<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Urgeldiko basilisko
Arabako Mendozan bada Urrialdo izeneko auzo bat. Duela urte asko oso jendeztatua zegoen, etxe ugari zituen eta aberastasuna nonahi nabarmena zen.
Egun batean, itxuraz garrantzirik ez zuen zerbait gertatu zen, baina gertakari horrek Urrialdo herria larritu eta hango biztanleen poza deuseztatzea lortuko zuen.
Suge batek oilo-arrautza bat lapurtu eta txitatu egin zuen. Bere garaia etorri zitzaiolakoan, arrautza puskatu egin zen eta bere barrutik basilisko bat atera zen. Katu bat bezain handia zen, oilar buruarekin, gorputza sugearena bezalakoa zuen, hegoak arantzez beteak eta bere isatsa lantza bezain luzea eta mutur zorrotza zen.
Izan daitekeen animaliarik beldurgarriena da basiliskoa. Armarik hoberenak, begiak eta hortzak ditu. Basiliskoaren begirada heriozkoa da, pertsonarik barren-garbienak ere ez dezake garaitu. Basiliskoaren begiradak gauzarik txarrenak egin ditzake: landareak zimeldu, arbolak ihartu, hegaztiak hegan doazenean erori eta holako hainbat gauza eragin dezake. Bere begiradari eusteko gaitasuna duen bakarra boskoitza, "sendabelarra" da, basiliskoaren hortzek egindako zauriak senda baititzake. Bi animalia dira borroka batean basiliskoa gainditzeko ahalmena dutenak: oilarra eta erbinudea. Animalia beldurgarri hori hil egiten da oilarraren kukurrukua entzutean eta baita erbinudeak hortzak gorputzean sartzen dizkionean ere.
Baina Urrialdoko biztanleek ez zuten horrelakoen berririk. Egun batean, basiliskoa putzuan azaldu zen, uretan zegoen enbor baten gainean eserita. Lehen-lehenik, arropa garbitzera hurbildu ziren bi emakumek ikusi zuten.
-Zer da hor uraren erdian dagoen hori? -galdetu zuen batek.
-Bada, ez dakit ba..., nik esan behar banu, oilar bat -erantzun zion besteak.
-Oilar bat uretan? Noiz ikusi duzu horrelakorik?
Horretan, basiliskoak bere begirada bota zien, bi emakumeak hilik geratu ziren eta munstroa desagertu egin zen.
Inork ez zuen garbi ikusten heriotza haren arrazoia eta Urrialdoko biztanleen beldurra areagotu egin zen biharamunean gizon bat hilik agertu zenean, eta hurrengoan bestea, eta gero bestea... Heriotza guztiak putzutik hurbil gertatzen ziren baina inork ez zuen gauza arrarorik ikusi. Hori ikertu behar zutela eta, gazte bat bidali zuten zelatan egon zedin. Mutila zuhaitz batera igo zen egunak argitu baino lehen eta, adar tartean ezkutaturik, itxoiten jarri zen.
Goiz osoan ez zen ezer gertatu. Baina, eguerdi inguruan, zalgurdi bat ikusi zuen putzurako bidean zetorrela. Bidaiariek paisaiari begira, etxeei buruz hitz egiten zuten. Halako batean, aintzirara begiratu zuten eta, bat-batean, hango uretan basiliskoa azaldu zen. Begirada zalgurdian jarri zuen eta, zuhaitzean gordeta zegoen mutilari zer gertatzen zen ikusteko astirik eman gabe, zalgurdia eta pertsonak desagertu egin ziren. Une batzuetan, mutila josita bezala geratu zen, gero begiak igurtzi zituen eta aintzirara begiratu zuen, baina basiliskoa desagertua zen ordurako.
Gertatutakoaren berri izan zutenean, Urrialdoko biztanleei beldur-ikara gainditu zitzaien. Ez zekiten nola borrokatu halako izaki ahaltsua eta gehienek herritik alde egitea erabaki zuten, lehenengo gauza bizia gordetzea baitzen.
Bakar batzuk geratu ziren. Baina denbora aurrera zihoan, abandonaturiko etxeak erortzen ari ziren eta geratu ziren biztanleak geroz eta arloteagoak ziren; izan ere, ez ziren ateratzen basiliskoarekin topatzeko beldurrez eta ez ziren ausartzen putzu hartako ura erabiltzera ere.
Eta orduan gertatu zen. Animaliak aske zebiltzan, janaria aurkitu nahian, jabeak ez baitziren jadanik haietaz arduratzen. Ura edatera putzura hurbiltzen zirenean, basiliskoa azaltzen zen eta hil egiten zituen. Egun batean, ordea, ia lumarik ez zuen oilar zahar bat inguratu zen putzura. Basiliskoa azaldu eta begira geratu zitzaion eta oilar zaharrak ere begirada itzuli zion. Horrela egon ziren une batez. Orduan, oilarrak, beste hura oilategiko lekua kentzera joan zitzaiolakoan, haizea hartu zuen, bere bular argal hura puztu zuen eta bere sasoirik hoberenean bezala kantatu.
Basiliskoa harri bihurtu zen, zatitu zen eta urperatu egin zen.
Harez gero ez dute basiliskorik ikusi herrialde hartan, baina alde egin zuten haiek ez omen ziren inoiz itzuli eta Urrialdoko herriak geroztik ez du ezagutu garai batean izan zuen aberastasunik.