<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
-Zor didazuna gogoraztera natorkizu! Baina... hain gaiztoa naizenik ez dezaten esan, eskuzabala izan nahi dut!!! Zenbat urte ditudan asmatzen baduzu, aske utziko zaitut; bestela, berriz, ez duzu berriro zuretarrik ikusiko.
Gizon gizajoa, etsi eta izutua, deabruaren adina zein izan ote zitekeen. pentsatzen hasi zen.
-Edozein zenbaki izan daiteke, bat eta milioiaren artean...
Jakintsu, doktore eta aztiengana jo zuen. Dena dakiten horiei galdetu zien, sorgin fama zuten pertsonei, adin ofizialak kalkulatzen zituztenei... baina alferrik! Ez zen inor deabruaren adina ezagutzen zuenik.
Bi egun, bakarrik geratzen ziren epea betetzek eta, orduan, amona xahar bat agertu zitzaion.
-Gazte -esan zion amonak- aurpegi txarra daukazu... ez al didazu esan nahi zer gertatzen zaizun?
-Ai, andrea... orain dela denboraldi bat, diru-premia larrian nengoela, deabrua agertu zitzaidan eta txanpon pilo bat eman zidan nire arimaren truke. Orduan dirua nuen beharrezkoena, baina orain...
-Hortaz, arima deabruari saldua daukazu, ezta? -galdetu zion amonak xaharrak- eta noiz betetzen da epea?
-Ai, andrea... etzi etorriko zait bila eta salbatzeko bide bakarra bere adina asmatzea dut, baina... mundu guztiari galdetu diot eta inork ez daki!
Amonatxoa barrez hasi zen.
-Ba! Ez kezkatu! -esan zion- zoaz etxera eta arazo hau utzi nire eskuetan, ni arduratuko naiz.
Amona Txerrenen leizera abiatu zen, sarrerari atzea emanda jarri eta gonak jaso zituen ipurdia bistan utziz. Gero makurtu eta hankak zabalduz, Haien artetik aurpegia azaldu zuen oihukatuz:
-Txerren! Txerren! Non zaude?
Bere izena entzun zuenean, Txerren azaldu zen eta ikuskizun harrigarri bat topatu zuen: buru bat ipurdiaren azpian. Sartu zitzaion barregurarekin itotzeko zorian egon zen.
-Ehun eta berrogeita hamar urte, ditut -esan zuen- baina horrelakorik ikusteko nengoen!
Amona berehala joan zitzaion zordunari deabruaren adinaren berri ematera.
Handik laster deabrua azaldu zitzaion gizonari.
-Beno, ba... zorra kobratzera natorkizu... zure arima niretzat! Baina aurrena, ematen dizudan aukera hau aprobetxatzen ba ote dakizun ikusi nahi dut. Esadazu zehatz-mehatz: zenbat urte ditut?
-Ehun eta berrogeita hamar urte dituzu juxtu-juxtu, ez gehiago eta ez gutxiago -erantzun zion gizonak.
Deabrua ahoa bete hortz geratu zen.
-Ez dakit nola asmatu duzun, baina libre zara!
Eta Txerren desagertu egin zen.
Gizona luzaroan bizi izan zen, baina handik aurrera ez zuen inolako negoziorik egin deabruarekin!