<<< Orri Nagusira |
testuinguruak/novenpopulania |
Novempopulania (Akitania eskualde historikoa)
Erromatarrak Euskal Herrira K.a. 178an iritsi eta euskaldunen lurraldean haien egitura politikoa zabaldu zuten. Penintsula iberiarretik Ebro ibaian gora Zaragoza (Caesarausta Magna) eta Jakan barrena sartu ziren. Iparraldetik, berriz, K.a. 56an Saint Bertrand de Comminges-en (Lugdunum convenarum) barrena. Euskal tribuak hedatuak zeuden lurra eraso zuten; Erromatarraren Inperioko probintzia banaketan, baskoien lurra Tarraconensis probintzi barruan sartu zuten eta akitaniarren lurraldeari Novenpopulania (Bederatzi herri) deitu zioten. Pirinio iparraldea, Garona hegoaldea eta gaskoniako golkoaren arteko lurralde hirukia Zesarrek konkistatu (K.a. 56) eta Augustok Loira-raino zabaldu egin zuen.
Pirineo eta Garona artean Bordel izendatu zuten hiriburu K.a. 56an. Geroago, K.o. II. mendean, bederatzi herri euskaldun bilduko dira Novempopulanian: Boiatium (Buch), Aquensium (Dax), Tarusates (Aire), Elusatium (Eauze), Ausciorum (Auch), Bigorra (Tarbes), Convenarum (Saint Bertrand de Comminges), Consoranorum (Saint Lizier) eta Iloronensium (Oloron). Beste autore batzuk hiru gehitzen dituzte 12 direla esateko: Vasatica (Bazas), Lactoratium (Lectoure) eta Benearnensium (Lescar).
Pirineo eta Loira artean hiru probintzietan banatu zuten III. mendean: Novempopulania, Akitania Lehena eta Akitania Bigarrena. Rhin ibaia igaro ostean sueboak, alanoak eta bandaloak Galia, Akitania eta Baskonia-Novempopulania zeharkatuta Hispanian sartu ziren. Honorio erromatarrak bisigodoeen esku utzi zuen Akitania Bigarrena (418) eta Waliak erresuma hori antolatu zuen Tolosan. Frankoek Bordele eraso zuten 498an eta Suatrio kondea preso hartu. Klovis I.a errege frankoak Alariko II.a bisigodoa garaitu eta hil egin zuen Vouillé-ko guduan (507), Klovisek "Regnum Francorum" izena asmatu eta Akitania bigarrena atxiki zuen. Godoak Hispaniako Toledora erretiratu ziren. Akitania-baskonia, ordea, erromatar probintzia zen eta aldi berean erasotzen zuten Leovigildok hegoaldetik, Araba hartu eta Victoriacum fundatu zuenak (581), eta Txilpericok iparraldetik. Baskoien aurkako borroka Errioxako Kantabria, Orba (Ejea) eta Okzitaniarren Tolosa arteko lurretan jokatu zen (590). Austrasiako Teodoberto I.a eta Burgundiako Teodorico erregeek hartu zuten Akitania 601ean. Novempopulanian bizi ziren baskoiak menpean jarri zituzten. Urte berean Novenpopulania beste Akitaniakoengandik bereiztu eta Baskonia-Akitaniako dukerria sortu zuten, Genial galo-erromatarra izan zen lehen dukea (602 - 626).
781ean erreinu bihurtu zuen Karlomagnok, eta IX. mendearen bukaeran dukerri egin zuten berriro. Poitouko dinastiaren mendean egon ondoren burujabetasuna galdu eta Frantziako koroaren mende gelditu zen, Akitaniako Leonor Frantziako Luis VII.arekin ezkondu zenean. 1154an Enrike II.a Plantagenetekin (geroago Ingalaterrako Enrike III.a) ezkondu zen Leonor, bigarrenez, eta hala, Ingalaterrako koroaren mende gelditu zen Akitaniako lurraldea. Harrezkero gorabehera asko izan ziren Ingalaterrako eta Frantziako koroen artean; Karlos VII.ak konkistatu zuen Frantziarentzat 1453an.
Iturria: Historia de Iparralde/ Harluxet/ Auñamendi/ Lur