a erregina Aragoiko Fernando II.arekin ezkondutakoan (1469) Penintsulako bi erresuma nagusiak batu egin ziren, erresuma bakoitzak bere instituzioak mantendu bazituen ere. 1492ean Errege-erregina Katolikoek Granada hartu eta musulmanak Penintsulatik egotzi zituzten. Urte berean Amerika aurkitu zen eta inperioa sortzen hasi zen. Napoliko erresuma konkistatu zuten, Afrikaren iparraldera ere iritsi ziren eta Kanaria uharteak bereganatu zituzten. Isabel Katolikoa hildakoan erresumak berriro bereizi egin ziren; Fernando II.a Inkisizioaren agindupean Albako II. dukeak Nafarroako erresuma inbaditu zuen, 1512an.
Fernando eta Isabelen biloba Karlos I-ak 1516an berriro batu zituen erresumak. Halaber, aitona Maximiliano hil zitzaionean Alemaniako koroa bereganatu zuen Karlos V.a Alemaniakoa izenarekin. Europako nagusigoa lortu zuen horrela, Ameriketako inperioa zabaltzen zen bitartean. Baina Alemanian Martin Luther-en erreforma protestantea hedatuz joan zen eta 1556an inperioa puskatu egin zen. Alemania bere anaia Fernandori utzi behar izan zion; Espainia, Italia, Probintzi Batuak eta Ameriketako inperioa bere seme Feliperi utzi zizkion. Felipe II.ak bere agintaldian (1556 - 1598) eutsi egin zion Europako nagusigoari eta, Portugalgo Mariarekin ezkonduta, Portugalgo erresuma bereganatu zuen. Baina Ingalaterra inbaditzera bidalitako Itsas armada Garaiezinak sekulako porrota izan zuen (1588); orduz gero Espainiako erresumaren gainbehera hasi zen.
XVII. mendea dekadentziarena izan zen. Portugalgo erresuma bereizi egin zen. Krisi ekonomiko larria egon zen eta 1648: Herbehereek independentzia lortu zuten. Karlos II.a (1665-1700) seme-alabarik gabe hil zen; Habsburg-eko etxearen amaia izan zen. Nafarroako Luis III.a eta Frantziako XIV.aren biloba zen Felipe Anjoukoa izendatu zuen bere ondorengo, baina Austriako Leopoldo I.ak ez zuen onartu borboien dinastia ezartzea eta Ondorengotza-gerra piztu zen (1701 - 1714). Azkenik, borboien dinastia ezarri zen Espainian. Karlos III.a (1759 - 1788) izan zen XVIII. mendeko errege espainolik nabarmenena; haren agintaldian merkataritza garatu eta gizartea, oro har, modernizatu egin zen. Iraultza Frantsesa gertatu zenean, Espainia gerran hasi zen Frantziaren aurka. Baina Napoleonek Espainia inbaditu eta Karlos IV.ak Napoleonen anaia Jose Bonaparteren alde abdikatu behar izan zuen (1808).
Espainolek ez zuten errege hori onartu eta 1808an Napoleonen aurkako gerra hasi zen. 1812an konstituzio liberala aldarrikatu zen Cádizen eta borboien dinastia berrezarri zen Fernando VII.arekin (1814 - 1833). Honek ez zuen konstituzioa onartu eta erregimen absolutista ezarri zuen 1823an, liberalen altxamendua frantsesen laguntzaz zapaldu ondoren. Bitartean Espainiak Ameriketan zituen kolonia gehienek independentzia lortu zuten. 1833 - 1839 bitartean Lehen Gerra Karlista. Gerrarako arrazoia ez zen dinastiko hutsa; politikoa baizik. Erregina erreforma liberalen eta zentralizazioaren alde zegoen; Karlosen aldekoak berriz, kontserbadoreak ziren eta foruak errespetatzea eskatzen zuten. Isabel II.aren agintaldian militarrak behin eta berriro altxatu ziren gobernuak aldatzeko. Monarkia absolutista desprestigiatuta zegoen. 1868an iraultza piztu zen eta Donostian zegoen erreginak Frantziara alde egin behar izan zuen. 1869an lehen aldiz sufragio unibertsal zuzenez hautatutako gorte konstituziogileek konstituzio berria aldarrikatu zuten. 1872an Bigarren Gerra Karlista hasi zen.
