<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Urrezko txekorra

Arabako Okina herrian bada leize bat alegi askotan aipatzen dena. Zezen, ahari edo ardi itxuran agertzen diren jeinuen bizileku omen da. Diotenez, han barruan urrezko txekor bat dago, jeinu eta izaki beldurgarri horiek guztiek zaindua.

Garai batean, Okinako artzain gazte batek leize horren ingurura eramaten zuen artaldea bazkatzera. Leizearen aurrean eseri eta gerlari ausarta zela amesten zuen: jendeak aipatzen zituen kontu haietaz pentsatzen zuen, han zeuden altxorrez, zaintzen zituzten jeinu eta munstroez; leize barruan inolako beldurrik gabe sartu, altxorraren zaintzaileekin borroka egin eta altxorra besapean zuela etxerantz abiatzen zen... Mundu guztiak goraipatzen zuen eta bere ama oso pozik zegoen hain seme ausarta izatearekin.

Artaldea utzita, behin edo behin zuloaren barrualdera begiratzen zuen, baina, hango iluntasunak eta entzuten zituen oihuek larruazala oiloipurdian jartzen zieten. Egun batean, leize aurrean eserita zegoela, arkume beltz bat ikusi zuen handik ateratzen, triste eta beeka. Hasieran, jeinu bat zela pentsatu zuen eta zutik jarri zen arin-arin.  Arkumea, ordea, ondo-ondoan jarri zitzaion bazkan. Artzainak pentsatu zuen orduan beste artalderen batetik galdukoa eta haitzuloan gerizpetutakoa izango zela.

Mutila arkumearengana hurbildu eta ukitu egin zuen, une horretan, izugarrizko indar batek bultzatuta artzaina leize barruan zuen. Leizearen hondoraino iritsi zenean ohartu zen non egon zitekeen, gainera, arkume beltza desagertu eta bakar bakarrik zegoela konturatu zen. Leize barruan sekulako argitasuna zegoen, herriko zaharrek kontatzen zuten alegietako urrezko txekorra zegoen bertan eta haren distirak leize osoa argitzen zuen.

-Hau zorte ona!, altxorra aurkitu dut! -esan zion bere buruari.

Une horretan, txekorrak begiak zabaldu eta honela hitz egin zion artzainari:

-Asko izan dira altxorra eramateko asmoz leizean sartu nahi izan dutenak, baina, zu izan zara lehena. Zu, oraingo honetan aterako zara -jarraitu zuen txekorrak-, baina norbait  sartzen bada edo noizbait zu hona sartzen ausartzen bazara, larrutik ordainduko duzue! Zoaz, eta esaiezu denei hemen entzundakoa. 

Orduan, haize bolada batek zurrunbiloan atera zuen kobazulotik. Ardi baten lamikadak esnatu zuen. Hasiera batean zorabio sentitu zuen, baina berehala konturatu zen betiko lekuan zegoela, Okinako leizearen aurrean eta bere ardiez inguratuta alegia. Gertatutako gogoratuz zirrara sentitu zuen oinetatik burura igotzen. A ze ametsa egin dudana, esan zuen. Ardiak bildu eta ahalik eta azkarren itzuli zen herrira. Gertatutakoaren berri ez zion inori eman eta leize hartara ez zen bere bizi osoan itzuli.