<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Giomar eta adarbakarra

Garai hartan Antso erregeak gobernatzen zuen Nafarroan eta honek erresumako mugetan mairuen kontra urte askotan borrokan jardun ondoren, azkenik bakea ekarri zuen bere lurraldera.

Antso, Aldonza andrearekin ezkonduta zegoen eta bi alaba zituen, Bioleta eta Giomar. Biak ziren ederrak, zintzoak eta apalak. Bioleta beltzarana zen eta, Giomar ilehoria. Hain onak izanik, ezagutzen zituzten denek maitasun eta errespetu handiz begiratzen zituzten eta berak ziren guraso zaharren pozbide ia bakarra.

Arratsalde batean, ordea, horra non heltzen den gaztelura urrutiko lurraldeetara zihoan zaldun bat. ikusi hutsarekin, zalduna eta Giomar, itsu-itsuan maitemindu ziren elkarrekin. Baina biharamunean zaldun gaztea bere bideari lotu zitzaion eta ez zen sekula gehiago itzuli, gerran hil zen eta. Giornar oso triste jartzen zen bere zaldunaz oroitzen zen bakoitzean, baina hala ere ez zuen ezer erakusten agirian, bere guraso zaharrak ez kezkatzeagatik, eta hala denek uste zuten oso zoriontsu bizi zela.

Joan ziren urteak eta Aldonza andrea hil egin zen. Gaztelu osoa jantzi zen lutuz dama prestu eta on hura hil zelako, baina batez ere Antso erregearen bihotzean sartu zen atsekabea, halako moduz sartu ere, non ematen baitzuen bihotz minez hiltzera zihoala. Alferrikakoak ziren bere alabek egiten zizkioten kontuak eta bere gizonen eginahalak, ez baitzuten horiek ezertarako balio. Gizon sendo eta bulartsu hura ahituz zihoan egunetik egunera eta heriotzak noiz eramango zain-zain zegoen bere emazte maitearekin berriro biltzeko.

Mediku eta petrikilo askok ikusi zuten, baina haietatik bakar batek ere ez zuen ezagutzen erregea sendatuko zuen erremediorik.

Egun batean ordea, erromes zaharkitu bat etorri zen gaztelura, gaisoa ikusten utz zezatela eskatuz. Arreta handiz begiratu ondoren, hala esan zuen:

-Antxo jauna sendatuko da. Aski izango du horretarako sendabelarrez nik prestatuko diodan edaria hartzea.

Hitz horiek esperantza ekarri zuten han zeuden guztien aurpegietara, erromesak hizketan jarraitu zuen:

-Orain, sendabelarrak bere eragina izan dezan, adarbakarraren adarraz egindako baso batean hartu beharko du edaria.

Denek lur jota begiratu zioten elkarri. Ez zen inguru hartan adarbakarraren adarrez egindako basorik! Printzesak etsita zeuden eta penatuta, oso penatuta. Erromesak ikusi zuenean bere hitzek han sortu zuten nahigabea, berriro hitz egin zuen:

-Ez dago dena galduta! Beteluko basoan bizi da Adarbakar bat, zaldi itxura du eta adar bat kopeta erdian.

Piztia basatia da, arriskutsua, eta hura harrapatzea oso gauza zaila da, arima garbia izanik amodiozko atsekaberik sekulan izan ez duenari bakarrik errendituko zaio...

Begirada guztiak Bioleta eta Giomar zeuden aldera zuzendu ziren, Ahizpa zaharrenak segituan eskaini zuen bere burua. Bera joango zen piztiaren bila. Eta hala, Bioleta Beteluko basora sartu zen. Etsi-etsian, hor doa ausardiaz beteta eta pauso tinkoz. Minutu gutxitara ordea, entzun du adarbakarraren irrintzia eta non irteten den korrika batean eta ez den gelditzen, harik eta negar saio galanta eginez, gaztelura iristen ez den arte, hainbesterainokoa izan baitzen piztiak sortu zion beldurra.

Bien bitartean Antso jauna okerrerago zihoan. Orduan, Giomarrek hartu zuen piztia beldurgarri haren bila joateko erabakia. Aukeratu zituen arkulari onenak eta basora abiatu zen. Artean ere, atsekabea ematen zion bere zaldunarekiko amodioak eta bazekien arrisku handian zegoela, horregatik hala agindu zien arkulariei:

-Erne ibili! Adarbakarrak erasotzen didala ikusten duzuen bezain pronto, jaurti geziak.

Hala, aurreratu zen Giomar eta animaliaren zain geratu zen. Hau luze baino lehen agertu zen. Neska han ikustean, hurbildu egin zitzaion eta honek eskua luzatu zionean laztantzeko asmotan, haserre oldartu zitzaion, adarraz gorputza alderik alde zeharkatuz. Arkulariek jaurti zituzten geziak, baina beranduegi zen, Giomar hila zen. Soldaduek gaztelura eraman zuten neskatoaren gorputza eta baita adarbakarraren adar hura ere. 

Antso jauna sendatu egin zen, baina ez zen luzez bizi, bere alabaren heriotzak bihotza erdibitu baitzion eta oraingoan ez zegoen inon gaitz hura sendatuko zuen erremediorik.