<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Gizonak orduan, mundu guztiari jakinarazi zion bere alabetako bat eskua emango ziola larru hura zein animaliarena zen asmatzen zuenari. Haren dotorean usainera gate asko agertu zen, baina haietako bakar batek ere ez zuen erantzun zuzenik eman.
Egun batean, urrez jantzitako gizon dotore bat azaldu zen. Etxe aurrean jarri eta zintzilik zegoen hari begira jarri ondoren, esan zuen:
-Zorri-larrua da hori!
Gizona pozez zoratzen zegoen halako gizon bizkor eta prestua suhitzat hartzearekin. Afaltzera gonbidatu eta hiru alabetatik nahi zuena hautatzeko esan zion. Etorri berriak afalostean erantzungo ziola erantzun zion.
Geroxeago, Maider lorategira joan zen mahaia apaintzeko lore bila. Ukuilu aurretik igarotzerakoan ahots bat entzun zuen berari deika. Harrituta hara begiratu zuen, baina ez zuen aitaren behor zuria besterik ikusi.
-Ez larritu -esan zion behorrak- jakinaren gainean jarri nahi zaitut eta; urrez jantzitako gizona deabrua
da eta zu hautatuko zaitu emaztetzat. Ez ahaztu orain esango dizudana! Aitak dirua eskaintzen dizunean, ez hartu zentimorik ere, behor zuria nahi duzula esaiozu!
Eta hala, afalostean, deabruak Maider eskatu zuen emaztetzat eta berehala alde egin behar zutela esan zuen. Behorrak esan bezala, aitak nahi hainbat diru eskaini zion Maiderri, baina honek, behor zuria nahi zuela esan zion.
Deabruaren zalgurdira igotzerakoan Maiderrek behor zuria aurrean jartzen utz ziezaiotela eskatu zuen.
Bide puska bat egin zutenean, behorra ostikoka hasi zen lurraren kontra eta hau bi zatitan irekitzen zen bitartean, honela esan zuen:
-Sar hadi hor zazpi urtetarako!
Eta une hartan bertan, bai zalgurdia eta bai deabrua, biak lurpean desagertu ziren.
Maider eta behorra lurrazalean geratu ziren. Orduan animaliak esan zion.
-Zazpi urtetan bakea izango duzu!
Eta biak bideari jarraitu zitzaizkion. Asko ibili ondoren, gaztelu bat begiztatu zuten.
-Zer deritzozu hemen gelditzen bagara? -galdetu zion behorrak-. Gaztelu horretan printze gazte bat bizi da eta berarekin ezkonduko zara.
Behor zuriak esan bezala, printzea Maiderrekin maitemindu zen eta handik egun batzuetara ezkondu egin ziren biak sekulako jaialdien artean.
Ezkontzaren ondoren, behorra era honetan mintzatu zitzaion Maiderri:
-Joan-ordua dut, baina aurrenik txirula hau eman nahi dizut opari. Arazorik duzunean jo ezazu eta berehala azalduko natzaizu.
Eta behorra desagertu egin zen.
Ezkonberriak oso zoriontsu bizi ziren eta bi haur izan zituzten. Baina, halako batean, senarrak gerrara joan behar izan zuen. Maider eta bi haurrak etxean geratu ziren aita noiz itzuliko zain.
Bien bitartean, zazpi urte joan ziren eta deabrua andrearengana azaldu zen esanez:
-Zatozte nirekin! Emazte baten ordez, hiru izango ditut orain!
Eta Maiderrek bi haurrak hartu eta ez zuen izan haren ondotik atera beste irtenbiderik. Asko ibili ondoren, baso ilun batean sartu ziren.
-Hementxe hilko zarete! -esan zien deabruak.
-Hil aurretik utz iezadazu haurrentzat txirula jotzen -eskatu zion Maiderrek.
Deabruak baiezkoa eman zion eta Maider txirula jotzen hasi zen. Hasi besterik ez zuen egin, behor zuria azaldu zenean.
-Hara! Hemen al haiz berriro? -esan zuen abereak deabrua ikusitakoan-. Hemendik aurrera ez diok bada, beste inori kalterik egingo!
Eta lurra kolpatuz, oihukatu zuen:
-Lurra! Ireki hadi eta irentsi ezak betiko deabru madarikatu hau.
Eta lurra ireki egin zen eta gaizkilea desagertu egin zen berehala.
-Orain zure etxera itzul zintezke, Maider -esan zion behor zuriak-. Hemendik aurrera ez duzu gehiago nire beharrik izango eta.
Animalia zoragarri hura desagertu egin zen eta Maider gaztelura itzuli zen bere bi haurrekin. Han egon zen senarra agertu zain eta, etorri zenean, gertatu zitzaion dena kontatu zion.