<<<Nagusira

 

 

puntubi.com

 

puntubi.com

 

>Donostiarren bortxaketa eta genozidioa 1813ko abuztuaren 31n

 Artikuluaren egilea: Luis Manuel Etxeberria

Nire aitona zena 1890.ean jaio zen Donostian, berarekin bizi ginen hil zen arte 85 urterekin gu nerabeak ginela, bere ama (nire berramona) D. Bizenten bataiatu zuten 1855.ean eta bere gurasoek jasango zuten 1813ko erasoa, gaur egun erraza da informazio hau eskuratzea saretik eta belaunaldi gutxitan kokatzen dugu familia Donostiako alde zaharrean. Familiatik ez dugu jaso hondamendiaren oroimenik baina beti gelditzen dira gogoan aitona zaharraren isiluneak eta sekretuak.

Zer gertatu zen Donostian 1813-8-31n eta osteko egunetan? Ametzagainean adibidez azaldu dira 30.000 urteko donostiarren aztarnak, D. Teresa komentuan alde zaharrean duela bi mila urteko Izurun zaharreko arrastoak, 1181ean Antso jakintsuak errege nabarrak emandako hiri foruak, 200 urte ez da ezer hain historia luzea duen hiri batentzat, egunkariak zeuden adibidez. Ez da historialaria izan behar jakiteko gertatu zena, badaude 1813ko urrian bertan 79 lekukoen aitorpenak epaileen aurrean egindakoak eta Donostiako udalbatzak 1814ko urtarrilean sinatutako bi manifestu besteen artean eta nahikoa da hauek irakurtzea zuzen jakiteko gertatu zena, beren begiekin ikusi zutenek kontatzen baitute.

Donostiakoa ez zen sute bat bakarrik izan, planifikatuta amorruz egindako mendekua baizik, etxe guztiak (600) lapurtuak, 500 banan banan propio kiskalita, neska, emazte, emakume eta amona guztiak egunetan bortxatuak (bi mila), 1.000 bat donostiar erailak (Auñamendi), Donostiako familia guztiak lurjota 1.600 bat, bakoitza bost bat lagunez osatua, zortzi mila biztanle, garaiko populuaren % 15ª eraila, bortxaketa orokorra eta genozidioa alegia. Hankerkeriz, amorruz, gorrotoz, saminez egindako donostiarren genozidioa zalantzarik gabe, egunetan egon baitziren emazteak bortxatzen (76 urteko amona bat 12 soldaduk bortxatu zuten), etxeei propio su ematen gutxienez bederatzi egunetan, bonbak erabiltzen zituztelarik, lapurretan hilabete eta erdi gutxienez itsasontziak, mandoak eta gurdiak erabiliz, lekukoen eta garaiko udalbatzaren testigantzen arabera (Manifestuak).

Konparatzeko ezaguna zaigun faxista espainiarren Gernikako bonbardaketa 1937an eta bere 800 bat hildako, Hernaniko hilerrian paratu dituzten berrehun luze fusilatuen izenak, Sartagudan omendu dituzten 3.400 bat epaiketarik gabe nabar fusilatuak, baina Donostiako genozidioak gehiago gogoratzen dit filmetan ikusitako Akilesen Troia, Kantauriko Troia modernoa alegia.

Nork egin zuen? Ohikoa izan da urteurrenak ospatzea 100.a, 150.a eta 175.ean duela hogei urte Donostiako udalak D. Jeronimo kaleko hasieran paratu zuen oroitarrian ematen digu erantzuna " Abuztuaren 31-1813. Frantses gudarostearen mende zegoen hiri honetan bat bateko erasoan sarturik aliatuek harrapatu eta sutan jartzen dute herritar txit asko lepo eginez". Beraz "aliatuek" egin zuten genozidioa eta nor ziren aliatuak? Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan daukagu erantzuna, 1808ko maitzaren bian hasitako fusilaketekin Espainiako "independentzi" gudan, 1813an Donostiara heldu aurretik espainolek frantsesei irabazitako batailaren monumentuan. Beraz "aliatuak" espainolak dira, baina ez daude bakarrik laguntzen dituzte britainiarrak eta portugesak. 79 lekuko batzuk eta Donostiako udalbatzek sinatutako manifestuetan aipatzen dira ere aliatuak, espainolak, ingelesak eta portugesak alegia.

