<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Urrezko ohazala

Ataungo senar-emazte batzuk jentilen lagun egin omen ziren. Hauen baserrian biltzen ziren gauero, solasean eta jokoan aritzeko. Halako batean, etxekoandrea gaixotu egin zen. Jentilak egunero jaisten ziren eta urrezko ohazal bat ekartzen zioten, ohe gainean zabaldu eta azkarrago sendatzeko. Egunsentian, oilarrak jotzen zuenean, jentilek alde egiten zuten ohazala beraiekin hartuta.

-Konturatu al zara ze ohazala? -Galdetu zion emazteak senarrari- Urrezkoa da... -jarraitu zuen etxekoandreak- erreal mordoa emango ligukete horrengatik.

Biharamun gauean, jentilak beti bezala agertu ziren, betiko garaian eta ohazal eder harekin ohe gainean  zabaltzeko. Gaua giro ederrean igaro zuten, baina, erraldoiak jokoan murgilduta zeuden une batean, gizonak ohazala altzairuzko iltzez josi zion oheko zurari. Oilarrak kantatu zuenean, jentilak ohazala jasotzera joan ziren, baina  iltzez josia zegoenez, ezin izan zuten jaso lehen ahaleginean. Indarrez tira, eta hautsi egin zuten. Haserre alde egin zuten handik etxejabeei honako madarikazioa bota ondoren: 

Etxe hau zutik dagoen bitartean, hemen ez da faltako begi bakar, besamotz eta herrenik.

Eta urte askotan horrelaxe izan omen zen.