puntubi.com

Salbatoreko ganderailua

Orain dela mila urte Mendiben ez zen bi etxe besterik: Lohibarria eta Mikelaberroa. Egun batean, Lohibarriako artzaina Galharbeko-potxa aldera, Iratitik hurbilera, joan zen bere artaldearekin. Haitzulo batera inguratu zenean, Basandere ikusi zuen orrazten. Ondoan, garbitu berri zuen ganderailua zeukan, eguzkiak bezala distiratzen zuena. Gaztea liluratuta geratu zen, mutu, ganderailuari begira.

-Zertan ari haiz hor, hildakoak bezala geldi? -galdetu zion Basanderek- nire ganderailu ederra gustatzen zaik, ezta?

-Ez dut nire bizi osoan horrelakorik ikusi -ihardetsi zion mutilak-, emadazu arren.

-Hi ez hago sano, motel!!! Ganderailu hau nire lagun Basajaunek oparitu zidak-eta -esan zion andere basatiak.

Baina artzainak setati bereari eutsi zion. Basanderek sekula entzun ez zituen kontu politak esan zizkion, Nafarroa Behereko kantu-zahar amodiozkok kantatu zizkion, bertsoak jarri... eta azkenean, ganderailua lortu zuen Basanderengandik.

Mutilak ganderailua eskuratu zuenean, berarentzat arriskutsuegi zela, eta hoberena Salbatoreko baselizara eramatea izango zuela pentsatu zuen. Basandere horretaz ohartu zenean oihuka hasi zitzaion hura itzultzeko eskatuz, baina mutilak, aurrera jarraitu zuen.

Horretan, Basajaun mendi tontorrean zegoen eta emaztearen oihuak entzun zituen. Zer gertatzen zen ikusi zuenean, bi saltotan mutilaren ondoan zen, hau Salbatorera iristen ari zen momentuan.

-Ai! -esan zuen artzainak- Jon Doni Salbatore, zuretzat nuen. Otoi, erruki zakizkit!

Une hartantxe, kapilako kanpaia bakar bakarrik hasi zen jotzen eta basoko jaun-andreak bat-batean gelditu egin ziren.

Basajaunek oihu egin zuen.

-Kanpai madarikatu horrek on egin dik! Baina habil argi! ...noizbait baraurik harrapatzen bahaut, larrutik ordaindu beharko duk eta!

Bi erraldoiak basoan desagertu ziren eta artzainak ganderailua baselizaren barrura eraman zuen.

Handik egun batzuetara mutilak mentura hura ahaztuta zeukan eta baraurik irten zen mendi aldera. Bat-batean, Basajaun atera zitzaion bidera eta, begira-begira geratu zitzaion irribarre gisako keinu bat eginez.

-Beno! Beno! -esan zuen- hara nor daukagun hemen...

Gaztea orduan oroitu zen mehatxuaz eta bere burua galdua ikusi zuenean eskuak burura eraman zituen etsipenez. Patuak hala nahi izango zuen-eta bezperan garia jotzen aritua zen eta ale batzuk ile tartean gelditu zitzaizkion. Berehala jan zituen ale haiek eta baraua hautsi. Basajaun desagertu egin zen, eta ez zitzaion mutilari gehiago azaldu; hau, ordea, gertatutakoaren ondoren ez zen geroztik baraurik mendirantz abiatu.

Ganderailuak baselizan jarraitzen du oraindik, baina dagoeneko, ez da lehen bezain ederra. Espainolek bi bider erre zuten baseliza, ganderailua belztu egin zen eta beltz jarraitzen du. Mendibeko biztanleak saiatu izan dira hura herrira jaisten, baina inoiz ez dute lortu Harizkurutzetako lepotik pasatzea. Horregatik, ganderailua Salbatoren egongo da betiko.

Iturria: Euskal leiendak, Erein