Miguel Artolak idatzi zuen "Historia de la reconstrucción de San Sebastian" liburuan argitaratuta dago manifestuaren zirriborroa, datatua 1814-1-7an eta pasarte hau azaltzen da hitzez hitz: "Baina izugarria izan zen Donostiako biztanleen tristura zeren 1813-7-25ean egindako erasoan, aliatuak garaituak izan baitziren eta ikusi zituzten hirian sartzen preso ingelesak eta portugesak. (Eraso hau, esaten da, goiztiarra izan zela, baina oso kontuan hartua eransteko Donostiako biztanleei frantsesen alde zeudela, honekin eta asmatutako beste aitzakiekin, justifikatzeko aspalditik aurrikusita zeuden gehiegikeriak, ingelesek eta portugesek zioten bezala, Donostia erauzia eta erailak biztanle guztiak, honela aginduta zuela Castaños jeneralak". Bukaeran idatzitako dago sinaduren (Donostiako zinegotziak) orria moztuta dagoela. Lekuko batzuk ere aipatzen dute entzun zutela Castaños jeneral espainolaren agindua zegoela "labanaz garbitzeko" donostiar guztiak.

Bestalde Fermin Lasalaren liburu interesgarrian "La separación de Gipuzkoa y la paz de Basilea", Gipuzkoako Ahaldun nagusiak 1895ean aipatzen ditu, Espainiako gobernuaren dekretoak "eraisteko Donostia, Figeres eta Roses...". Ikusten da hiriak eraisteko eta biztanle guztiak labanaz garbitzeko adindua ez zela jeneral baten erokeria izan, baizik eta gobernu oso baten erabakia baizik, eta Donostia ez zela salbuespena izan. 124 urte beranduago Gernika, Durango, Otxandio... izan ez ziren bezala. Aipatzen da ere

Konbentzioko gudan 1794-8-4ean Gipuzkoako Batzar nagusiak Getarian bilduta erabaki zuela frantses errepublikari atxikitzea eta 1795-5-10ean Donostiako udalbatzak herritarrekin bildura plaza berrian (gaur egun Konstituzioko plaza) berretsi zuela Getarian Foru Ahaldundiak ebatzitakoa. Antzeko esaldi ospetsuak "Bilbo konkistatua izan dela armen indarrez...", "Bartzelona bonbardatu behar dela 50 urtero..." ematen du ohituta gaudela.

Azken galdera da zergatik tamainako mendeku beldurgarria? Orain arte idatzitakoa datuen bilduma besterik ez da, baina galdera hau erantzuteko iritzi desberdinak daude noski eta baliatuz Egunkaria itxi zigutela duela bost urte, lotsagabeki plagiatuko dut Antonio Mendizabalek 2001-8-31n argitaratu zuen artikulua, bertan baitago nire ustez Donostiako genozidioaren esplikazio bakarra:

"Frantziako Iraultza ez zen 1789an izandako jazarraldian bakarrik geratu, baizik eta, Errege-erreginak hil ondoren, mesianismo halako batez, iraultza mundu osora zabaltzea erabaki zuten. 1974ko abuztuaren 1ean, armada Bidasoa inguruko mugara iritsi zen, Irunera. Han, Espainiako armada zuen zain, Pirinioetako alde guztietan. Zer zetorkien ikusita, armadak eta haren buruak (Colomera jenerala) ihes egin zuten.

Donostiara iritsi zen gertaera haren berri, eta Foru Ahaldundiak Getariara aldatzea erabaki zuen. Abuztuaren 3an, Donostiako atariraino heldu zen Moncey jenerala, Frantziako tropa salbatzaileekin, eta liskarrik gabeko bakea eskaini zuen. Moncey ez zetorren euskaldunen aurka egiteko herri jasankorra eta borrokalaria osatzen zuten, eta Madrilgo gobernuaren eraso etengabeak pairatzen ari ziren, Madrilen aurka egiteko baizik.

Foru Ahaldundiak eta Udalak, sena erabiliz eta gizakia izaki libre eta hiritartzat duen Autodeterminazio Eskubidea betez, erabaki zuten ez aurre egitea; are gehiago: erabaki zuten Iraultzarekin bat egitea, eta, ondorioz, Gipuzkoa Frantzia izatera igaro zen; hobeto esanda, indar handiagoz batu zitzaien Lapurdiri, Zuberoari eta Nafarroa Behereari. Azken batean, Gipuzkoa, bere ordezkarien erabakiz, Frantziaren mende geratu zen.

Pentsatzekoa da nolako eskandalua sortuko zuen horrek Espainian eta Madrilen; alde batetik, gerrarik gabe etsi zutelako, eta, bestetik, Gipuzkoa Frantziako Estatuaren eskuetan geratu zelako. Baina, hori gutxi balitz bezala, Gipuzkoa estatu burujabe bihurtzeko asmoa zuten, edo Bizkaiari eta Nafarroari baturikoa, eta, gainera, gogoan zuten antzinako erresuma berpiztea Zazpiak bat leloarekin.

Guztia Bergarako Mintegiari egotzi zioten, Munibek, Narrosek eta Altunak sortu zuten fundazioari; mintegi horrek harreman estuak izan zituen Frantziako entziklopedismoarekin, besteak beste Voltaire, Diderot eta, bereziki, Rosseaurekin "Azkoitira etorri nahi baitzuen". Garai haietan Gobernu Iraultzaileko Ministro zen Domingo Garate; hark parte hartu zuen Versaillesko pilotalekuan Giza Eskubideen inguruko agiria idatzi zenean. Hori guztia barkaezina zen, goi mailako traizioa eta aberriari eginiko erasoa.

