Nietzsche, Friedrich
Friedrich Nietzsche Rocken-en jaio zen, Lützen ondoan, 1844an eta Weimar-ren hil 1900an. Bonnen eta Leipzigen filologia klasikoa ikasi ondoren, Basilean irakasle izan zen (1869-79). Osasun-arazoengatik irakaskuntza utzi eta idazteari ekin zion osorik. 1889tik aurrera, dementzi arazoekin, amaren eta arrebaren babesean bizi izan zen.
Hiru aldi bereizi ohi dira bere bilakaera intelektualean. Lehen aldian, kultura grekoan murgildurik eta Wagner eta Shopenhauer-en eraginpean, Tragediaren sorrera musikaren espiritutik (1872) idatzi zuen: tragedia grekoaren elementu dionisiakoa nabarmendu zuen. Bigarren aldian, eta lehen aldiko erromantizismoa gainditurik, Voltaireren ilustrazio-joerak hartu zuen, eta arrazoiaren eta zientziaren goraipamena agertu zuen bere obretan (Gizatiarra, gizatiarregia, 1878; Gay zientzia, 1883-87). Hirugarren aldian, giza bizitzaren balioen sorrera eta funtzioa sakondu zituen eta, mendebaldar zibilizazioaren moral tradizionala aztertuz eta bere garaiko etika burgesa astinduz, bi moral-mota bereizi zituen: jaunena eta esklaboena. Lehena duintasunaren morala da, gizakia goraipatzen duena. Bigarrena, ideal aszetikoaren morala da, haraindikoaren irudian bere aterpea bilatzen duena.
Nietzschek juduei, kristauei eta demokraziei egozten die esklaboen morala nagusitu izanaren errua. Positibismo modernoak, ordea, baliorik gabe utzi du moral tradizional hori, horren oinarri metafisiko eta teologikoak kentzean: "Jainkoa hila denez", ezerezera bihurtu dira moral horrek idealtzat jarri dituenak ("nihilismoa"). Ideal aszetiko tradizionalaren balioen nihilismoaren aurrez aurre, beste ideal etikoa proposatu zuen, supergizakiarena, botere-nahiak (gizakiaren bere baitako perfekzioaren grinak) dinamizatua eta etengabeko itzulera bereganatzen duena. Irakatsi horien lekuko dira Honela mintzatu zen Zaratustra (1883-85) eta Ongiaz eta gaizkiaz haraindi (1886) obrak. Mendebaldeko XX. m.ko pentsamenduan eragin handia izan du Nietzschek.