Ausa-Gaztelu, 2007ko maiatzaren 20a. |
||
Maiatzak 20an, igandea, goizeko hamarretan abiatu zen mendi martxa Ausa-Gaztelura. Helburua, Nafarroa osoaren batasuna errebeindikatzea zen eta horretara igo ziren 47 lagun. Ekaitza, haize bortitza eta euri jasak ez ziren oztopo izan eta Nafar gazteluaren aztarnen inguruan egin zen ekitaldia. Nafarroako Gorteen ereserkia eta bertsolari gazte baten bertsoak lagun zutitu zen bandera eta komunikatua irakurri ondoren jaitsi zen jendea berriro Larraitzera. Sagardotegi batean egin zen lagun arteko bazkaria, trikiti eta txistuak alaitu eta girotuta. Hona hemen bertan irakurritako komunikatua: |
||
EUSKAL HERRIA NAZIOA NAFARROA ESTATUA ADIERAZPENA
Egun on jaun eta andre guztioi. Egun on nafartar denoi. Jakin nahi duenak badaki gure arbaso izan ziren haiek sortu zutela Nafarroako Estatu Independentea, Europan ezagutua eta errespetatua izango zena; sortu eta garatu, orain ezagutzen dugun Euskal Herria baino lurralde askoz ere zabalagoan gainera. Zoritxarrez, auzo herrien inperio goseak eta erlijio ikuspegi bakar bat ezartzeko setakeriak kalte konpongaitza eragin zion nafar guztion Estatuari:
Bortxaz eta armaz inbaditu gintuzten. Batetik gaztelarrek: 1076an, Nafarroako Erresumaren gunea zen Errioxa; 1199tik aurrera, Nafarroa mendebaldeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa; 1512an, Nafarroa Garaia mendean hartu eta sarraskitu egin zuten; eta bestetik, 1630ean, Nafarroa Beherea eta Iparraldeko beste lur askeak frantziar egitura barruan desegin zizkiguten.
Menderatze horren kontra geure barru-barrutik adierazi ohi dugu nafarrok ezadostasuna, eta hainbatetan, oldartu ere oldartu izan gara. Gaur egungo Europan, hainbat herriri elkartzeko eta estatua berrezartzeko zein berriak sortzeko eskubidea ezagutu zaien honetan, gauza bera aldarrikatzen dugu geuretzat: Nafar Estatua berreskuratzeko zilegitasuna, alegia.
Horregatik, gu gipuzkoarrok zera aldarrikatzen dugu: inoiz Nafarroa izan den lurraldeko biztanle guztiok nazio bakar batean berriro elkartzeko eskubidea alegia, herritarrok hala erabakitakoan eta egungo lurralde banaketaz gaindi.
Herritar libreen Estatu librea aldarrikatzen dugu. Giza- eta herri-eskubideen legedia bermatu eta agintarien gehiegikerietatik herritar xehea babestuko duena.
Halaber, Nafar hizkuntza, "Lingua navarrorun" izenez ere ezagutua den euskara, Nafar Estatu osorako hizkuntza ofizialtzat hartu, eta beste inorena baztertu gabe, nafar herritar guztiok erabil dezaten bermatuko duena.
Hizkuntzarekin batera, geure geureak diren herri ohitura eta kultur ezaugarriak garatzeaz gainera, errespetuzko harremanak bultzatu eta kultur unibertsalaren mestizaian ekarpen propioa egingo duena.
Horiez guztiez gain, zera esan nahi dugu: gure herria mendean hartzeko eta beronen egitura juridiko politikoak deusezteko erabili ohi den biolentzia, eta oro har, inork bere interes ekonomiko, geo-estrategiko, kultur edo erlijio ikuspegia inposatzeko erabilitakoa, guztiz gaitzesten dugula; inbasio, linguizidio, naziozidio eta antzinako inkisizio zein berri guztiak barne.
Hemen gara; harrokeriarik gabe, baina harro; apal, baina etenik gabe; umil, baina tinko; zalapartarik gabe, baina argi eta ozenki. Hemen gara, Europaren lau haizetara zer garen zabaltzeko. Hemen gara, nafarrak gara.
Gora Euskal Herria askatua! Gora Nafar Estatua!
Ausa-Gaztelun, 2007ko maiatzaren 20an.
|