<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

 

Alos dorrea

Alosdorrea Debako etxalde nagusi baten izena zen. Bertako jabea Beltran Perez Aloskoa, bi aldiz ezkondu zen. Lehenengo emaztearekin alaba bat izan zuen, Uxue izenekoa. 

Alargundu zenean, Alos jauna berriro ezkondu zen. Honek biziki maite Uxue, baina emazte berriak berriz,  senarraren aurrean horrelakorik adierazten ez bazuen ere, ez zuen batere maite. 

Halako batean, Beltran Alonso jaunak gerrara joan behar izan zuen, mairuen aurka, eta zazpi urte luzez ez zen etxeratu. Gerran zela, emaztearen eskutitz bat jaso zuen. Bertan, Uxuek, alaba maite hark, sasikume bat izan zuela esaten zion, aitarik gabeko haurra, Alostorrera desondra ekarriz. Beltran jauna, bihotza erdibitua zuela, etxera itzuli zen.

 Dorrea begien bistan zuela, zuzenean etxeratu ordez, ostatu batean geratzea pentsatu zuen. Afaltzen ari zela, bi gizon sartu ziren ozenki hitz egiten.

-Dorreko jauna gerratik etxera omen dator...

-Bai, eta ezusteko ederra eraman behar du horrek... berak bi utzi zituen etxean hiru aurkituko baititu orain...

Beltranek ez zuen besterik entzun nahi, baina, oheratzeko asmoan ostatutik ateratzera zihoanean, bi gizonek ziotena entzun zuen:

-Mutikoa Uxueren semea omen da...

-Hala diote, bai, baina nik etxekoandrearen antza handiagoa hartzen diot.

Hau entzun zuenean erabat kezkatu zen. Beltranek egia jakin behar zuela erabaki zuen. Honela bada, bere ezpata eta guzti hilkutxa baten barruan sartzea eta gisa horretan etxera eramateko agindu zien bere gizonei.

Berehala zabaldu zen berria. Etxea laster zen ahaide eta lagunez betea, denak negar batean hain gizon noblea galdu zutelako. Garai hartan ohitura zenez gau beila egiten zuten bitartean denak hil kutxaren ondora joaten ziren banan banan, hildakoari azken agurra ematera.

Uxueren txanda etorri zenean, hilkutxara hurbildu eta aitari musu bat eman zion kopetan. Gero, bertso batzuk kantatu zituen Alosen jaiotako haurraren jatorria adierazten zutenak, aitaren emaztea eta honen lehengusu "Bela Beltza"rena zela kontatzen zutenak, alegia.

"Bela Beltza" deitzen zuten hura ere bertan zen, eta bertsoak entzun zituenean Uxue hiltzeko asmoz hurbildu zen honengana, Beltran, Alosko jauna, bere hilkutxatik jaiki, ezpata hartu eta "Bela Beltza"ri sartu zion aldez alde.


    BELTRAN ALOSKO JAUNARI JARRITAKO BERTSOAK (XV. MENDEA)

        ALOS DORREA

        «Alostorrea bai, Alostorrea,

        Alostorreko zurubi luzea,

        Alostorrean nengoenean

        goruetan, bela beltzak

        Kua! kua, kua, kua leihoetan.

 

        »Etxe eder leiho gabe honetan

        ez naiz sartu zazpi urte hauetan;

        eta zortzigarrenean,

        niretzat zorigaitzean,

        Aita Beltran-en iltzean.

 

        Amandrea nirea nigaz

        bi erdi egin zenean,

        mila oilo hil ziran

        ezkaratzean,

        zazpi zezen korritu ere

        enparantzean.

 

        Ni ere ba nengoen

        lumatxo artean,

        eta nire ama andrea

        urre-gortina artean.

 

        Gero Bidania guzian

        bat zen erorik eta zororik,

        Aita Jauna nireak hura

        senartzat eman dit;

        baina ez nuke trukatuko

        hobeagoagatik.

 

        Aita jauna nireak

        niri eman zidan

        iminian dotea;

        amandreak ere isilik

        bere partea.

 

        Lehen gauean

        begiak, bihotzak, loen mendean,

        baita berriz ere bigarrenean;

        hirugarrena igaro baino lehen

        ondo poztu zinen, Alostorrea,

        heldu zelako niregan semea.

 

        Alostorrea, bai Alostorrea,

        Alostorreko zurubi luzea!

        Alostorrean nengoenean

        goruetan,

        bela beltza kua kua

        leihoetan. 

 

        Handik jaiki eta

        urre-goruaz jo nuen;

        baina handik laster

        berri gaiztoak jo ninduan.

 

        —Zaldunak esan zion: "isil, isil,

        ama-doilorkumea,

        ez da bada ori zure esaterea".

 

        —Ixil, ixil, zaldun

        odol txarreko gaztea!

        Ala ere gutxiago zen

        zure eginpidea. 


        ahizpa ederrak hor daude

        ederrik eta galantik,

        ahatz ederrak eraztunez beterik,

        ez daukatela mantuetan zulorik;

 

        ala ere gutxiago begian negarrik.

        Amandreari ere bai,

        poza dario.

        Nire bihotzari bakarrik

        mindura jario!


        Aita jauna nirea

        Gaztelan zenean,

        isil askorik jaio zen

        Alostorrean semea,

        eta halare isilagorik

        dago bakean,

        hazitzen Zarautz-aldean,

        gure jatorriaren loitukerian. 

 

        Ai hau mindura beltza!

        Hau nire lotsa!

        Alabak negarra eta

        Aitak lur hotza! 

        Zeinek loitu zaitu,

        Alostorrea!

        Ai, nire aita maite,

        aita maitea!

        Iltzea ondo egin duzu,

        aita jaun maitea.