Handik urtebetera, 1975eko abuztuan, M. Bartelemyk eta Domingo Iriartek, Parisko eta Madrilgo ordezkariek hurrenez hurren, Suitzako Basilean Bakea izenpetu zuten; hala, Gipuzkoa Espainiari itzultzea hitzartu zuten, Espainiak Frantziari Santo Domingo uhartea ematekotan. Gero, aipaturiko pertsona horiek guztiak auzipetu egin zituzten.

1808ko maiatzaren 2an Espainiako eta Madrilgo jazarraldiak gertatu ziren, Frantziaren aurka. Wellington eta portugaldarrak espainiarrei batu zitzaizkien, eta Wellingtoni buruzagitza eman; horrek Castaños jeloskor jarri zuen. Independentzia Gerra Euskal Herrira zetorrela eta, Cadiz beldur zen, Santo Domingo ordurako betiko galdua baitzen.

Cadiztik zalditeria atera zen Castaños jenerala atxilotu eta ordezkatzeko aginduarekin; jenerala Tolosan atxilotu zuten. Atzera bueltarik ez zegoela konturatu zen bera ordezkatzeko Freire jenerala joan zenean. Horiek horrela, Iruñea hartzen ari zen Wellingtonekin elkarrizketatzeko aukera eskatu zuen. Elkartu zirenean, hitz egin zuten, baina, Gomez Artetxeren hitzetan, zer hitzartu zuten ezin jakin. Gertaerek esango zuten.

Espainiako tropak, Wellington buru zutela, Lesakarantz abiatu ziren. Euskal tropak Ugartemendiaren agindupean zeuden; hark Donostiara odolik isuri gabe sartuko zela esan zuen, baina euskal tropak baztertu egin zituzten. Bestalde, portugaldarrak eta ingelesak Graham jeneralaren aginduetara zeuden, eta hark Aieten jarri zuen koartel nagusia. 1813ko uztailaren 22an, beren indarrek hiri gatazkatsuari eraso zioten. Baina indar okupatzaileak gailendu zitzaizkien.

Astigarragan ingelesen eta portugaldarren pikete bat atxilotu eta espetxeratu egin zuten, esan zuten Castaños jeneral espainolaren agindua zutela "labanaz garbitzeko donostiar guztiak". Donostiako ateak itxi egin behar izan zituzten, ez hustearren. Baina Pasai Donibanen babesean ezkutaturik zeudenek Wellingtoni Lesakara bidali zioten gutunean labanaz hilko zituztelakoan ea egia zen galdetu zioten. Horri Alaba ordezko jeneralak erantzun zion: "Nola egin diezaiekezu kasu inolako kargurik gabeko jendeari".

Wellingtonek berak etorri behar izan zuen, abuztuaren 31n Donostia hartu zuen hark; gero, "kargurik gabekoek" Castañosen agindua bete egin behar izan zuten. Bizirik irten ziren horiek 1814ko urtarrilean egindako aktarekin La Reconstrucción de San Sebastián liburua argitaratu zen; liburu horretan egin ziren basakeria guztiak kontatzen dira: hilotzak bortxatu, putzu ilunetan ezkutatuz salbatu eta atari guztiak propio erre (500). Horrez gain, Alabari eta Wellingtoni idatziriko gutunak agertzen dira, nahiz eta bukaeran sinadurak kendurik dauden.

Beste liburu bat ere bada, Quién incendió San Sebastián; liburu horretan sinadurak agertzen dira, baina Castañosi buruzko aipamenak kenduta daude. Haren atxiloketa Gomez Artetxe jeneral eta historialariak kontatzen du. Donostia berreraikitzea eta baita hiletak egitea ere debekatu egin zuten, ikaragarrizkoak izaten hasi baitziren. Herriak, Frantziako entziklopedismoaren parodia egitearren, Danborrada sortu zuen. Antonio Mendizabal".

Bost urte falta dira 200. urteurrenerako eta bukatzeko eskaera bat egin nahi diot Donostiako udalari, duela 20 urteko "aliatuen" eufemismotik haratago, mesedez ofizialki argitara ditzala 1813ko abuztuaren 31ko donostiarren bortxaketa eta genozidioaren arduradunen izenak, militar batzuen izenak aipatuak daude, Castaños eta Freire jeneral espainolak, Wellington eta Graham jeneral ingelesak... baina badaude ikertzeko beste izen batzuk ere adibidez Donostia, Figeres eta Roses eraisteko dekretua sinatu zutenen politikoen izenak.

 

Nabarralden argitaratua

 

5.- Bidali informazioa

 

Zeri buruz:

Zure e-posta:

Idatzi hemen nahi duzun informazioa:

Zure izena (goitizena)