<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

IRA (Irish Republican Army)

 Euskaraz, Irlandar Armada Errepublikarra. Irlanda osoaren independentziaren eta batasun administratiboaren alde borrokatzen den erakunde armatua. Irlandako Errepublika aldarrikatu zenean (1919), Sinn Féin alderdiaren indar armatua ziren Boluntario irlandarrak ordezkatu zituen. Gerrilla-gerra egin zuen britainiar polizi indarren aurka eta Londresko ituna sinatu ondoren (1921), bitan zatitu zen IRA: bata Irlandako estatu berriaren armadan sartu zen. Besteak Irlanda errepublikarraren batasun eta independentzia osoaren aldeko borrokari eustea erabaki zuen. Estatuko armada berriak IRAkoak menperatzea lortu zuen, baina ez zuen desegin; 1939an legez kanpo jarri zuen gobernuak.

Irlandako estatuak independentzia osoa lortu zuenean (1948), eta Errepublika bihurtu, kanpora geraturiko Ipar Irlandan ekintza armatuak egiten jarraitu zuen, uharte osoaren batasun politikoaren alde, eta gogortu egin zituen ekintzok 1967tik aurrera. Bitan banatu zen 1969an: batetik IRA ofiziala, marxista eta independentziaren aldeko borroka politikoari garrantzia ematen ziona. Bestetik IRA behin-behinekoa, ideologia abertzale hutsez borroka armatuaren aldekoa. Azken honek gidatu du independentista errepublikar eta katolikoen borroka, ekintza armatuekin. Britainiar gobernuak bortizki erantzun izan du.

Mazeko kartzelan zeuden IRAko militanteek gose-grebari ekin zioten 1981ean, preso politikoak zirela onar ziezaieten, baina ez zuten lortu zenbait preso goseak hil arren. Londresko gobernuaren eta IRAren arteko negoziazioen ondorioz (1994) -Sinn Féin eta Irlandako gobernua ere tartean zirela-, mugarik gabeko tregua aldarrikatu zuen IRAk. Ondoren, talde armatu protestanteek ere armak isildu zituzten. Ez zen urrats nabarmenik egin 1995ean eta IRAk bukatutzat jo zuen tregua 1996ko otsailean.

Iturria: Harluxet