1873an Lehen Errepublika aldarrikatu zen. Azkenik, 1874an, Isabel II.aren seme zen Alfontso XII.az borboien dinastia berrezarri zen. 1876an konstituzio berria egin zen, erregeak eta gobernuak osatutako botere exekutiboaren ahalmenak handiagotuz. 1898an Estatu Batuen aurkako gerra hasi zen, ondorioz Ameriketako azken koloniak eta Filipinak galdu zirelarik. Alfontso XIII.aren agintaldian (1902-31) mugimendu sozialista eta anarkistek garrantzi handia hartu zuten. Halaber, Katalunia eta Hego Euskal Herriko mugimendu abertzaleak garatu ziren eta ondorioz estatuko gobernuak ez ziren batere egonkorrak izan. 1923an Primo de Rivera jeneralak estatu-kolpea jo eta elizak, armadak eta lurjabe handiek lagundutako diktadura-erregimena ezarri zuen 1930 arte. Hurrengo urteko udal-hauteskundeetan errepublikarrek gehiengo handiz irabazi zuten eta 1931ko apirilaren 14ean Bigarren Errepublika aldarrikatu zen, erregeak alde egin behar izan zuelarik. Konstituzio progresista egin zen eta 1932an Kataluniak autonomi estatutua lortu zuen.
1933an eskuineko alderdiek hauteskundeak irabazi zituzten. 1934an gobernuaren aurkako greba orokorra egin zen eta Asturiasen matxinatu egin ziren meatzariak. Halaber, Kataluniako gobernuak Kataluniako errepublika aldarrikatu zuen, baina gobernuak, armadaren laguntzaz, bi altxamenduak zapaldu egin zituen. Ezkerreko alderdiek, Herri-Frontea izeneko koalizioan bildurik, 1936ko hauteskundeak irabazi zituzten. Baina armadako kontserbadore eta monarkikoek altxamendu militarra bultzatu zuten Franco jenerala buru zutela. Espainiako Gerra zibila piztu zen 1936ko uztailaren 18an. Errepublikako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako autonomi estatutua onartu ondoren lehenengo Euzko Jaurlaritza sortu zen (1936 - X - 7). Espainian 1939 arte iraun zuen gerra. Francok, estatuburu bihurturik, alderdi bakarreko diktadura latza ezarri zuen hil zen arte. Euskal abertzaletasuna, euskara eta euskal kulturaren aurkako politika zapaltzaile bortitza erabili zuen.
Espainiak ez zuen zuzenean parte hartu Bigarren Mundu-Gerran, Alemania eta Italiako erregimenen alde bazegoen ere. 1947an erreferendumez onartutako ondorengotza-legearen bidez, Espainia erregerik gabeko erresuma definitu zen eta Francok biziarteko erregeorde izendatu zuen bere burua. 1969an, ordea Francok Joan Carlos I.a Borboikoa, Alfontso XIII.aren biloba, bere ondorengo izendatu zuen. 1970etik aurrera erregimena krisian sartu zen. Burgosko auzian mundu mailan gaitzetsi zen erregimena eta 1973an Francok Luis Carrero Blanco almirantea izendatu zuen gobernuko lehendakari, baina urte berean ETAk hil egin zuen. Franco hil aurretik FRAPeko hiru militante eta Txiki eta Otaegi euskaldunak fusilarazi zituen. 1975ean Franco hil egin zen eta Joan Carlos I.a errege izendatu zuten. 1976an Adolfo Suárez gobernuburu zela, erreforma politikorako legea erreferendumez onartu eta alderdi politikoak legeztatu egin ziren. Hala ere, Euskal Herrian Batallón Vasco Español talde armatu paramilitarra bultzatu zuten. 1978an konstituzioa egin eta erreferendumez onartu zen, Espainia monarkia demokratiko eta autonomi estatu gisa instituzionalizatuz. Ondorioz, estatuaren banaketa administratiboa aldatu eta 17 elkarte autonomo sortu ziren.
1981ean armadaren eta guardia zibilaren sektore erreakzionarioek altxamendu militarra egiten saiatu ziren kongresuaren egoitzan sartu eta diputatu eta gobernukideak bahituta, baina porrot egin zuten. Urte berean Espainia OTANen sartu zen. Hauteskundeak PSOE alderdi sozialistak irabazi zituen eta Felipe González izendatu zuten gobernuko lehendakari. Euskal Herrian GALek hartu zuen talde paramilitarren papera. 1986an Espainia Europako Ekonomi Elkarteko partaide bilakatu zen. 1989ko hauteskundeak PSOE alderdiak irabazi zituen berriro. 1995ean hauteskunde autonomikoetan PSOEk boto asko galdu zituen, eta PP eskuineko alderdia nagusitu zen. 1996an hauteskunde orokorretan PPko J.M. Aznar hautatu zuten gobernuburu.
Egungo Erregimen politikoa monarkia parlamentarioa da. Erregeak ordezkari-lana baino ez du. Botere legislatiboa parlamentuari dagokio. Bi ganbaraz osatuta dago: kongresuaz eta senatuaz. Diputatu eta senadoreak lau urtez behin hautatzen dira sufragio unibertsalez. Botere exekutiboa gobernuari dagokio; lehendakariak, lehendakariordeek eta ministroek osatzen dute. Administratiboki 17 autonomi elkartetan eta estatutu berezia duten Ceuta eta Melilla udaletan banatuta dago. Halaber, autonomi elkarteak probintziatan banatuta daude. Autonomi elkarte guztiek ez dute autonomi maila berdina.
Iturria: Harluxet