<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Orain aspaldi, udaberriko goiz argi batean, artzaintsa bat Baigura mendira joan zen Gorria izeneko bere zakurra eta artaldea hartuta. Gogokoen zuen lekura iritsi zenean, ardiak beren kasa bazkatzen utzi eta hurrengo orduak ahalik eta entretenigarrien igarotzeko prestatu zen; hau da, ehuntzen.
Horretan ari zela, urrunetik zetorkion hots lehor eta zehatz gabea entzun zuen. Hasieran ez zitzaion aparteko gauza iruditu, baina, pixkanaka-pixkanaka hotsa ozentzen eta hurbiltzen hasi zitzaion. Zuhaitz adarrak gogor mugitzen hasi ziren. Ardiak batetik bestera hasi ziren, beeka urduriak egiten. Gorria txakurrak artzaintsari begiratzen zion aginduren baten zain.
-Ea, Gorria, segi! Bildu artaldea!
Gorriak laster bildu zituen ardi guztiak artzaintsaren inguruan. Neska bidezidor estu batean behera abiatu zen herrirantz, ardiak atzean zituela eta zakurra batetik bestera ardiak bide zuzenera bildu nahian. Halako batean, ekaitza lehertu zen. Trumoi eta oinaztargi artean, euria barra-barra ari zuen, dena suntsitzeko trazan.
Bat-batean izugarrizko trumoi hotsa entzun zen. Artzaintsa, artaldea eta zakurra ikaraz lurrean josita bezala geratu ziren. Neskak bere inguruan begiratu zuen laguntza bila, ez zen inor inguruan, baina orduan entzun zuen ahots bat oihuka:
-Bazter zaitez!
Bere aurrean espektro zuri bat zegoen, tente. Ez, ez zen gizonarena, ezta batzutan bizi-itxura hartzen duten behe lainoz egindako forma arraro horietakoa ere. Zera zen...
-Bazter zaitez!
Forma txuri hura are hurbilagoa zeukan dagoeneko. Artzaintsak ez zuen ezer ikusten, ez zuen ezer entzuten, ez ekaitz, ez ardi... ezta Gorriaren zaunkarik ere. Zakurrak sumatzen zuen bere nagusiari zerbait arraroa gertatzen zitzaiola. Artzaintsak garbi nabaritu zuen zuri-zuria zen zerbait goitik behera estaltzen ari zitzaiola eta hartan, hirugarren aldiz entzun zuen ahots hura, oraingoan belarritik oso gertu, haserre eta mehatxuka bezala esaten ziola:
-Baztertzeko! Baztertu behingoz!
Zer egiten zuen ere ez zekiela, artzaintsak salto egin zuen bidezidorretik kanpora eta une hartan bertan, izugarrizko hotsa eginez, tximistak jo zuen neska lehentxeago egondako lekuan zulo handi bat eginez.