<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Goņiko Teodosio
Teodosio Goņikoa Goņin jaio zela uzte da eta Aralarko San Migelen hil. VIII. mendean bizi izan zen historia benetakoa eta kondaira asmatuaren arteko pertsonaia nafarra; Nahaste baten ondorioz bere gurasoak hil zituela konturatu zenean Iruņeko apezpikuarengana jo zuen bere bekatua aitortzeko, honek Erromara bidali zuen, eta Joan VII.a aita santuak jarritako pena bete zuenean Teodosiok eta bere emazte Konstantzak santutegi bat eraiki omen zuten. 714an, Aralarko San Migel santutegia eraiki zuela dio tradizioak.
Elezaharrak dioenez, VIII. Mendearen hasieran, Nafarroa menderatu nahi zuten godoen aurka gerra egin ondoren (Agian, Rodrigo baskoien aurka Iruņa setiatzen zuen garaiko testuinguruan, 711n, eta Islamaren sarrera penintsulan) etxera zetorren Teodosio, Goņiko jauna. Bidean gizon bitxi bat azaldu eta zera esan omen zion: Zure emazte Butroeko Konstantzak maitale ezkutu batekin dago.
Zaldia trostan jarri zuen, baina, etxera iritsi zenerako gau iluna zen. Iritsi bezain laster igo zen logelara eta leihotik sartzen zen ilargiaren argi urriari esker bere ohean bi lagun zeudela ikusi ahal izan zuen. Ezpata atera eta lo zeuden bi gorputz haiek alderik alde zulatuz hil egin zituen, bere emazte Konstantza eta haren maitalea zirelakoan.
Logelatik irtendakoan, ordea, Konstantzarekin berarekin egin zuen topo, senarraren hotsak entzunda esnatu baitzen. Emazteak, ikustearen poza adierazi zion lehenengo, eta zera esan zion: zure gurasoak bisitaldi bat egitera etorri dira eta etxeko logelarik onenean daude, gurean hain zuzen.
Teodosio, bere gurasoak hiltzearen izugarrikeriak erdi erotuta, Erromara joan zen erromes, eta apaltasun osoz onartu zuen han ezarri zioten zigorra: kate lodi bat gerrian zuela izarpean lo egitea, harik eta katea gastatu eta berez erortzen zitzaion arte. Hori izango zen Jainkoak aita eta ama hil izana barkatu zionaren seinalea.
Herensugea eta San Migel
Teodosiok Aralarko mendietan biziz eta ibiliz hasi zuen penitentzia, baina, zazpi urte igaro eta gero hasieran bezain berri eta tinko jarraitzen zuen katea. Behin, ordea, leize zulo baten inguruan zebilela, esnatu berri zen herensuge batek irensteko zorian zenean, San Migeli oihuka hasi zen. San Migelek bere garrasiak entzun eta zerutik jaitsita herensugearekin borrokan jardun eta hil egin zuen. Pizti hila lurrera erortzearekin batera, Teodosioren gerriko katea ere eten eta lurrera erori zen.
Laguntza horren eskerronez, Teodosio Goņikoak eta bere emazteak San Migel in Excelsis santutegia Aralarren eraikitzeko agindua eman zuten. Gaur egun ere, santutegiko hormetako batean zulo bat dago eta, diotenez infernuko hotsak entzuten dira bertatik. Jende askoren ustez, burua zulo horretan sartuz gero, burukominak erabat desagertzen dira. Haurdun geratu nahi duten andreak ere hara joaten omen dira ernalduak izateko laguntza eske.
Kate batzuk ere badaude horma batetik zintzilik. Tradizioak dioenez, Teodosiorenak dira eta haiekin gorputzaren inguruan hiru itzuli emanez gero, buruko eta haginetako minak etorri bezala joaten omen dira.
Argia, 1926. zenbakia, Andoni Otamendi Mikel Zarautz /Euskal leiendak , erein