<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Arabako Agurainen diotenez, Lezaoko haitzuloan, Entzia mendilerroan, emakume oso arraro bat bizi zen. Zeharo ederra zen eta bere urrezko ile luze hura lurreraino iristen zitzaion. Asko omen ziren dama eder hura erreka bazterrean orrazten ikusiak. Orrazia ere urrezkoa zen eta mendilerroan behera jaisten zen erreka hura erabiltzen zuen ispilutzat. Egunero, egunsentian, bere haitzulotik atera eta haitz baten gainean esertzen zen. Luzaroan jarduten zuen ilea orrazten, inork ezagutzen ez zuen hizkuntza batean abesten zuen bitartean.
Ez zuen
-Aizu, Perikot, -esan zion taldeko buruak- gure taldekide izan nahi al duzu?
-Benga, Perikot, gure taldekide izan nahi al duzu? Gustura ibiliko zara... gurekin festetara etorri ahal izango duzu eta gure sekretu guztiak jakingo dituzu.
-Beno... ni... egia esan...
-Ondo da. Ez al da hala, mutilak?
Denek baietza eman zuten burua mugituz.
-Baina, jakina! -jarraitu zuen lehengoak- gure taldea elkarte sekretua da eta ezin dugu edonor onartu. Lehenagotik proba batzuk gainditu behar dira, ulertzen al duzu?
Perikotek ez zekien ondo zertaz ari ziren, baina buruz baietza eman zuen.
-Ederki!, banekien nik elkar ulertuko genuela! Entzun ondo: Ba al dakizu Lezaoko haitzuloa non dagoen? Bai? Oso ondo! Bada... hara joan eta emakume eder bat agertu zain egon behar duzu. Nor den eta nondik datorren galdetu behar diozu eta gero, zerbait eskatu behar diozu guk han izan zarela jakin dezagun, ados? Beno, ba! Segi!
Mutilek beraien artean barre eta keinuak egiten zituzten bitartean, Perikot herritik atera eta Lezaorantz abiatu zen. Haitzulora hurbildu zenerako ahaztua zeukan zertara joana zen hara. Gaua berehala etorri zen eta mutil gizarajoa loak hartu zuen, errenditua baitzegoen.
Abesti batek esnatu zuen. Begiak zabaldu eta arbolen hostoei begira geratu zen. Une batez nahasmena sentitu zuen, ez zuen garbi jakin non zegoen ere, gero etorri zitzaizkion burura Aguraingo gazteak eta haitzuloarekin zerikusirik zuen zerbait. Jaiki eta orduan ikusi zuen dama, kantari, erreka bazterrean orrazten. Emakumeak irribarrez begiratu zion eta Perikot "leloak" berdin egin zion iribarre. Ondoren, damaren ondora joan zen esertzera.
Luzaroan, damak kantari orrazten jarraitu zuen eta bitartean, Perikotek harri azpian gorde nahi zuen karramarro bati begiratzen zion.
-Nola duzu izena? -galdetu zion, azkenean, Amilamiak.
-Perikot "leloa" -erantzun zion mutilak.
-Zergatik "leloa"? -galdetu zion berriro ere damak.
-Ez dakit ba... leloa naizelako izango da noski.
Eta Perikot berriro ere karramarroari begira jarri zen, harriz aldatu zela ikusirik. Dama jaiki eta haitzuloan sartu zen. Berehala itzuli zen bahe bat eskuetan zuela.
-Tori, Perikot, hau zuretzat da.
Perikot baheari begira geratu zen, hartu eta damari irribarre egin zion. Gero, etxera itzultzeko garaia izango zela eta, alde egin zuen. Agurainera iristerakoan, bere bila zihoan gizon talde batekin egin zuen topo, gurasoak erabat kezkaturik baitzeuzkan gauean lotara agertu ez zelako eta mutilek esan zieten nora joana zen.
-Perikot! Non izan zara?
-Perikot Non igaro duzu gaua?
-Zer da hor dakarzun hori?
Perikotek barre egin eta ez zuen ezer esaten. Orduan, bahea astintzen hasi zen, irina bahetzen bezala eta denek burutik egina zegoela pentsatu zuten, baina... o!, bahetik irina erortzen zen!
Ezinezkoa zen! Han ez zegoen irinik! Eta, hala ere, erori egiten zen! Gizon batek hartu zuen bahea, mugitu zuen baina, alferrik, gero beste batek, eta beste batek... Orduan, Perikot "'leloak" mugitu zuen eta berriro ere irina agertzen hasi zen, beren bizitzan ikusi zuten irinik zuriena!
Geroztik, denek, Perikot "azkarra" deitu zioten. Okindegi bat jarri zuen eta oso zoriontsu bizi izan zen. Zahartuta hil zen eta, bahearen bila hasi zirenean, ez zuten inon aurkitu. Ordurako bere jabearengana itzulia baitzen, Lezaoko Amilamiarengana.