<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Zazpi urte joanak ziren azkeneko aldiz Mari Txindoki mendian izan zenetik; bertan baitzuen, izan ere, egundo inork ikusi gabeko, baina denen ahotan zegoen bizileku eder bat. Ziotenez, haitzuloaren barnealdea urrez estalirik zegoen eta altzariak ere urrezkoak ziren. Dama noiz heldu zen erraz jakin zuten, zaldi hegalari bat agertu baitzen zerua zeharkatuz eta ondoren, aspaldiko urtetan ikusi ez bezalako euri jasa hasi baitzuen. Euriteak egun batzuetan iraun zuen, egunsenti batean atertu zuen arte. Zerua oskarbi zegoen, Txindoki mendiaren tontorra zen hodei txiki batez estalia zegoen bakarra.
-Damak labea piztu du -esan zuten eskualdeko biztanleek eta asko poztu ziren, denboraldi batean ekaitzik ez zela izango adierazten baitzuen horrek.
Egun batean, artzaintsatxo batek mendi hegalera, larrera eraman zuen bere artaldea. Eguzki distiratsua zegoen eta udaberriaren hasiera antzeman zitekeen. Artzaintsatxoa zabartu egin zen loretxoei eta zuhaitzez zuhaitz zebiltzan txoriei begira. Ordu batzuk iragan eta gero etxeratzeko garaia zela pentsatu zuen eta ardiak biltzen hasi zen.
-Bat, bi, hiru... hamazazpi, hamazortzi, hemeretzi eta... A! bat falta zait!
Neska gaixoa ardi galdua bilatzen hasi zen, baina nola zitekeen hori? Ordura arte ez zitzaion bat bakarrik ere galdu eta, zer esango zion ardi jabeari?
Ardi galduari dei egin zion, berriro banan banan kontatu zituen badaezpada ere, baina alferrik; ardia ez zitzaion agertzen. Mendian gora begiratu zuen; eta animalia tontorrera igoa bazen? Beldur pixka bat barruraino sartuta mendian gora abiatu zen. Mila aldiz entzuna zuen herrian Mari Txindokin zegoen bitartean hobe zela hara ez igotzea, mila aldiz entzunak zituen desagertutako pertsonei buruzko gauza izugarriak, baina, igotzen zihoan bezala, lasaitzen ari zen. Ez zirudien aparteko gauzarik gertatzen zenik han, dena lasai zegoen. Bere ardiaren marraka entzun zuen.
-A! Hor al zaude, bihurria?
Artzaintsak sastraka batzuk baztertzerakoan ardia haitzulo baten sarreran zegoela ikusi zuen, urrezko goruz ehuntzen ari zen andre eder baten oinetan. Bere bizi guzian ez zuen ikusi halako dama ederrik! Neska han egon zen minutu batzutan andreak ehuna nola egiten zuen begira, ez zuen ezagutzen hain azkar ehun zezakeenik, hipnotizatua bezala zegoen esku txiki eta fin haiek goruan zerabilten mugimenduari begira. Eta honetan, eskuak gelditu egin ziren.
-Eta? Hor tente egon behar al duzu bizi osoan?
Damaren ahotsak kristalezko kanpaiaren soinua zuen. Artzaintsak ez zion erantzun.
-Eta? -esan zuen damak berriro- ez al dakizu hitz egiten? Ez duzu ezeren beldurrik izan beharrik. Nire izena Mari da eta hau, nire etxea.
-Nik Kattalin dut izena -erantzun zion artzaintsak bere ahotsaz pixka bat harriturik.
-Eta zure familia?
-Ez dut familiarik.
-Eta ardiak?
-Ez dira nireak.
Marik, goitik behera begiratu ondoren, irribarre egin zion.
-Ondo da, Kattalin, lagunduko didan norbait behar dut. Denboraldi batean nirekin geratzen bazara, gogotik ordaindua izango zara eta egunen batean zeure artaldea izateko aukera izango duzu.
Kattalin Marirekin geratu zen zazpi urtez. Marik hezi zuen, ehun lanean, ogia egiten, landareen ezaugarri zoragarriak bereizten, animalien hizkera ezagutzen..., denetik ikasi zuen.
Urte haien burura, egun batean honela esan zion Marik:
-Kattalin, denbora honetan denean nirekin egon zara, zintzo portatu eta nik irakatsi dizudan guzia ikasi duzu. Nik joan beharra daukat, baina ordainduko nizula agindu nizun eta hona hemen nire oparia.
Eta ikatz zati handi bat eman zion neskari. Gero, desagertu egin zen sugarrez inguraturik. Kattalin, harrituta ikatz zatiari begira geratu zen.
-Hauxe opari arraroa -esan zuen bere kolkorako, eta haitzulotik atera zen.
A zer harridura ikatz zatia urre bihurtzen zela ikusi zuenean! Mendia arineketan jaitsi eta herrira joan zen. Aspaldidanik hiltzat jotzen zuten eta ez zuen inork espero. Denei eman zien gertatutakoaren berri eta urrearekin etxea eta artalde bikain bat erosi zituen.
Iturria: Euskal leiendak, Erein